ane elordi korrikako koordinatzailea
Itzuli

Elkarrizketa: Korrika

KORRIKA Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Aurten 23. edizioa, “Harro Herri” lelopean, martxoaren 14tik 24ra Irundik Baionarat izango da.

Ane Elordi, KORRIKAren arduraduna elkarrizketatuko dugu.



Zer da KORRIKA eta zein da helburu nagusia?

Esan dezakegu KORRIKA badela gaur egun Euskal Herrian egiten den euskararen aldeko ekimenik erraldoiena. Bereziena ere, euskara duelako muga bakarra, 2 estatu, 3 administrazio…eta horiek gaindituta Euskal Herri osoa zeharkatu eta batzen du.

Helburuak bi dira: batetik, euskararen kontzientziazioan eragitea eta sustatzea, eta bestetik, AEKrentzako diru bilketa.

Eta KORRIKA lasterketa bera bada ere, hori baino askoz gehiago da. Edizio oro badu kanta, leloa, materiala, unitate didaktikoak,…gero badira diasporan egiten diren KORRIKAk eta KORRIKA ahizpak ere bai, beste hizkuntza gutxiagotu batzuen alde egiten diren ekimenak…

KORRIKAz asko esan daiteke. Aurretik prestaketa lanak, ibilbidea nola antolatzen dan, nola erabakitzen dan nondik igaro; urte biko lana prestaketa lanetan; mezua, leloaren aukeraketa; eragileen zein norbanakoen babesa, mezugilea aukeratzea, martxoaren 14tik aurrera lasterketa eta osteko balorazioak.

Aurreko urtean, Jon Zabala Arando partaide den ikerlari taldeak egin duen ikerketaren berri izan dugu (“Korrika, running in collective effervescence through the Basque Country: A model of collective processes and their positive psychological effects”); eta jakin dugu zientifikoki frogatu dutela Korrikan parte hartzeak eragin psikologiko positiboak dituela gizarte-ongizatean eta ahalduntze kolektiboan.  Bizipen, ilusio, zirrara eta emozioak sortzen ditu. KORRIKA pizgarria da euskal gizarte gisa indartzeko?

Bai, egia da KORRIKAn parte hartzen dugunok sarritan deskribaezina dela esaten dugula. Bakoitzak modu berezian bizi du, baina furgoneta datorrela ikusten horrek barrua mugitzen digu, poza, poz negarrak, ilusioa, …

Ardatz asko biltzen dira KORRIKAk.: errigintza, harrotasuna, bagarela herri bat euskaraz bizi nahi duguna, eta horri helduta aurrera egiteko prest gaudenak.Indarra transmititzen du, energia txute bat da, gure Euskal Herri ideala irudikatzen da hamar egun horietan, eta furgonetan zoazenean oso argi ikusten da hori, Euskal Herria zeharkatzen duzu eta burbuja baten zoaz.

Baina badugu erronka bat ere, nola mantendu KORRIKAren bueltan sortzen den indarra eta babes hori? Zelan eutsi horri? KORRIKA badator eta badoa, eta etorriko dira beste ekimen batzuk, baina orokorrean jendarteak eta euskalgintzak asmatu beharko genuke bultzada horri nola eutsi.

Euskal gizartearen pizgarri den neurrian, identitatean eragiteko, komunitatean, herri ideietan.. Nortasuna.

Azken edizioek jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa izan dute. Sare sozialek, streaming bidez Korrika unean bertan jarraitzeko aukerak, mugikorreko aplikazioak eta beste hainbat baliabidek eragina izan dute Korrikaren uholdearen tamaina erraldoia izatea. Aurten badago berrikuntzarik?

Streamingak oso erantzun ona izan zuen, gainera pandemia ostean, pantailekiko lotura handiagoa zegoen eta egia da jendea engantxatu zela. Aurten ere zuzenekoa emango da, eta berrikuntza moduan saiakera egin nahi da hainbat kameretako irudiak nahastearekin, ez orain arte bezala irudi finko da.

Horrez gain, APParen aldeko apustua ere egin dugu, korrika laguntzailea egun ez da txartelduna, APPan ataltxoa dauka.

Aztarna ekologikoari eta gizarte erantzukizunari lotutako hausnarketak ere egin ditugu eta horrek ondorioak izan ditu arroparen ekoizpenean, euskarrietan, apaingarrietan eta abar.

Beraz, berrikuntza asko!

Gurean, Mutualian, Korrika birtuala, e-Korrika izena duena, sortu genuen, Korrikako sortzaileak omendu ziren edizioan. Eta e-Korrikako edizioetako batean e-Korrikako ipuinak kaleratu genuen. Aurten e-Korrikaren 4.edizioa izango dugu, eta aurreko edizioetan bezala, emaila izango da lekukoa, eskuz esku beharrean, ordenagailuz ordenagailu, postontziz postontzi bidaiatuko du Mutualiako langileen artean kilometro birtualak egiten. Guk gure aletxoa jarri dugu,  nola lagundu dezakete erakunde eta enpresek Korrika zabaltzen?

Asko dira moduak, eta Mutualiak egin duen moduan bakoitzak bere ekarpena egin dezake, bere iniziatibetatik. Egia da ohikoena badela kilometroa eskuratzea, petoak, banderolak eskuratu eta babesa adierazteko argazkiak egin; KORRIKA laguntzaile izan, arropa; sare sozialetan argitalpenak partekatu…

KORRIKA Euskal Herrian sortu zen, eta egun mundu osora egin du jauzia, kontinente guztietan badaude KORRIKAren eta euskararen alde egin duten euskaltzaleak. Horrez gain, antzeko ekimenak hizkuntza gutxituak dituzten beste herrialde batzuetan egiten dira. Zer harreman du AEK-Korrikak beste lurralde horiekin?

Guk hori KORRIKA Munduan bezala sailkatzen dugu, eta badaude bi ildo nagusi:

Batetik, munduan zehar dauden euskaldunek euskararen alde antolatzen dituzten KORRIKAk edota euskal etxeetakoek, edota unibertsitateetako irakurletzetakoek. Etxeparerekin hitzarmena dugu eta munduan zabaltzeko elkarrekin egiten dugu bidea.

Bestetik, Korrika Ahizpak daude, beste hizkuntza gutxiagotuetan egiten diren Korrikaren antzeko ekimenak. Hemen gertu Ar Redadeg eta La Passem, biak udaberrian izango dira, KORRIKA ostean.

Bogan dago ardura postuetan belaunaldi aldaketa gizarteko hainbat alorretan eta Korrikan ere eman lekuko aldaketa. Nola bizi izan ditu Anek aurreko edizioak izan korrika egin, izan lekukoa eramaten, izan furgonetan, izan komunikazioan lanean? Eta orain arduradun postuan, nola bizi duzu Korrika?

Bueno ba orain arte KORRIKA sortu osteko arduradun bakarra izan naiz, beraz, nik beti ezagutu izan dut.

Txikitan eskolan Korrika txikia egiten genuen, herriko ume guztiak elkartuta. Gero elkarte desberdinetako kilometroetan parte hartu izan dut. Zorionez, nire herritik beti pasatu izan da, gauetako oroitzapen berezia daukat.

Eta gero, behin 2015ean AEKn hasita, ba modu desberdinetan. Eskualdeko antolaketa lanetan, 21.KORRIKA furgonetan egin nuen osoa, Euskal Herria zeharkatuta, eta 22. KORRIKAn prentsa taldean…beraz, hainbat errealitate eta ikuspuntu bizitzeko aukera izan dut, eta 23.KORRIKA ere desberdina izango da eta ari da izaten. Ardurak eskatzen duen lana bestelako da, eguneko ordu guztiak gutxi eta beti dago zeregina, gainera, bidai asko ere tartean, baina egia da oro har harrera ona egiten digutela eta gustura ari naizela. Eta zelan ez aipatu taldea, ni neu koordinatzaile nagusia naiz, baina taldean aritzen gara asko eta hori oso garrantzitsua da.

Korrikak milaka anekdota izan ditu eta izango ditu bere edizioetan, lekukoarenak, korrikalarienak, antolatzaileenak, … bakoitzak bereak ditu. Zuk dituzunen artean zein duzu gogoan?

Asko dira momentu bereziak. Esaterako Zuberoan sartu ginenean esataria ez genuen ulertzen, eta furgoneteroen artean barre batzuk egin genituen.

Beti daude kilometro bereziak, eramaile bereziekin eta unkitzeko momentu asko.

Edota norberaren eskualdean, bertako lau kide joan da, bide txarra hartu genuenekoa…

Nola aurreikusten duzu izango dela 23. KORRIKA?

Ba azaroaren 16an aurkeztu genuenetik, harrera ona izaten ari da eta jende asko ari da kilometroak eskuratu nahian. Beraz, pozik gaude eta espero dugu horrela jarraitzea.

Espero dugu Irungo hasiera eta Baionako amaiera ere jendetsuak izatea, eta jendarteak pozik parte hartzea KORRIKAn, eta oso presente izatea behin KORRIKA amaituta ere euskaraz bizitzeko beharra, ezagutza eta erabilera sustatu.

Etorkizunean nola irudikatzen duzu Korrika?

Egia da azken edizioetan, izugarrizko gorakada egin duela, eta ekimen oso erraldoia bilakatu dela. Espero dugu aurrerantzean ere jendeak berdin babestea KORRIKA, eta iritsi dadila egun Euskal Herria euskalduna dena eta KORRIKA egin dezagun harro eta hori ospatzeko.

Lotutako berriak