BELLOTA HERRAMIENTAS SLUk Laneko Arriskuen Prebentzioko Berrikuntzaren 2025eko Mutualia Saria jaso du, “DOJO (segurtasuneko entrenamendu-gela)” proiektuagatik

Elkarrizketa egin diegu Bellota Herramientaseko Montse Cartañàri (Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikaria) eta Carlos Aranari (Sistemetako zuzendaria).
Bellota. Hasiera eta jarduera
Bellota Herramientasek ibilbide luzea du kalitate handiko esku-erremintak fabrikatzen. Patricio Echeverríak sortu zuen 1908an Legazpin (Gipuzkoa, Euskadi, Espainia). Hasieran, pieza forjatuak ekoizten zituen konpainiak, nekazaritzaren sektorerako eta industriarako.
Haren produktuak beti izan dira gogorrak eta iraunkorrak, ezkurra bezala, eta hortik datorkio “Bellota” izena.
Bellota erreminta-aukera zabalduz joan da, eta sektore askotara iritsi da, hala nola nekazaritzara, eraikuntzara, segurtasun-oinetakoen sektorera, lorezaintzara eta industriara.
Erreferentziazko marka bihurtu da, bai Espainian, bai nazioartean, etengabe sustatzen dituelako berrikuntza, fabrikazio-prozesuetako kalitatea eta azken erabiltzailearekiko hurbiltasuna.
Bellotak bere presentzia globala sendotu du, eta jasangarritasun- eta ergonomia-irizpideak integratu ditu bere erreminten diseinuan.
Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta 1.950 langile eta 14 ekoizpen-instalazio ditu.
Nola kudeatzen da laneko arriskuen prebentzioa Bellota Herramientasen eguneroko lanean?
Bellotan, modu jarraituan eta egituratuan kudeatzen da laneko arriskuen prebentzioa, erakundearen eguneroko lanean integratutako ekintzen bitartez. Hasieratik, segurtasuna erdigunean kokatzen da: Montsek hasierako harrera egiten die langile berriei, eta, DOJO espazioan, langile adituek ere lagunduta, prozesuetara eta jardunbide egokietara ohitzen dira. Gero, Kanpoko Prebentzio Zerbitzuak bigarren harrera egiten du, arrisku espezifikoen ebaluazioan eta substantzia kimikoen erabilera seguruan ardaztua.

Prebentzioaren kultura egunero sendotzen da saileko bileretan, zeinetan segurtasuna baita beti gai-zerrendako lehenengo gaia. Bilera horietan, ekintza ez-seguruak aztertzen dira, azkenaldiko gertakariak berrikusten dira, eta hobetzeko neurriak proposatzen dira; zeregin horietan, zuzenean hartzen dute parte Montsek eta tartean diren langileek.
Gainera, aldizkako segurtasun-ikuskapenak egiten dira, eta gainbegiraleek, batzordekideek eta funtsezko beste eragile batzuek aktiboki parte hartzen dute.
“Dinamika horri esker, gure lan-ingurunean langile guztiek oso sentsibilizazio handia dute segurtasunarekiko, eta lasai ematen dute arrisku posibleen berri; horrela, etengabe hobetzen dugu.”
Nola lortzen duzue langileak segurtasun-gaietan trebatzea eta haiekiko sentsibilizatzea?
Bellotan, zeharka eta etengabe heltzen zaie segurtasunaren arloko sentsibilizazioari eta trebakuntzari: teoria eta praktika konbinatzen dira, eta hasieratik sustatzen da prebentzioaren kultura. Gakoa da segurtasuna eguneroko bizitzan integratzea eta enpresaren DNAren parte bihurtzea.
Enpresan sartzen denetik, langile berriari kontu handiz diseinatutako harrera-prozesua egiten zaio, eta egunero sendotzen da, sailetako bileretan, zeinetan tarte espezifiko bat egoten baita segurtasunarekin erlazionatutako alderdiak aztertzeko, azkenaldiko gertaeretan ikasitakoak partekatzeko, eta jardunbide egokiak indartzeko; orobat, trebakuntza espezifikoak ematen zaizkio askotariko segurtasun-gaietan (ATEX, goratze-bitartekoak, arrisku elektrikoak, eskorgak, kargen manipulazioa…), eta sentsibilizazio-kanpainak egiten dira hainbat euskarritan (WhatsApp, pantailak, mezu elektronikoak…).
“Funtsezkoa izan da partaidetza-ikuspegi iraunkor eta hurbil horri eustea Bellotako langile guztiak segurtasuna hobetzeko prozesuaren parte aktibo sentitu daitezen.”
Zertan datza “DOJO (segurtasuneko entrenamendu-gela)”, berrikuntzaren kategorian 2025eko Mutualia Saria irabazi duen proiektua?
“Ingurune seguru eta konfiantzazko bat sortzean datza DOJO: 11 lan-estazio ditu, eta haietan egiten dira trebakuntzak, harrerak, istripuen analisiak, birziklapenak…”
Hamaika estazio horiek prebentzioarekin erlazionatutako gaurkotasun-gaiak lantzen dituzte, hala nola kargen kudeaketa, seinaleztapena, esku-erreminten eta erreminta motordunen kudeaketa, NBEen erabilera, pieza beroekin matxardak nola erabiltzen diren…
Proiektu horrek indarrean jarraitzen du, eta, orain, beste bi estazio zabaltzeko asmoa dugu produktu kimikoen erabilerari eta ATEX eremuen segurtasunari eta eskakizunei buruz.

Nola sortu zen proiektua, eta noiz hasi zen ezartzen?
Bellotako gaur egungo trebakuntza-eredua ekarri zuen proiektua duela hiru urte sortu zen, eta enpresak Japoniara egindako bisita baten emaitza da; bidaia hartan, enpresak hurbiletik ezagutu ahal izan zituen lean manufacturing edo ekoizpen doituaren zenbait jardunbide egoki. Bidaia hartan, Bellotako taldeak industria-inguruneari aplikatutako DOJO baten funtzionamendua ezagutu zuen; eremu hori trebakuntza praktikorako eta etengabeko hobekuntzarako da.
Hain inspiratzailea izan zen esperientzia, ezen ideia hori Espainiara ekartzea eta Bellotaren instalazioaren errealitatera eta behar espezifikoetara egokitzea erabaki baitzen. Helburu nagusia zen trebakuntzaren ikuspegia erabat aldatzea, eta eredu nagusiki teoriko batetik esperientzian oinarritutako eta lanpostuan ardaztutako eredu praktiko batera pasatzea.
Gainera, eredu berriak zuzenean eta nabarmen hurbildu nahi zuen segurtasuna langileengana, eta hasieratik ikaskuntzaren funtsezko zati gisa integratu.
Egun, DOJO eremu hori funtsezko tresna bihurtu da langile berriak gaitzeko eta taldea etengabe hobetzeko, eta bat dator eraginkortasunaren, kalitatearen eta prebentzioaren printzipioekin.
Zer hobekuntza lortu dira ezarri zenetik?
DOJO eremua eta trebakuntzaren ikuspegi praktiko berria ezarri zenetik, Bellotak hobekuntza esanguratsuak izan ditu segurtasunaren eta laneko osasunaren arloan. Lorpen nagusietako bat izan da handitu egin dela prebentzioaren kontzientzia langileen artean; hala, modu inkontzientean haien eguneroko lanaren parte ziren egoera ez-seguru asko identifikatzen eta zalantzan jartzen hasi dira.
Pentsamolde-aldaketa horrek eragin zuzena izan du arriskuen murrizketan.
2024an bakarrik, langileak aktiboki parte hartzeari esker, 250 ekintza ez-seguru baino gehiago identifikatu eta zuzendu dira. Esku-hartze horiei esker, argi eta garbi murriztu da laneko istripuen kopurua, eta bat egin ahal izan da enpresaren lehentasunezko helburuarekin: Bellota osatzen duten pertsona guztien segurtasuna eta osasuna bermatzea.
“Trebakuntza praktikoa, parte-hartze aktiboa eta konpromiso kolektiboa konbinatuta, konpainiaren eguneroko laneko funtsezko elementu bihurtu da prebentzioa, eta segurtasun tinko, jasangarri eta partekatuaren kultura sendotu da.”
Ezar liteke proiektuaren eredua beste enpresa batzuetan?
Bellotaren esperientziak erakusten duenez, ezarritako eredua, eraginkorra izateaz gain, beste enpresa eta industria batzuetan ezartzeko modukoa ere bada. Trebakuntza praktikoan, langileen parte-hartze aktiboan eta segurtasunaren eguneroko integrazioan oinarritutako ikuspegi horrek emaitza neurgarriak erakutsi ditu arriskuen murrizketan eta langileen kontzientziazioan.
“Eredu hau Japonian ikusitako jardunbide egokietan oinarrituta dago, eta ezin hobeki egokitu da Bellotaren errealitatera. Erreferentzia baliagarria izan daiteke beren prebentzio-kultura eraldatu nahi duten erakundeentzat. Kontua ez da inbertsio handiak egitea, baizik eta ikuspegia aldatzea: teoriatik praktikara igarotzea, pertsonei protagonismoa ematea, eta segurtasuna balio partekatu bihurtzea”
Gainera, sistema malgutasunez egokitzen da hainbat sektoretara, haren printzipioak —esperientzian oinarritutako trebakuntza, behaketa zuzena, ohitura ez-seguruen zuzenketa eta etengabeko komunikazioa— unibertsalak baitira edozein lan-ingurunetan. Zalantzarik gabe, Bellotaren esperientziak ibilbide-orri inspiratzailea eskaintzen du lan-ingurune seguruagoak, parte-hartzaileagoak eta eraginkorragoak lortzeko bidean aurrera egiteko.
