Itzuli

Elkarrizketa: Sonia Diaz de Corcuera, INNOVABIDE proiektuari buruz

Sonia Díaz de Corcuerak, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, INNOVABIDE proiektuari buruz hitz egin digu. Euskal enpresen kudeaketan bide segurtasuna sartzeko Trafiko Zuzendaritzak sustatutako proiektua da.

Zer da Innovabide?

Bide segurtasunean, praktika onen kudeaketa hobetzearekin konpromisoa hartu duten enpresa sare bat da. Proiektuak konpromisoaren bidez ekarpena egin nahi du, eta ezagutzak eta esperientziak partekatu.

Zeintzuk dira helburuak?

Proiektuan hiru helburu banatu ditzakegu:

– Ezbehar-kopurua murriztea Euskadiko gure errepideetan, trafikoan dugun eskumen eremuaren barruan.

– Ezbehar-kopuruak sortutako biktima kopurua murriztea. Helburua laneko trafiko istripuetan (in itinere eta in mision) hildako eta zauritutako pertsona kopurua % 40 murriztea da.

– Mugikortasun seguru eta jasangarria enpresa gehienak eta gizartea orokorrean arduratzen dituen kontua da. Guztiek irizten diote garrantzitsu laneko bide segurtasunak planteatzen duen erronkari erantzuna ematen dioten neurriak hartzeari.

Zein dira Innovabide Proiektuan sartzen diren enpresentzako onurak?

Euskal enpresek kultura handia dute; gehienak berrikuntza eta ezberdintasunaren bidez lehiakortasuna bilatzen duten enpresa txiki eta ertainak dira, zein bere eremu eta sektorearen barruan.

Segurtasunaren bidez bizi-kalitatea bilatzen dugu, gure kasuan bide segurtasunaren bidez. Enpresa batek borondatez Innovabiden sartzea erabakitzen duenean, pertsonei dagokienez, urrats handi bat ematen ari da; izan ere, duen kapital garrantzitsuenaz arduratzen ari da, giza kapitalaz, alegia.

Innovabide sare bat da, eta, sare bat den heinean, esperientzien trukea bilatzen du. Enpresa txikienentzat zein handienentzat izan daitezke onuragarriak sareari helarazitako ezagutzak eta konpromiso guztiak.

Zein da Innovabide sarearen parte?

Edozein euskal enpresak har dezake parte sarean, kostu ekonomikorik gabe. Dagoeneko 30 dira proiektuan parte hartzen ari diren enpresak. Oinarri sendoak jarri nahi ditugu, eta enpresak pixkanaka atxikitzen joatea. Poliki goaz, baina urrats sendoak emanez.

Nola har dezaket parte sare horretan?

Hauek dira eman beharreko urratsak:

1.- Enpresek bide segurtasunaren kudeaketaren gaineko aurretiko gogoeta egitea. Onena litzateke, enpresaren tamainaren eta ezaugarrien arabera, taldea ahalik eta anitzena izatea, enpresaren prozesu guztiak, lan mota, lan bakoitzak eskatzen duen mugikortasuna… aztertu ahal izateko.

2.- Dokumentua Trafiko Zuzendaritzak sortuko duen kontraste talde batera bidaliko da. Sareak enpresa aholkatu, gidatu eta orientatzeko bilera bat egingo du, enpresaren ezaugarri eta beharretara egokitutako laneko bide segurtasunaren hobekuntzetan aurrera egiteko aukera ematen duen irteera dokumentu bat egin ahal izateko.

Zalantzaren bat izanez gero, gure web orrian, www.innovabide.eus-en, irizpide eta exijentzia guztiak kontsultatu ahalko dituzue.

Nola egiten duzue proiektuaren zabalpena?

Gaur egun, oso erraza da zabalpena, sare sozialei eta web orriari esker.

Mutualia bezalako enpresei, adibidez, bide segurtasuneko praktika onak aitortu zitzaizkien; hala, abenduaren 12an, sarera atxikitako enpresekin egindako lehenengo topaketan, saria eman zitzaien.

Gainera, Mutualiak “Bide Segurtasunaren Kontzientzia hartzeko Astea” izeneko jardunaldia antolatu zuen, eta hori hedatze hutsarekin zabaltzen lagundu zuen.

Ingeteam enpresak, aldiz, Safety Day eguna antolatu zuen. Beraiek zabaltzeaz gain, guk gure web orrian ere jaso genuen.

Zer transmititu diezaiekegu proiektura atxikitzea pentsatzen ari diren enpresei?

Bide segurtasunaren alorreko prebentzioa landu egin behar da, eta langileez eta bide segurtasunaz arduratu; gizarteari mugikortasuna –jasangarria eta segurua– bezain garrantzitsua den zerbait eskaini. Emaitzak lortzeko eta in itinere eta in mision istripu kopurua murrizteko oinarrizkoa da.

Kontraste taldearekin bileran parte hartzen duten enpresek adierazten dute lana eta esfortzua eskatu diela. Gogoetak esan nahi du norbere buruari begiratzea, eta puntu ahulak eta hobekuntzak ikustea.

Langileek eta enpresako exekutiboek osatzen dute enpresa. Beraz, merezi du.

Lotutako berriak