sueskola fundazioa
Itzuli

Elkarrizketa: SUESKOLA

SUESKOLA suteak prebenitzen eta itzaltzen trebatzeko azken belaunaldiko zentroa, aitzindaria Euskadin eta estatuan teknologia berritzaileari dagokionez. 

SUESKOLA Fundazioa Ordizian (Gipuzkoa) dago, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen proiektu gisa 2009an. Erreferentziazko trebakuntza-zentroa da, suteak itzaltzen eta prebenitzen trebatzeko ikastaroei, suaren portaerari buruzko ikerketa aurreratuei eta parekorik ez duten instalazioei esker, non benetako suarekin egiten baitira praktikak

Iñigo Aldasoro Fundazioko zuzendaria elkarrizketatu dugu. 


Trebakuntzari dagokionez, zer ikastaro nagusi dituzue trebakuntzaren eta prebentzioaren alorretan, eta nori zuzentzen zaizkio? 

SUESKOLAk trebakuntza ematen du suteak prebenitzearen eta itzaltzearen arloan eta salbamenduari lotutako beste alderdi batzuetan: arnasketa-ekipoak, espazio itxietan lan egitea, arrisku kimikoa, etab. 

Askotariko kolektiboei zuzentzen zaie, hala nola partikularrei, langileei (dagokien lan-eremuetan) eta larrialdietako profesionalei

Oso kolektibo desberdinak dira elkarren artean. Horregatik, trebakuntza haietako bakoitzaren premien arabera diseinatzen da. Partikularrei dagokienez, prebentzioa oso garrantzitsua da: sutea sortzea saihesten duena da suhiltzailerik onena. Gure etxeetan izaten diren suteen kausak oso zehatzak izan ohi dira: kasurik egin ez zaien sukaldeak, berogailuak gaizki erabiltzea, behar bezala garbitu ez diren tximiniak, zigarro-mutxikinak, instalazio elektrikoen eta luzagarrien gainkarga… Gure eguneroko bizitzan xehetasun horietan arreta jartzeak istripu asko saihesten ditu. 

Partikularrek, adibidez, azaldutako alderdi horiek kontuan hartuta eta su-itzalgailu bat behar bezala erabiltzen jakinda, zartagin batek sua hartu badu estalki batekin edo zapi heze batekin itzali behar dela jakinda (ez da inoiz ere urik bota behar erretzen ari diren olioen gainean) eta ateak itxita kea eta sua gure etxean zabaltzea saihesten direla jakinda, bizi asko salba ditzakete. 

Lan-esparruan, laneko arriskuen prebentzioan, garrantzitsua da langileek trebakuntza jasotzea suari aurre egiteko moduei buruz eta enpresan gerta daitezkeen beste larrialdi-mota batzuei buruz. Lantokian dituzten instalazioak eta materialak ezagutuz gero, langileek lehenengo esku-hartze bat egin ahal izango dute autobabes-denboran (istripu/gorabehera bat detektatzen den unetik larrialdi-zerbitzuak gure enpresara iritsi arteko denbora-tartea) enpresako langileen eta instalazioen segurtasuna bermatzeko. 

Enpresa bakoitzak dituen baliabideen eta arriskuen arabera, trebakuntza desberdina da, eta egin ditzaketen ikastaroen katalogoa ondo definitu behar da: 

  • Suteak itzaltzeko oinarrizko ikastaroa 
  • Su-itzalgailuak erabiltzeko eta ebakuazioak prestatzeko ikastaroa 
  • Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko ikastaroa 
  • Esku-hartzeko ekipamenduei buruzko ikastaroa, I. maila eta II. maila 
  • Arnasketa-ekipamenduei buruzko ikastaroa (suteak itzali behar direnerako ez ezik, osasuna arriskuan izan daitekeen beste jarduera-mota batzuetarako ere) 
  • Espazio itxietan lan egiteko ikastaroa 
  • Arrisku kimikoari buruzko ikastaroa 

Enpresa-jarduera bakoitzak dituen arriskuak kontuan hartuta, haiei aurre egiteko behar diren baliabideak eduki behar dira, eta langileak gaitu, baliabide horiek segurtasun osoz erabil ditzaten

Larrialdietako profesionalen trebakuntzari dagokionez, profesional berrientzako trebakuntza eta eguneratzeko eta perfekzionatzeko trebakuntza bereizten ditugu. Mota askotako larrialdiei aurre egin beharko dioten eta mota askotako tresnekin trebatzeko beharra duten profesionalei zuzentzen zaie lehenengoa; eta, bigarrena, birziklatze-ikastaroa, profesional horiek gai oso espezifikoetan trebatzeko egiten da: barruko suteak, arrisku kimikoa eta, gaur egun, jarduketa desberdinak behar dituzten teknologia berriak (teknologia berriak erabiltzen dituzten ibilgailuak, bateriak, etab.). 

SUESKOLA-Argazkia-1

Zer alderdi espezifiko lantzen dira prebentzioari dagokionez? 

Partikularren kasuan bezala, enpresan ere oso garrantzitsua da prebentzioa. Jarduera batean izan daitezkeen arriskuak modu egokian aztertu ondoren, prebentzio-sistema egokiak eduki behar dira (adibidez, suteak detektatzeko eta itzaltzeko sistemak). 

Baina prebentzioa ez da baliabide materialekin bakarrik egiten. Fundazioan, garrantzi handia ematen diogu langileak prebentzioaren alorrean trebatzeari. Ohikoa da sarritan egiten ditugun jarduerek segurtasun-sentsazio faltsua ematea, eta hori bera saihestu behar dugu. Ekintza erraz batzuen bidez (adibidez, lanpostua ordenatuta eta garbi edukitzea, ebakuazio-bideetan oztoporik ez izatea, sua itzaltzeko baliabideak ikusgai eta erraz eskuratzeko moduan edukitzea, toki berean produktu kimiko asko ez gordetzea…), lehenik eta behin, gorabehera bat gertatzeko aukera murrizten da, eta, bigarrenik, larrialdia gertatuz gero, bizkorrago eta modu eraginkorragoan egin ahal izango zaio aurre. 

Larrialdi-zerbitzuetan ere, prebentzioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Herrietan, enpresetan, azpiegitura kritikoetan… gerta daitezkeen arriskuen azterketak barne hartzen dituzten prebentzio-lanei esker, arriskuak murrizten dira, eta, gainera, larrialdi-zerbitzuak prest egongo dira larrialdia gertatzen den egunean esku-hartze eraginkorragoak eta efizienteagoak egiteko. 

Egiten dituzuen sentsibilizazio-jarduerak ere garrantzitsuak dira. Zer motatako jarduerak egiten dituzue, eta nori zuzentzen zaizkio?  

Lehen esan dudanez, sutea edo gorabehera saihesten duena da suhiltzaile onena. Horregatik, adin guztietako jendearekin jarduerak eginez (hasi haurretatik eta hirugarren adineko pertsonetara), ezbehar-kopurua murrizten dugu.” 

Urteko sasoi bakoitzean, sute-mota desberdinak edo kausa desberdinak izaten dira, eta, hori kontuan hartuta, sentsibilizazio-kanpainak egiten dira hainbat alorretan. Hona hemen haietako batzuk: 

  • Baso-suteak 
  • Barbakoetan sortutako suteak 
  • Tximinietan sortutako suteak 
  • Neguko suteak (hotzari, berogailuak gaizki erabiltzeari, aireztapen desegokiari… lotuak) 
  • Petardoek, bengalek eta gailu piroteknikoek eragindako suteak 
  • San Joan jaietako suak 

Kausa-mota desberdinak dituzte sute horiek, eta, askotan, erraz saihestu daitezke. 

Segurtasunaren eta suteen aurkako borrokaren inguruko ikerketa da SUESKOLAren helburuetako bat.  

Bai, Fundazioak beste enpresa eta zentro teknologiko batzuekin lankidetzan dihardu suteak detektatzeko eta itzaltzeko baliabideak diseinatzen. Erakunde horiekin duen lankidetza-harremanean, arrisku-egoera-errealak gertarazten ditu, arrisku horiei aurre egiteko zer ekipamendu garatu daitekeen ikusteko. 

SUESKOLA, bestalde, suhiltzaileentzako ekipamenduaren fabrikatzaileekin aritzen da lankidetzan, besteak beste, ekipamendu berrien saiakuntza-bankuak eta esku hartzeko jantziak lantzen. Ekipamenduak baldintza oso gogorretan probatzen dira; ekipamendu horiek, gero, larrialdietako profesionalen bizia salbatuko dute. 

SUESKOLA-Argazkia-2

Aitzindariak zarete benetako suarekin lan egiten. Instalazio espezifikoak behar dira horretarako. 

Lehen adierazi ditugun kolektiboak trebatzeko, Fundazioak prestakuntza ematen du Ordiziako egoitzan (Gipuzkoako Foru Aldundiaren instalazioak dira) eta Ispasterko Maniobra Parkean (Bizkaiko Foru Aldundiaren instalazioak dira). 

Lan-zentro horietan, suaren hainbat agertoki-mota ditugu: gasezko sua duten agertokiak, solidoen suak eta fuel-suak dituztenak eta kanpoaldeko suteen agertokiak, zeinetan simulatzen baitira likido sukoien ondoriozko suteak, sute petrokimikoen praktikak, merkantzia arriskutsuekiko eta zisternekiko istripuak, etab. Gainera, baditugu arnasketa autonomoko tresnak erabiltzeko agertokiak, tripodea eta gas-neurgailuak behar dituzten gune itxiak eta abar .” 

Lehen esan dizudanez, enpresak dituen arriskuetara eta baliabideetara egokitu behar da trebakuntza, eta langileek ahalik eta modu errealenean eta seguruenean praktikatzea erraztu

Amaitzeko, azpimarratu behar da zer baliabide ditugun jarduera horiek guztiak ingurumena ahalik eta gehien errespetatuz egiteko: prestakuntza-jardueretan erabiltzen den ur guztia birziklatu egiten da, fuela eta hautsa bereizteko iragazki/bereizgailu batzuk erabilita; eta erauzte-sistema bat ere badugu, keak iragazten dituena kanpora atera baino lehen. 

SUESKOLA-Argazkia-3

Zer gomendio orokor emango zenizkiguke orain, udaldian, sute-arriskuak gora egiten duela kontuan hartuta? 

Ekainean, San Joan suetako istripuak eta barbakoak egitean gure inguruan izan daitezkeen arriskuak prebenitzeko mezuak zabaldu ditugu

Uztailean eta abuztuan, eguraldi ona badugu (oraingoz ez da izan uda-girorik), basoetako suteak prebenitzeko kanpaina abiaraziko dugu. Kasu honetan, Euskadin kantauriar isurialdea eta mediterraneoa bereizi behar ditugu: Araban eta Nafarroan, probintzia horietako klima dela eta, udako hilabeteetan baso-suteetarako arrisku handia izan ohi da. Gipuzkoan eta Bizkaian, baso-sute larrienak otsaila eta apirila bitartean gertatu izan dira, negu oso hotz eta lehorren ondoren. 

“Kasu honetan, klima-aldaketa dela-eta, baso-suteen arriskua hazten ari da hegoaldetik iparraldera; gaur egun, tenperatura altuko boladen ondoren, hezetasun-indize baxua eta haize biziak izanez gero, baso-suteen arriskuak gora egiten du. Kasu horietarako aholkuak ditugu gure webgunean (www.sueskola.eus).” 

Aukera ematen badidazu, elkarrizketa amaitu aurretik, herritar guztientzako moduko pare bat aholku eman nahi ditut: lehenik eta behin, mundu guztiari gomendatzen diot ke-/sute-detektagailuak instalatzea etxeetan eta lantokietan. Gailu txikiak dira, oso merkeak eta instalatzen errazak; oso bizkor detektatuko dugu sutea dagoela, eta denbora izango dugu sute-hasiera horri aurre egiteko edo gunea segurtasunez husteko. Eta, bigarrenik, ateak ixtearen garrantzia gogorarazi nahi dut: sutearen eta gu gauden tokiaren arteko ateak ixten baditugu, kea zabaltzea oztopatzen ariko gara (keen gasek eragiten dituzte hildako gehien suteetan), eta sutea askoz polikiago hedatzea ere lortuko dugu (modu horretan, denbora emango diegu larrialdi-zerbitzuei beren lana behar bezala egin dezaten). 

Lotutako berriak