cotizacion adicional
Itzuli

Elkartasunezko kotizazio gehigarria

2025/01/01etik aurrera, tasa berri bat aplikatuko zaio gehieneko kotizazio-oinarria gainditzen duen soldata-tarteari. Hauetan arautzen da elkartasunezko kuota: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 19 bis artikuluan eta 42. xedapen iragankorrean eta abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuaren 72 bis artikuluan (duela gutxi barne hartu da martxoaren 26ko 322/2024 Errege Dekretuaren bidez —2024/03/27ko BOE—).

Adierazitako araudian, GSLOren 147.1 artikuluan ezarritakoaren esparruan, zehazten da gehieneko kotizazio-oinarriaren zenbatekoa gainditzen duen besteren konturako langileen ordainsarien zenbatekoa elkartasunezko kotizazio gehigarri bati lotuko zaiola kuota-likidazio orotan; zenbateko hori ezarriko da Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak urte bakoitzerako ezartzen duen kontingentzia arruntengatiko gehieneko kotizazio-oinarriaren zenbatekotik aurrera langileak duen ordainsari-soberakinaren arabera. Kotizazio hori gradualki aplikatuko da, 2025etik 2045era.

Elkartasunezko kuota zehazteko, urteko ehuneko bat aplikatuko zaio urte bakoitzeko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ezarritako gehieneko kotizazio-oinarria gainditzen duen ordainsariko zenbatekoari, GSLOren 42. xedapen iragankorrean ezarritako tarteekin bat etorriz, eta modu horretan egingo da 2045a arte. Ondorioz:

2025701/01etik aurrera, ehuneko hauek aplikatuko dira elkartasunezko kuota gisa

  • % 0,92ko kotizazio gehigarria, gehieneko oinarritik gehieneko oinarri hori % 10 bitarte gainditzen duen soldata-zatiari.
  • % 1, gehieneko oinarritik gorako % 10 eta % 50 bitarteko soldata-zatiari.
  • % 1,17, gehieneko oinarritik gorako % 50etik aurrerako soldata-zatiari.

2045/01etik aurrera, ehuneko hauek aplikatuko dira elkartasunezko kuota gisa

  • % 5,50eko kotizazio gehigarria, gehieneko oinarritik gehieneko oinarri hori % 10 bitarte gainditzen duen soldata-zatiari.
  • % 6, gehieneko oinarritik gorako % 10 eta % 50 bitarteko soldata-zatiari.
  • % 7, gehieneko oinarritik gorako % 50etik aurrerako soldata-zatiari.

Kotizazio-tasaren banaketa

Elkartasunezko kotizazio-tasa enpresariaren eta langilearen artean banatuko da, eta kontingentzia arruntengatiko kotizazio-tasaren banaketaren proportzio berdina izango du.

Gizarte Segurantzarako kotizazioa kotizazio-oinarri edo kuota finkoen bidez egiten diren kasuei dagokienez, kontuan izan behar dugu kotizazio gehigarri hau ez zaiela aplikatu behar langile autonomoei; besteren konturako langileei bakarrik aplikatuko zaie.

Elkartasunezko kotizazio gehigarria ordaintzeko oinarrizko epea

GSLOren testu bateginaren 19 bis artikuluan zehazten diren ordainsariak ordaindu behar diren hilabetearen hurrengo hilabeteko azken egunean amaitzen da.

Enpresek jakinarazteko duten betebeharra

Enpresek informazio hau jakinaraziko diote Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari, baliabide elektronikoen bidez: kotizazio gehigarri horren eraginpeko langileen identifikazio-datuak, ordainsariak zer epetan ordaindu behar diren, aplikatu beharreko gehieneko kotizazio-oinarria gainditzen duen kotizazio-oinarria duten ordainsarien zenbatekoa eta gehieneko oinarriaren eta ondorio hauetarako konputagarri diren ordainsariei dagokienaren arteko kotizazio-oinarrien zenbatekoa.

Zaintza eta egiaztatzea

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari dagokio, bere eskumenen barruan, artikulu horretan ezarritako betebeharrak betetzen diren zaintzea. Eskumen horien kalterik gabe, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak GSLOren testu bateginaren 36.1 artikuluan adierazitako egiaztapenak egiteko ahalmena izango du elkartasunezko kotizazio gehigarri honi dagokionez, une oro eskura dituen eta kuota-likidazioak birkalkulatzeko aukera ematen duten datuetan oinarrituta.

Cristina Cearra Guezuraga


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak