Langileen Estatutuak (ET), 49. artikuluan, kontratuen azkentzea arautzen du, eta 1.g) apartatuan balizko arrazoien artean aipatzen du enpresaburuari ezintasun bat esleitu izana.
Bizitzako gertakarien ondorioak, normalean, ez dira automatikoak, are gutxiago osasunarekin lotutako gaietan. Hala, planteatzen den zalantza da enpresaburuari ezintasun iraunkor eta absolutua (EIA) aitortu ondoren —zirkunstantzia hori baliagarria da lan-harremana azkentzeko, baina ez da berehalakoa eta denbora-tarte bat igarotzen da langileen kontratuen azken ebazpena eman arte— bidegabeko kaleratzetzat har daitekeen, kontuan hartuta ezintasuna aitortzen denetik kontratua azkentzeko jakinarazpena egin arteko denbora-epe hori.
Mahaigaineratu dugun kasu zehatzean, EIA eman ondoren, enpresaren jarduerari eusten saiatu zen enpresaburua, langileetako batek kudeaketa-eginkizunak bere gain hartuta. Horrek urtebete inguru iraun zuen, eta tarte horretan enpresaburuaren osasunak okerrera egin zuen. Ondorioz, langileak eginkizun horiek betetzen jarraitzeari uko egin ondoren, enpresaburuak bere langileen kontratuak azkendu behar izan zituen, Langileen Estatutuaren 49.1g) artikulua aipatuta.
Egoera horrek erantzuna izan du Auzitegi Gorenean; izan ere, instantziak egokitzat jo du artikulu hori aplikatzea, eta lan-harremana azkentzeko arrazoitzat hartu du EIA esleitzea, uste baitu enpresa ixteko erabilitako denbora arrazoizkoa dela. Baina Salak ezetsi egin du argudio hori, bidegabeko kaleratzea gertatu dela ulertuta, enpresaburuak negozioa berehala ixtea erabaki ez zuelako, eta, ondorioz, langilearengan lanean jarraitzeko itxaropena sortu zelako.
Auzitegi Gorenak ezartzen du legean jasotako arrazoiek ez dutela berez justifikatzen lan-kontratuak azkentzea, aldi berean negozioa ixtea eskatzen baitute horiek. Hau da, exijitzen da EIA aitortzearen eraginez negozioa ixtea, eta hala lan-kontratua azkentzea justifikatzea. Zaila da denbora-plano hori ezartzea, eta baztertu egiten da ezintasun iraunkorraren edo erretiroaren unea bat etorri beharra beti enpresa ixtearekin; beraz, azkenean zehazten da epe hori zentzuzkoa izatea, aukerarik eman gabe arau orokorrak ezartzeko
Aipatutako kasu horretan, ondorioztatzen da lotura dutela enplegatzailearen ezintasun iraunkor absolutuaren aitortzak —hainbeste larriagotu zen osasun-egoera, non oinordekoek jarri baitzuten azken errekurtsoa— eta lan-harremana eteteko erabakiak; horrek azkentzea baliozkotzen du Langileen Estatutuaren 49.1.g) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta baztertu egiten du bidegabeko kaleratze gisa kalifikatzea langilea kargutik kendu izana.
María Urizar Pérez
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
