Enpresek gero eta gehiago erabiltzen dute obren eta zerbitzuen kontratazioa jarduera jakin batzuk egiteko, baita ohiko jarduerak egiteko ere. Horrela egiten denean, hainbat enpresatako pertsona batek edo batzuek laneko gune berean bat egiten dute, eta beste arrisku batzuk ekar ditzake horrek, edota lehendik dauden arriskuak areagotu, aurretik ebaluatu ez diren egoeretan, sarritan.
Hauek izaten dira egoera horretan gertatzen diren istripuen oinarrizko arrazoiak:
- Alderdien arteko komunikazio eskasa.
- Horren ondorioz, sortutako arriskuen analisi okerra egitea.
- Arrisku orokorrei eta espezifikoei buruzko prestakuntza eta informazio desegokia.
- Lanen behin-behinekotasunarekin lotuta gerta daitezkeen ezustekoak ez aztertzea.
Horregatik, oso garrantzitsua da lantoki berean elkartzen diren enpresak elkarren artean ongi koordinatzea.
Gai horren inguruan dagoen araudia betetzeko, argitalpen berri hau dugu Multualian:
ENPRESA-JARDUEREN KOORDINAZIOA
files/2020/09/Enpresa-jardueren-Koordinazioa.pdf
Eskuliburu honetan, eskematikoki definitu dira bai enpresaren esparruan enpresa-jarduerak koordinatzeko 171/2004 Errege Dekretua, bai eraikuntza-obrei buruzko 1627/97 Errege Dekretua.
Eskuliburu horrez gain, prestakuntza-jarduera bat ere badugu gure CAMPUSEAN, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Koordinazioa behar duten balizko egoeren adibide errealekin garatzen da jarduera hori, eta jarduera bat egiteko lantoki berean elkartzen diren langile autonomoen eskubideak eta betebeharrak nahiz enpresenak eta haien langileenak azpimarratzen dira.
https://mutualia.apacampus.com/session/4143/about/
COVID-19ak eragindako kutsatzeak prebenitzeko eta mugatzeko, enpresa-jarduerak koordinatzeko prozeduraren bidez jada definituta dauden jarraibideez gain, beste jarraibide osagarri batzuk behar dira, parte hartzen duten enpresetako langileek bete beharrekoak.
Hona hemen PANDEMIA EGOERAN JARDUTEKO ARAU ESPEZIFIKOAK, ENPRESA-JARDUERAK KOORDINATZEKO agiriko arauen adibide bat, jarraibide osagarriekin:
- EZ DA ZERBITZUA EMATERA JOANGO sintomak dituen inor (sukarra, arnasa hartzeko zailtasuna, eztula, dastamena edo usaimena galduta izatea). Pertsona horiek enpresari eta lehen mailako arretako medikuari jakinaraziko diete.
- Pertsona guztiak SARBIDE-KONTROLETIK igaroko dira, eta harrerako langileekin elkarlanean arituko dira, tenperatura eta COVID-19arekin lotutako sintoma posibleak kontrolatzeko. Sintomaren bat badute, sarbidea ukatuko zaie.
- MASKARA ERAMANGO DA instalazioetan edo aretoan dagoen DENBORA GUZTIAN.
- EZIN DA IBILI egin beharreko lana egiten den lekuetara sartzeko ezarritakoak ez diren guneetatik.
- EZ DA LANEKO ERREMINTARIK EDOTA BESTE ELEMENTURIK PARTEKATUKO enpresa desberdinetako langileen artean.
- EZ DIRA LANEKO EKIPAMENDUAK ERABILIKO, solaskideak berariaz baimentzen duenean izan ezik eta kutsatzea mugatzeko beharrezko prebentzio-neurriak hartzen diren kasuetan salbu (erabili eta botatzeko materialarekin babestea edo desinfektatzea).
- Gutxienez 2 metroko SEGURTASUN TARTEARI eutsiko zaio langileen artean, lana egiteko ezinezkoa den egoeretan izan ezik. Kasu horretan, zorrotz beteko dira zuhurtasun-neurri unibertsalak.
- HIGIENE NEURRIAK ZORROZTEA:
- ESKUEN HIGIENEA: sarri-sarri garbituko dira eskuak.
- Ez ukitu begiak, aurpegia eta ahoa.
- ARNAS HIGIENEA: maskara kirurgikoa edo FFP2 jantzita eramango da beti.
- AIREZTATZEA: lan-eremua sarri aireztatuko da, leku itxia eta partekatua bada.
- LANA AMAITUTAKOAN, dena bilduta utziko da, baita sortutako hondakinak ere.
- Solaskideari jakinaraziko zaio lanak amaitu direla.
Prebentzio Aholkularitza, Mutualiak berak duen Prebentzio Zerbitzuaren laguntzarekin


