
Aztertuko dugu enpresak langileari emandako ibilgailuaren GPSarekin lortutako datuak erabiltzea zilegi den edo ez den, kaleratzeko diziplina-neurri bat ezartzeko, enpresak onartzen ez duen helburuetarako erabiltzeagatik.
Ildo horretan, ika-mika sortzen da aztertzen dugunean ibilgailu baten geolokalizazioaren arazoari eta horrek kontratu-harremanean dituen ondorioei nola heldu behar zaion –nahiz eta enpresak langile bat kaleratzeko erabilitako datuak ez izan zuzenean lan-prestaziotik eratorrita–, eta langileen intimitaterako eskubideari nola eragiten dion.
Beraz, kasu honetan, aztertu egin behar dugu, batetik, Konstituzioaren 18.1 artikuluak babestutako intimitaterako eskubidearen balizko urraketa, horrek ekarriko bailuke kaleratze bidezko azkentze-erabakiaren deuseztapena eta zehatutako langilea berriz hartzeko enpresaren betebeharra –Langileen Estatutuari buruzko Legearen 56. artikulua–, eta, orobat, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren aplikazioa, zeinak 90. artikuluan intimitaterako eskubidea arautzen baitu lan-arloan geolokalizazio-sistemak erabiltzean, honela: “1. Enplegatzaileek geolokalizazio-sistemen bidez lortutako datuak tratatu ahal izango dituzte, langileen edo enplegatu publikoen kontrol-eginkizunak betetzeko, Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluan eta funtzio publikoaren legerian, hurrenez hurren, aurreikusitako moduan, betiere, eginkizun horiek beren lege-esparruan eta hari dagozkion mugekin betetzen badira. 2. Aldez aurretik, enplegatzaileek berariaz, argi eta garbi eta zalantzarik gabe jakinarazi beharko dizkiete langileei edo enplegatu publikoei eta, hala badagokio, haien ordezkariei, gailu horiek daudela eta haien ezaugarriak. Halaber, informazioa eman beharko diete datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, tratamendua mugatzeko eta datuak ezabatzeko eskubideak balia ditzaketen jakiteko”.
Horrelako kasuetan, enpresak erabilitako baliabidea legitimatzeko eta langileen intimitaterako eskubidean ez sartzeko benetan garrantzitsua dena da langileak geolokalizazio-gailuaren instalazioaren berri izatea, eta, alde batetik, ibilgailuaren erabilera lan-jarduerara mugatzen duen agindu argi bat egotea, eta, bestetik, une oro ibilgailuaren mugimenduari eta kokapenari buruzko datuak baizik ez jasotzea.
Beraz, garrantzitsua da enpresak argi eta garbi ezartzea zein diren langileei emandako tresnak erabiltzeko oinarriak, eta zalantzarik gabe jakinaraztea enpresak entregatutako tresnak kontrolatuko dituela, eta zein bitartekoren bidez egingo duen, baliabideak modu egokian erabiltzen ari direla egiaztatzeko, emandako baliabidearen eraginkortasuna bermatuta.
Hortaz, langileek goian adierazitakoa behar bezala jakiteak soilik emango dio modua enpresari lortutako datuak erabili ahal izateko fiskalizatzeko edota are zigortzeko ere, intimitaterako eskubidean eskua sartzeko baimena izanda.
Puntu honetan galdera berri bat agertzen zaigu: ea datuak legezko eran erabiltzeko aukera ematen denean lanaldian lortutako datuetara mugatzen den, edo lanalditik kanpo lortutakoetara zabal daitekeen, hau da, ea noraino hedatzen den “intimitatearen arrazoizko itxaropena” deritzona; esan nahi baita, ea datu horiek erabil daitezkeen enpresan tolerantziarik ez badago emandako baliabideak erabiltzeko, eta, beraz, enpresaren eskubidea sortzen den; hortaz, enpresak modu frogagarrian jakinarazi badu bere jabetzako tresnak lanalditik kanpo erabiltzea debekatuta dagoela, eta, ondorioz, horiek erabiltzea zilegi ez bada, datuen kontrola ezin da mugatu lanaldi hutsera, eta zilegizkoa ez dela dakien enpresa behartu hori nahitaez jasatera, kontrolatu gabe.
Ildo horretan, Auzitegi Gorenaren IV. Salak berriki emandako epaia jaso nahi dugu, 2020ko irailaren 15ekoa, kontsultatutako auzia ebazten duena.
Jesus Mª Vicente Cuadrado
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua