videovigilancia en empresas
Itzuli

Enpresetan bideozaintzako gailuak erabiltzeari buruzko arau- eta jurisprudentzia-esparrua gaur egun 

Artikulu honetan landuko dugun gaian zentratzeko, lehenik eta behin, aplikatu beharreko araudia aipatu behar da, gaur egungo jurisprudentziaren ikuspuntutik aztertu ahal izateko. 

Espainiako Konstituzioaren 18.4 artikuluan hau aurreikusten da: 

“Legeak informatikaren erabilera mugatuko du, herritarren ohorea,  norberaren nahiz senitartekoen bizitza pribatua, eta haien guztien eskubideen egikaritza osoa bermatzeko”. 

Bestalde, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 20.3 artikuluak hau xedatzen du: 

“20. artikulua. Laneko jarduerak zuzendu eta kontrolatzea. 

  • 3. “Langileak laneko bere betebehar eta eginbeharrak betetzen dituela egiaztatzeko zaintza eta kontrolerako neurririk ustez egokienak har ditzake enpresaburuak, langilearen giza duintasunari zor zaion begirunea zainduz, bai neurriok hartzerakoan zein ezartzerakoan ere; hala dagokionean, desgaitasuna duten langileen benetako gaitasuna hartu behar du kontuan”. 

Ondoren, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa jasoko dugu: 

22. artikulua. Bideozaintza helburu duten tratamenduak. 

  • 1. Pertsona fisiko edo juridikoek, publiko edo pribatuek, irudien tratamendua egin ahalko dute kamera- edo bideokamera-sistemen bidez, pertsonen eta ondasunen segurtasuna gordetzeko, bai eta beren instalazioena ere. 
  • 2. (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 12. artikuluak xedatutako informatzeko eginbeharra bete dela ulertuko da informazio-gailua erraz ikusten den toki batean jartzen denean eta gailuak gutxienez hauen berri ematen duenean: tratamenduaren berri, arduradunaren identitatearen berri eta Erregelamenduaren 15.etik 22. artikulura artekoek xedatutako eskubideak egikaritzeko aukeraren berri. Era berean, informazio horretara daraman lotura-kodea edo Interneteko helbidea sartu ahal izango da informazio-gailu horretan”. 

Horren harira, EB 2016/679 Erregelamenduak —datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa— hau ezartzen du: 

“12. artikulua: EBFTren 16. artikuluko 2. apartatuan, Europako Parlamentuari eta Kontseiluari ematen zaie datu pertsonalen tratamenduaren arloko pertsona fisikoen babesari buruzko arauak eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzeko ardura”. 

Halaber, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 89. artikuluan xedatutakoa jasoko dugu: 

“89. artikulua. Intimitaterako eskubidea, lantokian bideozaintzarako eta soinu-grabazioetarako gailuak direnean. 

  1. Enplegatzaileek zilegi izango dute kamera-sistemen bidez edo bideokameren bidez lortutako irudiak tratatzea, langileak edo enplegatu publikoak kontrolatzeko, Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluan eta funtzio publikoaren gaineko legerian, hurrenez hurren, ezarritako eginkizunak betetzen dihardutenean, baldin eginkizun horiek haien lege-esparruaren barruan eta esparru horri dagozkion mugen barruan egikaritzen badira. Enplegatzaileek neurri horren jakitun ipini behar dituzte langileak edo enplegatu publikoak eta, hala badagokio, haien ordezkariak ere, aldez aurretik, berariaz eta argi eta labur”. 

“Langileek edo enplegatu publikoek legez kontrako ageri-ageriko ekintzaren bat egin dutela atzematen bada, informatzeko eginbeharra jadanik betetzat joko da baldin lege organiko honen 22.4 artikuluan aipatzen den gailua, gutxienez, existitzen bada”. 

Arau horiekin guztiekin, auzitegiek epaiak eman dituzte dagokigun gaiaren inguruan, eta lan-prestazioa bideozaintzako gailuen bidez kontrolatzeari buruzko aurretiazko informaziorik izan ez den kasuak zehaztu dituzte. 

Auzitegi Konstituzionalaren 39/2016 epaiak (martxoaren 3koa) ohartarazi zuen, hartutako neurriaren proportzionaltasuna aztertu ondoren, aldez aurretiko informazioa ematearen betebeharra hausteak ekarriko lukeela datuen babeserako funtsezko eskubidea bakarrik urratzea. 

Auzitegi Konstituzionalaren 119/2022 epaiak (irailaren 29koa) ezarri zuenez, enpresaburuaren informatzeko betebeharrak ez du eskatzen langilearen berariazko baimena, baina enpresaburuak aldez aurretik, modu argian eta berariaz jakinarazteko betebeharra du, funtsezko eskubide baten berme saihetsezin gisa; eginbehar hori betetzeko, toki ikusgai batean  jarri behar da  sistemaren, haren arduradunaren eta datuen tratamendutik eratorritako eskubideen berri ematen duen gailua (legez kontrako ageri-ageriko jokaera bat egin bada) . 

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 2019ko urriaren 17ko epaiak adierazi zuen interes publiko edo pribatuak aginduz babesteko betebeharrak bakarrik justifika dezakeela bideozaintzako gailuei buruzko aldez aurretiko informaziorik ez izatea.  

Azkenik, Auzitegi Goreneko Laugarren Aretoaren 23/205 epaia, urtarrilaren 14koa, aipatuko dugu. Kasu horretan, langile bat kanporatu zuten mota horretako gailuak erabiltzen zituen enpresa batetik; ez zegoen aldez aurretiko informaziorik, baina langileek bazekiten gailuaren berri, eta hartutako neurriari ezaugarri hauek aitortu zaizkio: 

  • Justifikatua, langilearen jokabide irregularra susmarazten zuen zantzu nahikoa zegoelako. 
  • Lortu nahi zen helbururako egokia; hain zuzen, jarrera legez kontrakoa zela frogatzea zen helburua, eta hala egiaztatu zen irudiak ikusita. 
  • Beharrezkoa, dirudienez ezin baitzen inbasio-maila txikiagoko bestelako neurri eraginkorrik hartu laneko arau-haustea ziurtatzeko. 
  • Proportzionatua, kontratuzko fede onaren aurkako jarrera ziurtatzeko bidezko baliabide gisa. 

Laburbilduz, eta kasu guztiak banan-banan aztertzeko beharra alde batera utzi gabe, ondoriozta dezakegu enpresetan laneko jarduera kontrolatzeko jarritako bideozaintzako gailuen instalazioari buruzko informazioa aldez aurretik emateko eginbeharra ez betetzeak ez dituela urratzen datu pertsonalen babesaren funtsezko eskubidea eta intimitaterako eskubidea ageri-ageriko ekintza bidegabe bat egin denean

Jon Careaga Correa 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua  

Lotutako berriak