persona con gafas mirando una pantalla
Itzuli

Epaia: Betaurreko graduatuen gastuak itzultzea

EUROPAR BATASUNEKO JUSTIZIA AUZITEGIAREN 2022-12-22ko EPAIARENA (JAren C-392-21 auzia INSPECTORATUL GENERAL PENTRU IMIGRARIren aurka) 

epaia

LABURPEN EXEKUTIBOA ETA ONDORIOAK

a. Iruzkinduko den Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2022-12-22ko epaiak (C-392-21 auzia, Justizia Auzitegi Nagusia vs Inspectoratul General Pentru Imigrari) 90/270 Zuzentarauaren 9.3 artikulua interpretatzen du (zeinaren Espainiako zuzenbiderako  zuzeneko transposizioa apirilaren 14ko 488/1997 Errege Dekretuaren 4.3 artikulua baita, bistaratze-pantailak dituzten ekipamenduekin lan egiteari buruzko gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenei buruzkoa; 1997-04-23ko BOEn argitaratua). Izan ere, Errumaniako langile batek, bistaratze-pantailekin lan egiten duena eta betaurreko graduatuak erabiltzeko beharra sortzen dioten ikusmen-afekzioak dituena bera, betaurreko graduatuak erostearen kostua itzultzeko eskatu dio enplegatzaileari, uste baitu Zuzentarauaren aipatutako 9.3 artikuluan aipatzen diren gailu zuzentzaile bereziak direla betaurreko horiek.

b. Epai horren arabera, Zuzentarau horren 9.3 artikulua honela interpretatu behar da:

  • Xedapen horretan aurreikusten diren «gailu zuzentzaile BEREZIAK» honako BETAURREKO GRADUATU hauek dira: espezifikoki balio dutenak bistaratze-pantaila batez hornitutako ekipamendu baten bidez egindako lan bati lotuta dauden ikusmen-nahasmenduak zuzentzeko eta prebenitzeko.
  • Bestalde, «gailu zuzentzaile BEREZI» horiek ez dira soilik lanbide-eremuan erabiltzen diren gailuetara mugatzen.
  • Enpresaburuak eraginpeko langileei gailu zuzentzaile berezi bat emateko betebeharra bete daiteke, bai enpresaburuak gailu hori zuzenean entregatuz, bai langileak egin behar izan dituen gastuak ordainduz, baina ez langileari soldata-osagarri orokor bat ordainduz.

c. Epaiaren arrazoibideen arabera:

  • Beharrezkoa da langileak, normalean eta bere lan arruntaren zati handi batean, bistaratze-pantailak dituzten ekipamenduak erabiltzea, Zuzentarauak berak zehaztutako baldintzetan eta salbuespenekin.
  • Ikusmen-nahasmenduak izatea, Zuzentarauaren 9.1 artikuluan aurreikusitako edozein azterketa medikotan diagnostikatuak (baita «bistaratze-pantaila fisiko batekin lanean hasi aurretik egiten diren azterketetan ere»).
  • Ez da eskatzen nahasmendu horien jatorria bistaratze-pantailekin egindako lanak izatea, eta, beraz, lanarekiko loturak ez du zertan kausalitatezkoa izan.
  • Baina beti eskatuko da lotura bat egotea nahasmendu horien eta bistaratze-pantailekin egiten diren lanen artean, bi zentzutan; izan ere: (i) nahasmendu horiek bistaratze-pantailekin lan egiteko garrantzitsuak izan behar dute, eta (ii) gailu zuzentzaile arruntekin zuzendu ezin badira, gailu zuzentzaile bereziek, espezifikoki, langilearen lanarekin lotutako ikusmen-nahasmenduak zuzentzeko izan behar dute beharrezkoak, eta ez ikusmen orokorreko arazoak zuzentzeko.

d. Nolanahi ere, jurisdikzio-organo nazionalari dagokio (edo eskaerari buruz erabaki behar duen agenteari/enpresari) kasuaren funtsezko egitate zehatzak egiaztatzea, eta, bereziki, funtsezko baldintza hau: ea betaurreko graduatuek (zeinen zenbatekoa erreklamatzen baita) benetan balio duten bistaratze-pantailekin lotutako ikusmen-nahasmenduak zuzentzeko, eta ez arazo orokorrak zuzentzeko, lan-baldintzekin nahitaez zerikusirik ez dutenak.

e. Horregatik, iruzkindutako Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiak zalantzak argitzen eta definizio jakin batzuk zehazten baditu ere, ezin da ondorioztatu enplegatzaileak, oro har, ikusmen-nahasmenduen edozein kasutan gailu zuzentzaileak hornitu behar dituenik, bistaratze-pantailekin lan egite hutsagatik1.

f. Beraz, kasu bakoitza aztertu beharko da, bakoitzaren inguruabarren arabera, eta, azken batean, aurretik analizatutako apartatuetan adierazi diren ezaugarri guztiak betetzen diren ala ez egiaztatzearen arabera. Alderdi horretarako erabakigarria izango da azterketa mediko optiko/optometrikoaren ondoriozko judizio diagnostikoa eta adierazpena.

Hau da, ezinbestekoa izango da kasu zehatz bakoitzean gertatzen diren egitateak analizatzea, eta, bereziki, badirudi funtsezkoak izango direla kasuan kasuko ondorio diagnostikoaren eta preskripzio mediku oftalmologiko/optometriko xehatuaren ondorioak, zehaztasunez mugatzeko 90/270 Zuzentarauaren 9. artikuluan eta 488/1997 Errege Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako azterketa medikoan diagnostikatutako ikusmen-nahasmenduaren izaera. Hori jakinda, zehaztu ahal izango da nola eragiten duen nahasmendu horrek bistaratze-pantailekin langileak egiten duen lan profesionalean, eta zein den nahasmendu hori zuzentzeko –zehazki eta espezifikoki, lanaren garapenari dagokionez– behar den eta egokia den gailu zuzentzaile berezia (betiere, osasuna zaintzeko azterketa mediko horren emaitzak gailu horren beharra erakusten badu eta gailu zuzentzaile arruntik erabili ezin bada).

Hori guztia beharrezkoa da kasu zehatz bakoitzean analizatzeko ea enpresaburuak gailu zuzentzaile berezi bat eman behar dien ukitutako langileei, zuzenean entregatuz edo langileak egin behar izan dituen gastuak ordainduz.

José Ángel Moral Sáez-Díez

Kepa Bilbao Zubiaur


Letradua

Teknikari juridikoa

Lotutako berriak