Datorren maiatzaren 12an Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, erizainek osasun-arretan egiten duten lana aintzatesteko eguna. Mutualian, 130 erizainek baino gehiagok zaintzen eta artatzen dituzte pazienteak gure hiru ospitaleetan eta anbulatorioetan, Erizaintza Zuzendaritzarekin koordinazioan.
Erizaintza Zuzendaritzaren konpromisoa
Mutualiako Erizaintza Zuzendaritzak, asistentziaren kalitatea eta praktika kliniko bikaina bermatzen du, eta, gainera, konpromisoa du erizainen garapen profesionalarekin. Erizaintzako lantaldea antolamendu-balioetan oinarritzen da, pazientea bere arreta-ekintza guztien erdigunean jartzeko eta seguru sentiarazteko, eta pazienteak esperientzia positiboa izan dezan arreta medikoak dirauen artean.
“Pazientea seguru eta protagonista senti dadin nahi dugu; hala, ahaldundu egingo da sendatzeko eta erabakiak hartzeko prozesuan.”
Esku hartzeko eremuak
Mutualiako erizainek zenbait jarduera egiten dituzte. Asistentziaren alorreko erizainak kontsultetan, ebakuntza-gelan, ospitaleratzeetan, larrialdietan eta anbulatorioetan aritzen dira. Administrazioaren eta osasungintzaren alorreko erizainek, berriz, kontingentzia arruntengatiko bajen jarraipena egiten dute eta haurdunaldiko eta edoskitzaroko arriskuak baloratzen dituzte, besteak beste.
“Diziplina anitzeko ikuspegi horri esker, osotasunez artatzen dira pazienteen premiak, eta arreta oso eta pertsonalizatua bermatzen zaie.”
Etengabeko prestakuntza: funtsezko oinarria
Etengabeko prestakuntza funtsezkoa da Mutualiarentzat, eta erakundearen erronka nagusietako bat. Hala, urteko trebakuntza-plan bat dugu, profesionalki garatzea eta jakintzak eguneratzea bermatzen duena. Zenbait gaitasun (komunikazioa, lidergoa, pazientearen segurtasuna, osasun-arretako etika, etab.) lantzeko trebakuntzak ere egiten dira plan horren barruan.
“Etengabeko prestakuntza funtsezkoa da asistentzia-kalitatearen bikaintasuna eta pazientearen segurtasuna bermatzeko”
Erizaintzaren lidergoa Mutualian
“Mutualiako erizainek diziplina anitzeko zenbait talde zuzentzen dituzte, eta pertsonen zaintzari, berrikuntzari, humanizazioari eta asistentziaren kalitateari eta pazientearen segurtasunari lotutako proiektuak bultzatzen dituzte.”
Lan hori guztia, gainera, langile guztien artean zehaztutako gobernantza-ereduaren eta balioen arabera egiten dute, alderdi hauek oinarri direla: profesionaltasuna, gertutasuna, taldea, gardentasuna, abangoardia eta efizientzia.