ana capalastegui mutualia
Itzuli

ERRADIOLOGIAKO HUMANIZAZIOA

Erradiologia medikuntzako alorrik berritzaileenetakoa da, eta balioa eransten die gainerako medikuntza-espezialitate gehienei.

Azaroaren 8an, 2022ko Nazioarteko Erradiologia Eguna ospatuko da, lelo honen pean: “Erradiologoak eta ETE/DIGTak pazienteari laguntzen”. 

Ana Capelastegui Alber Mutualiako erradiologia-arduraduna elkarrizketatu dugu, eta azaldu digu zein diren irudi bidezko diagnostikoaren funtzio nagusiak eta medikuntzan zein ekarpen egiten duen. 

Zer esan nahi dugu irudi bidez egindako diagnostikoaz ari garenean? 

 

Irudi bidezko diagnostikoaz ari garenean, erradiodiagnostikoaz edo, besterik gabe, ERRADIOLOGIAz ari gara. Diagnostiko medikoa egiteko, giza gorputzaren irudiak eskaintzen dituzten teknikak dira. Irudi bidezko diagnostikoak medikuntzaren arlo guztiak hartzen ditu, baina Mutualian erradiologia muskulu-eskeletikoan zentratzen gara, patologia traumatikoaren esparruan lan egiten baitugu. Munduko Osasun Erakundearen arabera, medikuntzako erabakien % 80 baino gehiago proba erradiologikoen laguntzarekin hartzen da gaur egun. Eta, hala ere, gure zerbitzuak ezezaguna izaten jarraitzen du instalazioetatik pasatzen diren pertsonentzat. 

 

“Oso teknifikatuta dagoen ingurune batean lan egiten dugu, batzuek agresibotzat hartzen duten ingurune batean. Batzuetan masifikatu ere egiten da, irudi diagnostikorako sarbidea unibertsala baita, eta atzerapenak murrizteko presioa baitago. Hala ere, ez dugu ahazten irudi bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela beti, eta historia bat.” 

 

Zer proba mota hartzen ditu? 

 

Hainbat irudi-teknika erabiltzen ditugu. Hedatuena erradiografia da; mende bat baino gehiago duen arren, funtsezkoa da oraindik ere muskulu-eskeletoko patologiak interpretatzeko. Azken urteetako garapen teknologiko handiei esker, badira beste proba batzuk ere: ekografia, tomografia konputerizatua (TAC edo “eskanerra”) eta erresonantzia magnetikoa (EM). Giza gorputzaren kalitate handiko irudiak ematen dituzte. Gaur egun, irudi guztiak digitalak dira, antzinako “plakak” desagertu egin dira, eta ingurune digital horri esker, irudiak errazago transmititu, gorde eta aztertzen dira. Itxaropen handiko etorkizuna dugu, berrikuntza teknologikoak baitaude etengabe. 

AnaCapelastegui (fondo logo)

Mutualian X Izpien ekipoak ditugu gure laguntza-zentro guztietan, eta erresonantzia magnetiko eta ekografia ekipoak 3 kliniketan. 

 

Zer-nolako lanbide-profila behar da? 

 

Arlo honetan bi motatako profesionalak ditugu lanean: erradiodiagnostikoan espezialista diren medikuak (erradiologoak) eta erradiodiagnostikoan espezialista diren teknikariak (ETE). Erradiologook azterketak zuzentzen ditugu, eta irudiak interpretatzen; hala, azterketa eskatu duen medikuak egindako galderari erantzungo dion txosten bat egiten da. ETE-ek probak egiten dituzte, eta irudi-ekipoak eraginkortasunez eta segurtasunez erabiltzeko trebatuta daude; gainera, pazienteari laguntzen diote gure instalazioetan dagoen bitartean. Garapen teknologikoetara egokituta egon behar dutenez, etengabeko prestakuntza espezifikoa jaso behar izaten dute. 

 

Hitz egin dezagun pazientearen segurtasunaz erradiologian 

 

Erradiografiak eta TACak erradiazio ionizatzailea (X Izpiak) erabiltzen dute, eta, beraz, efektu biologiko kaltegarriak sor ditzakete. Hori dela-eta, ekipo horiek kontrolatuta daude, eta profesionalek eta agintariek berrikusi egiten dituzte; izan ere, pertsonen segurtasuna bermatzeko legeria zorrotz baten mende daude. Profesionalek badakigu nola ziurtatzen den pazienteak ahalik eta dosirik txikiena jasotzea, irudien kalitate diagnostikoa murriztu gabe. Bilakaera teknologikoak lagundu egiten digu, eta, ekipo berriei esker, erradiazioa are gehiago murrizten dugu. 

Erresonantzia magnetikoak bi energia-iturri erabiltzen ditu: magnetismoa (ekipoa iman indartsu bat da) eta irrati-frekuentzia. Ez du X Izpirik erabiltzen, eta teknika segurua da, kontrako efekturik gabea. Hala ere, balizko arrisku batzuk daude, erresonantzia-gelan gailu metalikoak edo elektronikoak sartzen badira; beraz, gela horretarako sarrera kontrolatu egiten da, eta segurtasunez nor sar daitekeen jakin behar da galdetegi baten bidez. Elementu metalikoek desplazamendu-arazoak sor ditzakete, imanak erakarri egiten baititu (adibidez, guraize batzuk poltsikoan ditugula sartzen bagara, hegan aterako dira, imanak erakarrita) edo berotze-arazoak izan daitezke (irrati-maiztasuneko uhinen eraginez, metala berotu egiten da, mikrouhin-labe batean bezala). Tatuaje batzuek pigmentu metalikoak dituzte, eta berotzen badira, azaleko erredurak eragin ditzakete. Gorputzean jarrita dauden gailu elektronikoek (taupada-markagailuek, infusio-ponpek, eta abarrek) funtzionamendua alda dezakete, eta, beraz, kontraindikaziotzat hartzen dira. Erradiologiako profesionalok badakigu egoera horietako bakoitza nola baloratu, pazientearen segurtasuna bermatzeko. 

 

“Pazienteak diagnostiko-ekipoen beste aldean nor dagoen jakin dezan nahi dugu. Pazienteari lagunduz, Erradiologia humanizatzeko lan egiten dugu.” 

 

Zer esan nahi dugu erradiologiako humanizazioaz ari garenean? 

Gaur egun, Irudi bidezko Diagnostikoaren arloa oso teknifikatuta dago, eta batzuentzat, inguru hori hotza da, oldarkorra eta arriskutsua. Gure lana da pazientea ahalik eta ondoen egotea, gure instalazioetan dagoen bitartean: prozesu osoan zehar berarekin egoten gara, eta proba nolakoa izango den azaltzen diogu, bere zalantzak argitu eta lasaitu egiten dugu. X Izpien bidezko tekniketan, paziente asko erradiazio ionizatzailearen efektuen beldur izan ohi da, eta jakin behar dute ia ezinezkoa dela ondorio kaltegarriak agertzea medikuen eskariz egindako frogen ondorioz. Erresonantziari dagokionez, paziente askok klaustrofobia izaten dute, baina gehien-gehienek arazorik gabe egiten dute proba; izan ere, ekipoak geroz eta zabalagoak dira eta geroz eta erosotasun handiagoa eskaintzen dute (zaratarako kaskoak dituzte, proban zehar musika jartzen zaie, eta ETE-ek begiz kontrolatzen dituzte beren postutik). 

“Erradiologia humanizatzea arreta berriro pertsonengan jartzea da, enpatia, errespetua eta duintasuna bultzatzea, eta teknologia tresna bat baino ez dela ulertzea, gaixotasunak diagnostikatzen eta haien tratamendua bideratzen laguntzen diguna.”  

 

Mutualian, pazientearen segurtasuna eta osasunaren zaintza humanizatzea ildo estrategikoak dira guretzat, eta balioen kultura oso zabalduta dugu. 

 

Erradiologiaren Egun zoriontsua izan dezazuela! 

Lotutako berriak