accidente de trafico
Itzuli

ERREPIDE ARRUNTAK, UDAKO BESTE ARRISKU BAT

Uda guztietan gertatzen den bezala, ugaritu egiten dira joan-etorriak edozein motatako errepideetan. Hori dela eta, errepide arruntetako zirkulazioak ere gora egiten du.

Errepidean hildako hirutik bi bide horietan gertatzen dira. Erabiltzaile ahulenei erreparatuta, arazoa oso nabarmena da: lau motorzaletatik hiru eta harrapatutako 118 oinezkoen ia erdiak hil egin ziren.

Errepide arruntak —Espainian, bideen % 89— arriskutsuenak dira gure inguruko herrialdeetan ere. Hilgarritasun horren erruaren zati bat haien diseinuari dagokio. Haiek berritzen ahalegintzeko garaia iritsi da, bide horiek errealitate ukaezin batera egokitzeko: gidariek akatsak egiten dituzte, eta, oraingoz, errepide arruntetan ordaindu egiten da hori.

Sare arruntean ezbehar-tasa murrizteko, errepideak ikuskatu behar dira eta administrazio guztiek haietan inbertitzen hasi behar dute, orain arte inoiz egin izan ez den moduan. Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak bide horien prebentziozko kontserbazio-eredu bat abiarazi zuen 2023an, 300 milioi euroko zuzkidura zuena, hiru urtean zehar aplikatzeko. Sare arruntaren kontserbazioa hobetzeaz gainera, lehentasuna da sarea zatiz zati analizatzea eta leku bakoitzera egokitutako konponbideak ematea. Izan ere, errepide konbentzional guztiak ez dira berdinak, ez azpiegituraren ikuspegitik bakarrik, baita funtzionaltasunaren ikuspegitik ere.

INBERTSIO ERAGINKORRA

Denak balio du errepide arruntetan ezbehar-tasaren egoera itzulikatzeko: hala soluziorik sofistikatuena nola sinpleena. Aldaketa txikiak eginda ere, asko lor daiteke.

  • Soinu-gidak: banda fresatuak dira, galtzadatik irteteko edo beste errei bat inbaditzeko arriskuan gaudela ohartarazten digutenak.
  • Segurtasun-hesiak: ibilgailua galtzadatik irtetea eta oztopo baten aurka talka egitea eragozten dute.
  • Marruskadura handiko zoladurak: balaztatzean marruskadura handitzea ziurtatzen dute eta aquaplaninga saihesten.

Hain zuzen ere, Espainiako Errepidearen Elkarteak egindako “Nola salbatu 300 bizitza urtean Espainian” izeneko txostenak erakusten du zein onuragarria den errepide arruntetan kostu txikiko esku-hartzeak, arestian azaldu ditugunen antzerakoak, egitea. Neurri sinple horietaz gainera, orain arteko azpiegitura-soluziorik arrakastatsuenetako bat 1998an sortu zen Suedian: 2+1 errepideak. Errepide arruntak dira, hiru erreiko errepide bihurtuak: bat zirkulazioaren noranzko bakoitzerako, eta beste bat, erdikoa, hesi batez babestua, era seguruan aurreratzeko erabiltzen dena leku bakoitzeko arriskuaren arabera, errei nagusietako batetik bestera txandakatuz. Sistema horrekin, Suediak % 50eko murrizketa lortu du hildakoetan eta zauritu larrietan.

Azpiegitura-neurri horietaz guztiez gainera, ez dugu ezkutatu behar abiadura dela bide horietako arrisku-faktoreetako bat. Bide horietako gehienek bi noranzko dituzte. Hartutako neurrien arteko bat errepide arruntetako abiadura 100etik 90era jaistea izan zen. Hurrengo urtean, bide horietan hildakoen kopurua % 10 murriztu zen.

Lotutako berriak