Itzuli

Erretiro aktiboari buruzko informazioa eta galderak

Erretiro aktiboa 5/2013 Errege Lege Dekretuan jasotzen da, non langile zaharrenen lan-bizitzaren jarraipenaren aldeko neurriak eta zahartze aktiboa sustatzeko neurriak ezartzen baitira: soldata eta pentsioa aldi berean jasotzeko aukera ematen duen modalitate bat da; hartaz baliatzen direnek pentsioa eta besteren edo norbere konturako lan-jarduera bat bateratu ditzakete denbora jakin batez, betiere urteko diru-sarrerek ez badute LGSa gainditzen.

Pentsioa jasotzen den artean egiten den lanak ez du ordu-mugarik; beraz, jardunaldi partzialekoa edo osokoa izan daiteke.

Eskakizunak eta kotizatuta eduki beharreko urteak

  • Erretiratzeko legezko adina betea izatea. 2027an, 67 urte izango da adin hori. Ordura arte, 65 urtetik 67 urterako trantsizio-aldi bat ezarri da, kotizatutako urteen arabera aldatzen dena. Esate baterako: 2024an, 38 urte edo gehiago kotizatu badira, erretiroa 65 urterekin hartu ahal izango da; eta 38 urte baino gutxiago kotizatu badira, 66 urte eta hiru hilabeterekin, Gizarte Segurantzak adierazten duenez.
  • Erretiro aktiboa hartu ahal izateko, gutxienez urtebete igaro behar da erretiro-adin arrunta betetzen denetik.
  • Pentsioaren % 100 jasotzeko adina urte izan behar dute kotizatuta.
  • Onuraduna pentsioduntzat joko da ondorio guztietarako.
  • Modalitate hau bateraezina da erretiro aurreratuarekin.
  • Gizarte Segurantzaren sisteman pentsioetarako ezarritakoaren arabera birbalorizatuko da pentsioa.

Zer baldintza bete behar dituzte langile autonomoek?

Autonomoek baldintza berdinak bete behar dituzte erretiro-mota hori hartzeko: gutxienez urtebete igaro behar da erretiro-adin arrunta bete dutenetik, eta pentsioaren % 100 kobratzeko adina urte izan behar dituzte kotizatuta.

Autonomoak pentsio aitortu totalaren % 50 sartu behar du, ez badu bere kargurako langilerik; aldiz, gutxienez soldatapeko langile bat kontratatuta duela frogatuz gero, zenbateko hori % 100era igo daiteke.

Nola egin behar da eskaera?

Erretiro aktiboa eskatzeko, Gizarte Segurantzak emandako eskaera-orria bete behar du interesdunak, eta bere datu pertsonalak eta zerga- eta kotizazio-datuak eman. Langileak inprimaki hau bete behar du: enpresak erretiro aktiboko pentsioa eskatzeko erabiltzen duen adostasun-eredua.

Pentsio txikiagoa kobratuko dut erretiro aktiboarekin?

Bai. Lan egin bitartean, erretiro-pentsioaren zenbatekoa % 50 murrizten da, hasierako aintzatespenari dagokionez. Hala ere, erakundeak gogorarazi duenez, erretiratuak bere kontura lan egiten badu eta gutxienez langile bat kontratatuta duela frogatzen badu, erretiro aktiboagatiko pentsioa % 100ekoa izango da.

Modalitate honetan, lanerako ezintasunagatik bakarrik kotizatzen da, eta % 9ko ordainketa solidarioa dakar berekin, bi alderdiek ordaindu beharrekoa: % 7 enpresak eta % 2 langileak.

Nola kalkula dezaket zer pentsio jasoko dudan erretiro aktiboa hartzen badut?

Gizarte Segurantzak simulagailu bat du Zure Gizarte Segurantza webgunean. Cl@ve, NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala erabiliz sartu behar da, eta sistemak datu-leiho berri bat irekiko du.

Zer desberdintasun dago erretiro aktiboaren eta malguaren artean?

Erretiro aktiboaz ari garenean, langileak erretiro-adina bete du, eta lanean jarraitu nahi du, pentsioa kobratzen duen bitartean. Erretiro malgua alderantzizko prozesua da: langilea erretiratuta dago, eta berriro itzuli nahi du lan-merkatura. Langile autonomoek ezin dute modalitate honetaz baliatu.

Modalitate honekin, besteren konturako lan-jarduera bat erretiro-pentsioaren parte bat kobratzearekin bateratu daiteke. Hala ere, langileak pentsiodun aitortza jaso ondoren hasi behar du lanean, ez lehenago. Gainera, lanaldi partzial murriztuan egon behar du kontratatuta, eta horri dagozkion baldintzetan.

Lotutako berriak