
Raquel Martínez. Mutuliako Aholkularitza Juridikokoa
Hizpide dugun epai interesgarri hau ekarri duen egitatea langile bati, PARADORES DE TURISMO DE ESPAÑA enpresako zerbitzariari, dagokio; langile horrek erretiro partziala eskatu zuen 2008ko urriaren 2an, lanaldiaren % 85a murriztuta, eta, enpresak eta langileak urteko 269 orduko kontratua sinatu zuten –lanaldiaren % 15–, 2008ko urriaren 2tik 2011ko abenduaren 12ra arte, langileak, orduan, 65 urte bete eta erretiro osoa hartuko baitzuen.
Enpresak eta langileak kontratu horren zerbitzu-prestazioa 2008ko abenduaren 1etik 2009ko maiatzaren 11ra egitea (40 orduko lanaldia astean) hitzartu zuten, pribatuan.
Halaber, enpresak errelebu-kontratu bat sinatu zuen beste langile batekin, 2008ko abenduaren 2tik 2011ko abenduaren 12ra arte.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN), 2009ko urtarrilaren 14ko ebazpenaren bidez, erretiro partziala onartu zion langileari.
Lan Ikuskaritzak arau-hausteko akta egin zuen 2009ko abenduaren 21ean, jurisdikzio-arloan ezeztatua; hala ere, GSINk enpresa-deribazioko eta bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko espedientea hasi zuen 2010eko uztailaren 29an, lanaldia metatuta, erretiro aurreratu bat zela iritzita. Horrek errelebu-kontratuari ere eragingo zion, lege-iruzurrean eginda zegoen eta.
Erakunde Kudeatzaileek jarritako demanda lehenik aztertu zuen Lan-arloko epaitegiak, 2015eko otsailaren 18ko epaiaren bidez, uzi hori ezetsi zuen, eta, enpresaren zein langilearen jarduna baliozkotzat jo zuen, eta gauza bera Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiaren Malagako egoitzako salak, 2015eko abenduaren 10eko epaian. Auzitegi Gorenak azken epai hori berretsi zuen 2018ko urtarrilaren 8ko epaian, eta ezetsi egin zuen GSINk eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak (GSDO) jarritako errekurtsoa.
Auzitegi Gorenak, epai horren bidez, 2017ko martxoaren 29ko aurretiko epai batean jasotako doktrina berretsi zuen (2142/2005 DBKEn emanda); horrenbestez, epai horrek heltzen dion gai garrantzitsuari buruz Auzitegi Gorenaren irizpide finkoa dugula jo dezakegu dagoeneko.
Auzitegi Gorenak honako arrazoibide hau erabili du enpresak eta langileak egindako lanaldi-metaketa berresteko: egia bada ere lanaldi-metaketa hori ez dagoela legean berariaz jasota, 2064/1995 Errege Dekretuaren 65.3 artikuluan (1131/2002 Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarriaren idazketaren arabera) aurreikusitakoa, izan ere, honako hauei mugatzen zaie: «enpresarekin urtean egin beharreko lanordu guztiak urte bakoitzeko aldi jakin batzuetan ematea hitzartu duten lanaldi partzialeko langileak…», Auzitegi Gorenaren iritziz, halere, arauzko tratamendu espezifikorik ez egoteak ez dakar berez legezkontrakotasunik, baizik eta, gure legedian nagusi den hitzartzeko askatasuna oinarri hartuta (Kode Zibilaren 1252. artikulua), ondorio hori iruzurrik dagoenean baino ez dagoela, hau da, arau baten testuak formalki babestutako egintza baten bidez ordenamendu juridikoaren aurkako emaitza lortu nahi denean.
Auzitegi Gorenak adierazten duenez, behar bezala bete dituzte, aztertu duen kasuan, 2064/1995 Errege Dekretuaren helburuak –enpresan enplegu-bolumenari eutsita enplegu-merkatua eta sistemaren finantza-beharrak kontuan hartzen dituztenak–, bai eta erretiro partzialaren eta errelebu-kontratuaren aldi osoan dagozkien kotizazioek Sistema Publikorako dakarten kotizazio-bermea ere, enpresaren eta langilearen artean hitzartutako lanaldi-metaketa gorabehera.
Erakunde Kudeatzaileak erretirodun partzialari eta errelebu-hartzaileari dagokienez azaldutako argudioen kontra (hots, koefiziente murriztailerik gabeko erretiro aurreratu bat egon dela, eta errelebu-hartzailearekin denborazkotasun-kausarik gabeko aldi baterako kontratu bat egin dela, erretirodun partzialak ez baitu zerbitzu-prestaziorik urtearen barruan egiten), Auzitegi Gorenaren ustez, ez da erretiro aurreratu bat; izan ere, erretiroaren kontzeptua soldata-errentarik ezak sortutako premia-egoera bat dela jo behar dugu, lana adinagatik uztearen ondorioz, eta, horrekin batera, kotizazioak etenda. Hori ez da kasu honetan gertatu, ordea, erretirodun partzialak ordainsariak jasotzen dituelako, Gizarte Segurantzan alta emanda dagoelako, eta kotizazioak ohiko erretiro-adinera iritsi arte ere ordaintzen dituelako; zerbitzu-prestazioa pilatzeak, orobat, ez du errelebu-kontratu baliorik gabe uzten, eta ez du bidegabeko kaleratze bihurtzen errelebu-hartzailea aurreikusitako datan legitimoki lanik gabe uztea. Metaketa, izan ere, erretiroa hartzen duenaren onerako egiten da, horrexek uko egiten baitio, enpresarekin egindako itunaren bidez, lanpostua mailaka uzteari, baina errelebu-kontratuaren izaera aldatu gabe, erakundeak eskatutako baldintza guztiak betetzen ditu eta.
Esku artean dugu, bada, Auzitegi Gorenaren irizpide finko bat, eta nolabaiteko garrantzia izango du erakundean, bai enpresarentzat bai langilearentzat, erretiro partzialeko kasuetan.
