Itzuli

Errugbia, Euskal Herrian errotutako kirola, eta horren ezaugarriak

Errugbiari buruz hitz egiten dugunean, zenbait hitz etortzen zaizkigu burura: talde-lana, diziplina, kiroltasuna, errespetua, elkartasuna… Gure inguruan onarpen handia duen kirol baten ezaugarriak dira, eta euskal selekzioetako talde eta jarduera asko ditu, Euskal Kirol Federazioen Batasunak ere sustatuta.
Euskadiko Errugbi Federazioak, gaur egun, 2.200 lizentzia baino gehiago ditu; horietatik, 400 inguru emakumeenak dira. Kopuruek ez diote hazteari utzi, pandemia gorabehera, eta Iñaki Rica presidenteak harro nabarmendu du errugbi inklusiboaren gorakada ere.


Errugbiaren balioetako bat da taldean parte hartzen duten guztiak direla garrantzitsuak taldearentzat, direla bizkorrak, motelak, altuak, baxuak, indartsuak, astunak, argalak… Kirol horrek erakusten digu ahalegina eta sakrifizioa beharrezkoak direla helburua lortzeko, hots, baloi obala dagokion lekura eramateko —bitxia bada ere, atzerantz egiten dira paseak aurrera egiteko—. Gurean, errugbia oso errotuta dago eta talde ugari daude, hala nola Ordizia eta Gernika (Ohorezko Mailan), Getxo, Hernani, Uribealdea, Universitario Bilbao, Durango, Bera Bera, Eibar, Zarautz, Gaztedi… Badago non aukeratu, ekin nahi izanez gero. Gasteizen eta Bilbon, 35 urtetik gorako emakumeen taldeak ere badaude, eta Mater Series-etan parte hartzen dute (duela gutxi egin da bat Bilboko Errekaldeberriko kiroldegian). Ikusi da modalitate honetan adiskidetasun ugari sortzen direla, horiek denboran iraun egiten dutela, eta errugbitik haratago joaten direla. Gero eta neska-mutil gehiagok egiten dute errugbia Euskadin, eta kirola eta alderdi soziala konbinatzen dituelako zaletzen dira.


Errugbian, partida amaitutakoan, ekitaldi bat egiten da, hirugarren zati deritzona. Horretan, talde aurkariari omenaldia egiten zaio, hura gabe ezinezkoa bailitzateke laurogei minutuz, etengabeko kontaktuan, gozatzea. Talde aurkaria errespetatu eta txalotu egiten da. Errugbiaren funtsezko legeetako bat da errespetua, lehenago ere adierazi dugun moduan, eta errespetuz tratatzen dira, ez da soilik aurkariak (partidaren amaieran korridoreak egiten dira), baita arbitroa, entrenatzaileak eta beste taldearen zaleak ere. Jokoak eta jokoaren inguruko guztiak erakartzen du jendea; giro ona sortzen da. Izaera kolektiboko eta kontaktu handiko kirola da, indarrari, potentziari, erresistentziari eta abiadurari dagokienez oso kirol zorrotza, eta aldaera tekniko, taktiko eta estrategikoak ditu. Alderdi psikologikoari dagokionez, bat egiten dute ausardiak eta kirolari bakoitzaren mugak ezagutzeko adimen taktikoak.
Eusko Jaurlaritzak duela zenbait urte egindako txosten baten arabera, 16 urte edo gehiago dituzten biztanleen % 50ek baino gehiagok egiten dute jarduera fisikoren bat edo kirolen bat, baina multzo horren ehuneko hiru baino ez da kirol federatua. Rankingean, eta lizentzia kopuruaren arabera, errugbia 20. postuan dago, 2.000 lizentzia baino gehiagorekin.


Errugbiak Euskal Herriko probintzia guztietan du presentzia, eta, duela gutxira arte, Espainiako Ohorezko Mailako taldeen erdiak euskaldunak ziren (Ordizia, Getxo, Hernani eta Gernika). Gainera, emakumezkoen errugbia gero eta finkatuago dago, eta arrakasta handiak lortu ditu. Halaber, gero eta presentzia handiagoa du eskola-kirolean, kluben eta federazioen lanari esker. Horri esker, errugbiak presentzia du Euskal Autonomia Erkidegoko 251 udalerrietako 17tan. Euskadiko Errugbi Federazioaren zeregina kirol eta modalitate horretako eragileen arteko zubi-lana egitea eta laguntza ematea; horretara bideratzen dituzte beren indar eta ahalegin guztiak, Federazioa euskal errugbiaren zerbitzura jartzera, talde-lanean, gardentasunez eta ilusioz.


Kontaktu handiko kirola denez, oso ohikoa da partidetan lesioak gertatzea. Halakorik ez izateko, ondo berotu behar da, eta jokoan erabiltzen diren muskuluak garatu behar dira (abdominalak, lunbarrak, bularra, deltoideak, dortsalak, bizepsak, trizepsak, trapezioak, bikiak, koadrizepsak eta iskiotibialak). Halaber, sorbaldakoak, kaskoak, aho-babesleak eta antzeko babesak erabiltzea gomendatzen da. Lesioak eta arriskuak gorabehera, errugbian onurak dira nagusi.

Ez dugu ahaztu behar elikadura, kirol-jarduera guztietan lagundu egiten digu eta osatzea eta lesioak prebenitzen. Askok uste dute errugbia oldarkorra dela, baina esaten dute, behin probatuta, oso gustukoa izaten dela, imajinatutakoaz erabat bestelakoa delako. Jokalarien artean arauak eta adeitasuna dira nagusi. Agresibitatea neurtua eta indarkeriarik gabea izaten da, eta tentsioak askatzeko aukera ematen du. Euskal Kirol Federazioen Batasunean pozik gaude arrakasta ugari eman dizkigun kirol honekin; izan ere, ezin dugu ahaztu Euskal Selekzioa urte askoan izan dela jaun eta jabe erkidegoen arteko txapelketan, zenbait kategoriatan.

Lotutako berriak