Itzuli

Eskia: Neguko azken aukerak aprobetxatuz

Negua amaitzera doa, eta eskia da, haren modalitate ezberdinetan, euskal kirolzaleen espezialitate gustukoenetako bat. Negu Kiroletako Euskal Federakuntzak hilabete hauetako egutegia osatzen duten espezialitate horietako txapelketa batzuk antolatzen ditu, hala nola Euskadiko eta Nafarroako iraupen-eskiko txapelketa, izotz gaineko patinaje artistikokoa, baita prestakuntza-saioak ere, patinaje inklusiboko ikastaro teknikoak kasu.

Denboraldi amaieran dago kirol hau eta, eguraldiak horretarako aukera eman dienean, haien eskiak, botak eta makilak hartu eta eski-estazio eta pistetara joan dira kirolari asko; Euskal Kirol Federazioen Batasuneko atal honetatik, kirol horrek dituen abantailen berri eman nahi dizuegu. Federazioak beti ohartarazten du garrantzitsua dela federatzea, era horretan kirol bikain horretaz segurtasun osoz gozatu ahal izateko. Europa mailako estaldura duen istripu-asegurua egiteko aukera ere badago. Pistetako erreskatea eta sorospena estaltzen ditu eta, gainera, lesioen jarraipena egiten du; nabarmentzekoa da garrantzitsua dela errehabilitazioa ere barne har dezan.


Abantaila garrantzitsuenetako bat da natura-ingurune zoragarriez gozatu ahal izatea, eskia aire zabalean, aire garbiko espazioetan, egiten den kirola baita. Horrek guztiak odola oxigenatzen laguntzen du. Izan ere, osasunerako onura asko dituen kirola da, bere modalitate ezberdinetan; eski alpinoa, iraupen-eskia, snowboarda eta patinajea dira ezagunenak, baina gero eta gehiago ari dira hedatzen beste batzuk ere: Slopestyle eta Big Air Snowboard direlakoak, besteak beste. Kirol-jarduera hau gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko onenetakoa da, jarduera aerobikoa baita. Hau da, energia-gastu handiko kirola da: kaloria asko erretzen da, eta pisua kontrolatzen eta odoleko kolesterol-mailak murrizten laguntzen du.

Eskiak asko hobetzen du bihotzaren eta biriken lana. Beste abantaila bat ere badu, oreka lantzen laguntzen du, modalitate bakoitzean behar bezala jarduteko hartu behar den posizioa dela eta. Indartu egiten da muskulu-multzoen arteko koordinazioa, bai eta erresistentzia fisikoa, bizkortasuna eta kontzentrazioa ere. Gure garunak, gainera, gorputz-atalen posizioa hautematen du, eta haiek mugitzeko eta koordinatzeko esfortzua egiten du. Zenbat eta gehiago eskiatu, orduan eta gehiago garatuko dugu gaitasun hori. Eski-pistetan, kirol hau egiten duten pertsonak oso adi egon behar dira unean uneko baldintza-aldaketei, oztopoei eta pistan dabiltzan beste eskiatzaileei.

Horrela, eskiatzeko beharrezkoa da etengabe gorputzaren posizioaz jabetzea, jarrera-egonkortasuna lortzeko. Abiadura-aldaketek, elurraren baldintzek eta beste gorabehera batzuek gorputzaren posizioa eta noranzkoa maiztasunez aldatzera behartzen dute eskiatzailea. Horretarako, energia-gastu handia behar da, eta gorputza ondo ezagutzea, eskien gainean orekari eusteko.


Eskiatzerakoan, oinek eusten diote gorputzaren pisuari. Gure belaunak dira pisu hori jasaten eta artikulatzen duten artikulazioak. Are gehiago garatzen dira artikulazioak, eta nolabaiteko maiztasunez eskiatuz gero, nekezagoa izango da lesioak izan ditzagun. Hezurrak indartu egiten dira, gainera, eta osteoporosia saihesten edo atzeratzen laguntzen du horrek. Ariketa bikaina da malda bat jaisterakoan egin behar den aldakaren kulunka. Muskuluen ahultasuna da zahartzaroko mugikortasun-galeraren arrazoi nagusietako bat. Eta muskuluen erresistentzia eskatzen duen ariketarik egiten ez badugu –eskia kasu–, ahultzen hasten dira.

Horregatik, kirol dibertigarri honetan egiten dena bezalako erresistentzia-entrenamendua faktore garrantzitsua da gure muskuluen eta hezurren osasunerako eta ongizaterako, zahartzen goazen heinean. Kirol honek dakarzkigun aipatutako onura fisikoez gain, bururako ere aproposa da, tentsioak eta kezkak libera ditzagun. Eskiatzea antsietaterako erremedio gomendagarria da.

Lotutako berriak