ekfb
Itzuli

Eskubaloia: Malgutasuna, bizkortasuna, koordinazioa eta indarra

Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan, eskubaloiaren abantailak azalduko dizkizuegu hil honetan. Gure inguruan jarraitzaile ugari dituen kirol modalitatea da, eta praktikatzeko aukera eskaintzen duten klub asko ditugu. Euskal Eskubaloi Federazioaren helbidean kirol honi dagozkion albisteen, txapelketen, alderdi teknikoen, campusen eta aseguruen berri izan dezakezue: https://www.fvascabm.com/. Norbait kirol honetan nola has daitekeen galdetzeko leku egokia da hori. Kirol-espezialitate honi ardura berezia eskaintzen dioten ikastetxeetan hasteko aukeraz gain, jokatzeko ez dago inbertsio handia egin beharrik, kirol anitzeko pista batean jokatzen baita, eta nahikoa baita kirol arropa, zapatilak eta baloia izatea. Horregatik, kirol merkea ez ezik, osoa ere bada, joan-etorrietan zangoen trebezia lantzen delako, artikulazio guztiak oso-osorik mugituz. Gainera, bereziki lantzen da besoetako indarra, atera jaurtitzeko potentzia erabilita. Antolatzea ere bada eskubaloiaren ezaugarri: jokalekuan zazpi jokalariko talde kirola da, bai etengabe erasoan eta kontraerasoan ibiltzekoa, bai arerioen defentsa ondo kokatuta erasoaldian aritzekoa, hainbat estrategia prestatu beharrekoa.

Eskubaloia oso modalitate gomendagarria da 7 urtetik gorako neska-mutilentzat. Prestakuntza fisikorako aproposa da, indarra eta malgutasuna garatzen laguntzen baitu. Beraz, kirol honen onuren artean aipa ditzakegu muskulatura indartzea, beheko eta goiko gorputz-atalen lana, eta mugimenduen koordinazioan eragindako abantailak; horrez gain, jokoan bertan nahiz egin beharreko entrenamenduetan nabarmen hobetzen da gure erresistentzia. Nortasunari dagokionez, lider izateko gaitasuna eta jarrera hobetzera bultzatzen gaitu, zereginak banatuz talde-jokoan ohitzera eta talde-balioak aurkitzera, hala nola leialtasuna, adiskidetasuna, kiroltasuna, aurkariarekiko errespetua eta helburuak lortu ahal izateko borroka.

Atal honetan, eskubaloian jokatzen probatzera animatzen zaituztegu. Taldeko kirol oso-osoa da, neska-mutilen arlo fisiko guztiak lantzen eta hobetzen dituena. Haurrek korrika egiten dute, jauzi, elkarri baloia pasatu eta besoekin jaurti; horrela, goiko eta beheko gorputz-atalak batera garatzen dira. Era berean, kaloriak nahitaez erretzen diren modalitatea da; izan ere, benetan kirol sutsua eta dibertigarria da, aurkaria gainditzeko,

batzuetan, indarra erabiltzea eskatzen duena. Hori bai, potentzia kontrol gabeak zenbaitetan ezer askorik balio ez duenez, komeni zaigu elastikotasuna eta koordinazioa areagotzea eta optimizatzea. Horregatik guztiagatik, eskubaloiak onura fisiko ugari ekar diezazkieke gaztetxoei, gomendatzeko kirolik egokienetakoa baita gorputza bizkortzeko, giharrak nahiz hezurrak indartzeko eta fisikoa garatzeko. Orobat, minarekiko tolerantzia handitzen da, une batzuetan arerioarekin kontaktua izaten baita, bai erasoko jokoan, bai defentsakoan. Jauziak eta luzamenduak egiteko kirola denez, norbere altuera handitzen ere laguntzen du eskubaloiak, bai eta jokalariaren birika-gaitasuna ere. Eskakizun handiko kirol espezialitatea izanik, obesitatea prebenitzen laguntzen du, eta ariketa kardiobaskular sendoa da. Beraz, bizkortasun fisikoa eta mentala eskatzen dituen bete-beteko kirola dugu eskubaloia.

Lerro hauen bidez azaldu nahi ditugun abantaila fisiko horiei guztiei jokalari bakoitzaren garapen intelektuala eta kontzentrazioa gehitzen zaizkie; izan ere, bideratu egiten du banakako zein taldeko taktikak sustatzea, egoerak azkar planifikatzea eta konpontzea; gure bizitzako edozein esparrutan balioko diguten ezaugarriak dira horiek. Era berean, lehen azpimarratu dugunez, lagundu egiten du gizarteratzen, diziplina jartzen, estresa eta tentsioak askatzen, taldean konfiantza izanez elkarrekin aritzen, eta lagunekin nahiz aurkariekin komunikatzen; nortasuna garatzea eta izaera eratzea bideratzeko ere balio du. Arduraz zaindu beharreko kontuen artean, sorbaldekin egiten den lana hartu behar da aintzat, kirol honetan kalterik handiena jasan dezaketen artikulazioetako bat baita, jauzietan orkatilekin egiten dena bezala, edo hainbat mugimendutan belaunekin egindakoa. Jokalariek hatzak ere babesten dituzte, baloia ukitzeko sarri erabiltzen baitituzte.

Lotutako berriak