logo-ekfb
Itzuli

Eskuderia bat nabarmendu da Euskal Selekzioen artean

Euskal Kirol Federazioen Batasunaren sail honetatik duela pare bat hilabete iragarri genuen jada euskal kirol-selekzioek hainbat modalitatetan parte-hartzearen aldeko apustua egingo genuela. Eusko Jaurlaritzaren, UFDV-EKFBren, tokiko erakundeen eta euskal federazio eta elkarteen arteko lankidetzak Euskal Selekzioen presentzia ahalbidetzen du, euskal kirola sustatzeko giltza bat. 2023rako aurreikusitako jardueren artean, euskal kirol-selekzioen historiako urterik aktiboenetako batean, nabarmentzekoa da bigarren urtez presentzia izango duela Euskal Selekzioa eskuderiak, Joseba Iraola pilotu bizkaitarra buru dela, zeinak hainbatetan izan baitu arrakasta. Balmasedakoak, orain arte, Rampa da Falperran (Portugal), Fitoko Igoeran (Asturias), Rechberg-en (Austria) eta Saint Jean du Gard-Col Saint Pierren (Frantzia) hartu du parte. Eta proba horietan guztietan egon da podiumean. Iraola liderra da bere klasean automobilismoko mendiko lasterketen Europako Txapelketan, lehiaketa-hasiera ikusgarria eginda. “Oso ondo ari gara hartzen erabakiak taldean, eta dena primeran ateratzen ari da, oso postu onekin. Lehendabiziko postuan gaude jadanik gure kategoriako Europako Txapelketan. Lehia estuko lasterketak izan ditugu, gozagarriak oso, arerio bikainekin, duelu ikusgarri eta berdinduetan”, adierazi du Joseba Iraolak. Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Euskal Automobilismoko Federazioak, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin, lau agertokitan parte hartu duen eta lau bider podiumera igo den automobilismoko eskuderia hau babesten dute. Portugalen lortutako azken emaitzak sailkapen orokorreko bigarren postuanutzi du Joseba Iraola, postu hori Petr Trnka txekiarrarekin partekatuta. Biek dute puntu-kopuru bera (86, Merli italiarraren 100en kontra) eta emaitza berberak, bi bigarren postu eta bi hirugarren postu.

Horrez gain, Euskadiko futbol-selekzio amateurra itzuli zen lau urtez jokatu gabe egon ondoren, Lasesarren partida irabazita. Irlandako Errepublikari 1-0 irabazi zion Eskualdeetako Koparako lagunarteko prestakuntza-partidan. Euskal taldea, Hirugarren Federazioan jokatzen duten futbolariek osatua, alderik txikienarekin gailendu zen, lehen zatian nagusitasun nabaria erakutsita; gero ezin izan zion nagusitasun horri eutsi, jokalari bat kaleratu ziotelako.

Bestalde, Espainiako Mendiko Lasterketen Ultra Txapelketan, Euskal Selekzioa txapeldunorde izan zen emakumezkoetan, talde-lanari eta euskal lehiakide guztiek emandako lasterketa-kudeaketako lezio bati esker, helburuak xehe-xehe zehaztuta. Waterpoloko 14 urtez azpikoen Euskal Selekzioa da distira egin duen beste talde bat, Tomoko Nazioarteko Txapelketan (Kroazia) final-laurdenetarako sailkatu baitzen. Euskal taldeko gazteak onenetakoak izan ziren Dubrovniken, eta txapelketaren azken fasean sartu ziren, Europa osoko selekzioekin lehian. Talde-fasean garaipena lortu zuten partida guztietan.

Dagoeneko iragar daiteke eskubaloiko Euskal Selekzio seniorraren itzulera. Ekainean lagunarteko hiru partida jokatuko ditu Finlandiaren aurka. Lehena Gasteizen (23an), bigarrena Zumarragan (24an) eta hirugarrena Tolosan (25ean). Halaber, azarorako beste topaketa batzuk prestatzen ari da —neskenak—, eta 2024ko urtarrilerako gizonezkoen selekzioa berriro ere.

Horrez gain, UFDV-EKFBk EuskalkirolaKluba jarri du martxan, non erosketetan modu seguruan aurreztu baitaiteke. Deskontuak daude milaka artikulutan eta mota guztietako esperientzietan. Erosiz gero, itsulapiko birtual batean gordetzen diren diru-itzultzeak lortzen dira. EuskalkirolaKlubarekin, deskontuak lehenen mailako marketan baino ezin dira lortu. Klubaren webgunetik edo aplikaziotik sar daiteke dendetara, jatetxeetara, aisialdira, prestakuntzara, teknologiara, bidaietara, elikadurara, osasunera… Ez dago federatua izan beharrik EuskalkirolaKlubaren abantailez gozatzeko.

Lotutako berriak