
Zalantzarik gabe, COVID-19aren ondorioetako bat, osasun- eta ekonomia-ondorioekin batera, gure osasun psikologikoan izaten ari den eta izango duen eragina da.
Hildakoei egiten zaien dolua, gaixotasuna hurbiletik bizitzea, lan-aldaketak eta birusaren garapenari buruzko ziurgabetasuna, dudarik gabe, eragin handikoak izaten ari dira, eta hala izango dira gure bizitza emozionalean.
Seguruenik, krisi honetan gehien errepikatzen den hitzetako bat estresa da. Argitu beharra dago bizirik gaudela estresatzeko gaitasuna dugulako. Estresa gure garaiko bizimoduari lotuta dago, eta, zentzu horretan, baliabide beharrezkoa eta erabilgarria da eguneroko erronkei baldintza hobeetan aurre egiteko. Esan daiteke erantzun hori aktibatu egiten dela organismoari ezohiko baliabideak emateko, egoera zailenei arrakastaz aurre egin ahal izateko.
Estresa balantza gisa uler dezakegu. Balantzaren alde batean, hautematen ditugun beharrak daude: lana, familia, gizarte-bizitza, erantzukizunak… Beste aldean, bakoitzak eskaera horiei aurre egiteko hautematen ditugun baliabideak daude.
Bakoitzak egiten dugun interpretazio-balantze horretan sortzen da estresaren pertzepzioa eta erantzuna. Eta balantzaren analogiarekin jarraituz, bi estres mota aipa ditzakegu: positiboa eta negatiboa.
- Estres positiboa edo eustressa: kasu honetan, nire baliabide pertsonalek nire beharrek baino gehiago “pisatzen” dutela sumatzen dut. Estres horrek ahalbidetzen digu geure burua gainditzea, erronkei aurre egitea, eta pertsonalki edo profesionalki haztea.
- Estres negatiboa edo distressa beharrek (lana, familia, erantzukizunak) gure baliabideek baino gehiago “pisatzen” dutela hautematen dugunean gertatzen da. “Eskaerari erantzun ezinik nabil”, “28 orduko eguna beharko nuke” esamoldeak dira pertzepzio horren erakusgarri.
Dena den, estresa handia, ohikoa eta denboran zehar mantentzen denean (eta kudeatzen ez dudanean), une horretan, sintomak eta desorekak (antsietatea, insomnioa, fobiak eta beste nahasmendu batzuk) ager daitezke, eta estresa arazo bihurtu dela iragartzen digute.
Zehazki, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, litekeena da herritarren artean trauma osteko estresa (egoera tragikoak bizi ondorengo estresa) eta errearen edo burn out sindromea areagotzea osasun-kolektiboaren barruan, pandemiak beren lanean izan duen eragin berezia dela-eta.
Gure iritziz, osasun psikologikoaren zentzu prebentiboa garatu behar dugu. Estresa denborarekin sendatzen den nahasmendua dela uste dugu. Gure osasun fisikoa prebentzioz zaintzen dugun bezala (mediku-azterketak egiten ditugu, dentistarengana joaten gara, ginekologoarengana…), orain, inoiz baino gehiago, gure osasun psikologikoa zaindu behar dugu, estresaren kudeaketa baita haren lehen fasea.
Amaitzeko, hona hemen albiste on bat: estresa kudeatzen ikas dezakegu. Profesionalen, irakurketen edo prestakuntzaren bidez, baliabideak sor ditzakegu. Ez dugu zertan inozoak izan; baliabide horiek ez dituzte arazoak konpontzen, baina hobetu egiten dute bakoitzak aurrean izan duen errealitateari aurre egiteko eta eragiteko modua.
PATXI ROCHA DEL CURA.
PSIKOLOGOA ETA COACH