Ekainean zehar Mutualiak antolatutako «Estresa saihesteko eta gatazkak konpontzeko, gaitasun profesionalak entrenatzea» mintegi teknikoa egin da Bilbon, Gurutze Gorriko zentroko ikasgeletan.
Mintegia oso arrakastatsua izan da, ehun parte-hartzailetik gora izan baititu aurreikuspen guztiak gaindituz. Parte-hartzaileak Mutualiako bazkide diren enpresetako prebentzio eta giza harremanetako profesionalak izan dira hein handi batean, horietako asko erdi mailako agintariak.
Lehen hitzaldia Izaskun Angulo psikologo, hezitzaile eta coach ziurtatuak eman zuen. Angulo Adimen Emozionalean, Programazio Neurolinguistikoan (PNL) eta Mindfulness meditazioan aditua da. Lehenik, emozioak kontrolatzeko hainbat teknika garatu zituen Angulok; teknika horien bidez, estres-sentsazioa eta emozioen kontzientzia-falta txikitzen nola ikasi landu zuten parte-hartzaileek. Gainera, denbora kudeatzeari begirako teknikak eta gure artean komunikatzeak duen garrantzia ere sakon landu zen, gure trebetasun sozialak sustatuz.
Mintegiko bigarren zatian, Maria Eugenia Ramos Zuzenbidean lizentziatu, gatazken kudeaketan aditu eta Gizagune Fundazioko koordinatzailearen hitzaldia izan zuten parte-hartzaileek. Hain zuzen ere, enpresetan gatazken kudeaketa nola jorratu aztertu zuen Ramosek. Gatazkek eragin handia dute enpresetan, bai maila ekonomikoan bai langileen ongizatean eta osasunean. Hori dela eta, beharrezkoa da haien berri izatea eta haiek kudeatzeko tresnak izatea; horrela, eragin negatiboak saihestuko ditugu. Imq Prevención eta Gizagune Fundazioak sortutako tresna baten berri ere eman zuen Ramosek, ICMA metodoa. Metodo horrek gatazka-egoerak sor ditzaketen enpresaren osagaiak neurtzen ditu, eta ageriko gatazka handien kasuan diagnostiko eraginkor bat ere egiten du.
Bai hitzaldi batean bai bestean nabarmendu zenez, talde heterogeneoetan lan egiteko beharraren eta egunero bizi ditugun egoeren aniztasunaren ondorioz, gaur egun gero eta beharrezkoagoa da profesionalek gatazka-egoerei modu egokian erantzuteko ezagutza eta espezializazioa izatea. Izan ere, horrek eguneroko gatazka-egoerei modu modu eraikitzaile eta positiboan aurre egitea ahalbidetzen du.