
Nahasmendu muskulueskeletikoak alterazio edo lesio hanturazkoen edo/eta degeneratiboen (muskuluenak, tendoienak, artikulazioenak, lotailuenak…) multzo heterogeneoa da, eta gorputz osoko atalei eragiten diete. Ohikoenak lepoa, bizkarra eta goiko gorputz-adarrei dagozkienak dira, eta, maiztasun txikiagoan, beheko gorputz-adarrei dagozkienak.
Enpresan baja gehien eragiten dituen kausetako bat da, izan laneko istripuen ondorioz edo laneko gaixotasunen ondorioz.
Nahasmendu muskulueskeletikoak, oro har, hainbat faktoreren emaitza dira: fisikoak, biomekanikoak, antolakuntzakoak eta psikosozialak. Hala ere, lanarekin lotutakoak prebenitu egin daitezke:
1- horretarako, lanpostuen arriskuen ebaluazioa egin behar da, halakoak eragin ditzaketen arrisku-faktoreak identifikatzeko;
2- eta neurriak hartu behar dira (antolakuntzari, teknikari, prestakuntzari eta abarri dagozkionak), eta lana pertsonari egokitzeko.
Nahasmendu muskulueskeletikoak eragiten dituzten faktoreak murriztu edo desagerrarazteak, langileei zuzeneko onura ekartzeaz gainera, enpresei ere eragiten diete, lehiakortasuna hobetu eta produktibitatea handitzen baitu; izan ere, laneko istripuen edo/eta laneko gaixotasunen bajak murrizten dira. EU-OSHAk tresnak eta gida praktikoak eskaintzen ditu interesa duten lan zentroek beren segurtasun eta osasun kanpainak garatu ditzaten.
Halaber, kanpaina bakoitzean, “Praktika Onen Sariak” eta “Laneko Eremu Osasungarrien Sari Zinematografikoa” banatzen ditu.
Mutualiak kanpainarekin bat egingo du, eta gure enpresa elkartuei tresnak emango dizkiegu, lanpostuetako nahasmendu muskulueskeletikoak murrizten laguntzeko.
Hasteko, informazio-fitxa batzuk zabalduko ditugu, jarrera behartuekin, mugimendu errepikakorrekiko esposizioarekin eta karga pisutsuak lekualdatu edo mugitzearekin lotutako arriskuei buruzkoak.
Arrisku-faktore oso ohikoak dira gure lanetan, eta nahasmendu muskulueskeletikoak eragin ditzakete halakoen eraginpean luzaroan egonez gero bai lanaldietan bai denboran zehar