Europa Institutuak 2021. urteko ETE Onenaren saria jaso du. Mutualiari lotutako enpresa da, eta liderra da prestakuntzaren eremuan Euskadin.
Elkarrizketa egin diogu Aspasia Taldeko lehendakari Juan Antonio Sánchez Corcherori.
Nola sortu zen Europa Institutua eta zer prestakuntza mota eskaintzen du?
Europa Institutua 1991n sortu zen, langileek zein langabeek beren prestakuntza hobetzeko eskaerei erantzuteko helburuarekin; era horretara, beren enplegagarritasuna hobetuko dute edo hobeto egokituko dira enpresa sarera. Horrez gainera, enpresen eskakizunei erantzuteko ahalegina ere egiten da, enpresa horiei lehiakortasuna handitzeko aukera emango dien talentua eskainiz.
Aspasia Taldeko kide da; nazioarteko zer esparru hartzen du?
Aspasia Taldeak Prestakuntza Zentroak ditu Txilen, Kolonbian eta Perun, eta, 2022ko lehenengo hiruhilekoan, Estatu Batuetan egoteko asmoa dugu.
Gaur egun, prestakuntzari dagokionez zer eskaera daude enpresetan eta lanaren esparruan?
Esan bezala, gure helburu nagusia pertsonen prestakuntza hobetzea da, lan-merkatuaren eskaerei erantzunez, betiere. Horretarako, prestakuntza deialdiek arinak izan behar dute, eta burokrazia, txikiagoa.
Era berean, Heziketa Dualaren ereduaren alde egiten dugu, izan ere, oso emaitza onak lortzen ari da Europan. Eredu horren arabera, pertsonak, Heziketa Zentroetan prestatzeaz gainera, enpresetan ere aritzen dira; prestakuntza-enpresa binomio hori arrakastaren bermea da, inondik ere.
Helburu estrategikoetako bat berdintasunean oinarritutako lan-harremanak garatzea duzue. Zer berdintasun-politika dituzue ezarrita?
Europa Institutuak emakumeen eta gizonen Berdintasun plan eraginkorra du erregistratua Laneko Zuzendaritza Nagusian, eta gure berdintasun politiken artean aipagarriak dira:
- Tratu eta aukera berdintasuna sustatzea enpresan, eta horretan inplikatzea eragile parte-hartzaile guztiak, enpresa-zuzendaritza eta langile emakumezko zein gizonezkoak.
- Parte-hartzaile guztiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren balioan sentsibilizatzea eta heztea, ardatz nagusia baita enpresaren antolamendu kulturaren sorkuntzan.
- Enpresako plantillaren bizitza pertsonala, familiarra eta lanaren esparrukoa uztartzen laguntzea.
