Euskadiko kirol-federazioen % 20k bat egin dute Eusko Jaurlaritzak eta EKFBk kirolean euskara sustatzeko egin duten akordioarekin
Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kirolean euskara sustatzeko akordioa hitzartu zuten iaz. Oraintsu, ekitaldi bat egin da Orioko Arraun Etxean, ekimenean parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kirol-federazioekin. Han izan ziren Bingen Zupiria sailburua, Ángel Gurrutxaga EKFBko presidentea eta iaz ekimenarekin bat egin zuten bost federazioetako ordezkariak (txirrindularitza, errugbia, gimnastika, surfa eta pilota). Ekitaldian bertan jakinarazi zen beste lau federaziok konpromisoa hartu dutela beren erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko: arrauna, karatea, mahai-tenisa eta xakea.
Bai Eusko Jaurlaritza, bai Euskal Kirol Federazioen Batasuna eta prozesuan parte hartu duten federazioak bat etorri ziren ideia honetan: lankidetza behar-beharrezkoa da euskararen erabilera normalizatzeko. Iaz lortutako akordioa aurrerapauso handia izan zen, kirolaren arloko hainbat eragile inplikatu zituelako; besteak beste, erakundeak, kirol-federazioak, kirol-elkarteak eta klubak, zuzendaritza-batzordeak, entrenatzaileak, gurasoak, jokalariak…
Kirolean euskararen erabilera sustatzeko akordioari esker, 2022an bost federaziok diagnostikoa egin zuten euskarak beren erakundean zer egoera eta erabilera zituen aztertzeko eta, ondoren, euskara-planak abiarazi zituzten beren erakundeetan. Gainera, beren kirolari lotutako euskarazko trebakuntza espezifikoa eskaini zaie lehenengo aldiz, eta euskararen erabilera sustatzeko hizkuntza-estrategiei buruzko trebakuntza ere bai. Alderdi horiei buruzko azalpenak eman zituzten ordezkariek: Iñaki Erdoiza (txirrindularitza), Meritxel Pagadigorri (surfa), Iñigo Marotias (errugbia), Jose Mari Mitxelena (euskal pilota) eta Ane Aizpurua (gimnastika).
Prozesuari esker, federazioak jabetu dira euskararen erabilerak zer-nolako garrantzia duen, eta ikusi dute eredugarriak direla eta besteengan eragiteko aukera dutela. Zuzendaritza guztiek babestu zuten euskara-plana, eta euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu zuten; horretarako, hizkuntza-irizpideak ezarriko dituzte, besteak beste.
Lana Euskal Kirol Federazioen Batasuna (EKFB) osatzen duten federazio guztiei bidaliko zaie, haren berri izan dezaten, eta ekimenean parte hartzera animatu daitezen.
Akordio horren barruan, “Elkar Ekin euskaraz” kanpaina egin zen, federazioen eta kirolaren munduko eragileen parte-hartzea bultzatzeko. Kanpaina horretan, era berean, 26 kirol-jardueratako 460 kirolarik parte hartu dute, eta 66 argazki eta bideo atera dituzte, kirolean euskararen erabilera sustatzeko.
Euskal Selekzioa
Gainera, Joseba Iraolak eta Euskal Selekzioa eskuderiak albiste onak ekartzen jarraitzen dute. Oraingoan Italiatik iritsi dira berri onak, Ascoliko Coppa Paolino Teodori lehiaketatik: podiumean izan da, bere idoloetako batzuekin batera. Balmasedako pilotuak garaipena lortu zuen 2SC kategorian, lasterketa luze eta sutsua jokatuta. Bigarren postuan dago Europako txapelketako sailkapen orokorrean, eta scractheko hirugarrenean, Italiako bi pilotu handiren atzetik. Hona hemen Iraolaren hitzak: “Pozik gaude. Orain arte lortutakoa kontuan hartu beharrekoa da, aurkariak punta-puntakoak baitira. Harro nago Europako txapeldunen ondoan egoteaz, hain gertu, gainera. Taldeak hamarrekoa lortu du proba guztietan”.
Joseba Iraolaren Euskal Selekzioa eskuderiak automobilismoko mendi-lasterketetako Europako Txapelketako sei probatan parte hartu du, Ascoliko Coppa Paolino Teodori lehiaketarekin. Italiako lehiaketa horretan podiumera igo zen, eta hala egin zuen, halaber, Ecce Homo Sternberk lehiaketan (Txekiar Errepublika), Rampa da Falperran (Portugal), Subida al Fiton (Asturias), Rechbergen (Austria ) eta Saint Jean du Gard-Col Saint Pierre lehiaketan (Frantzia).
