Itzuli

Euskal Kirol Federazioen Batasuna- 20 urteko ibilbidea

Euskal Kirol Federazioen Batasuna (UFDV-EKFB) 2003an –orain dela bi hamarkada– gauzatu zen euskal kirolaren proiektua da. Beraz, hogeigarren urteurrena betetzen da aurten. Ibilbide horren balorazioa oso positiboa da. Izan ere, euskal kirolaren federazio guztiak erakunde juridiko beraren pean batzeko asmoa bete da. Ekimenaren arrakastak erakusten du euskal kirolaren eremuan barneratuta zegoela haren beharra. Euskal kirol-federazio guztiak Euskal Kirol Federazioen Batasuneko kide dira. 200.000 kirolari inguru hartzen dituzte (Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren ia % 10), guztiak helburu berberak dituztenak.


Euskal selekzioak bultzatzea, babestea eta ikusgarritasuna ematea da helburu nagusietako bat, baita Euskal Herrian kirol federatua garatzea ere. Iaz, federazio horietako 300 kirolari baino gehiago kontinente guztietako 25 herrialdetan izan ziren, Euskal Selekzioak izenaren pean. Hogei bat euskal kirol federazio izan ziren, eta 20 kirolen lehiaketa ofizialetan, lagunarteko topaketetan eta erakustalditan hartu zuten parte. Kopuru horrek laburbiltzen du euskal kirol selekzioen 2022ko nazioarteko jarduera.


UFDV-EKFBk, halaber, ahaleginak egiten ditu federazioei eta kirolariei dirulaguntzak ahalbidetzen, bai eta kirol-politikak lantzeko ideiak ematen ere. Euskal federazio guztien arteko lankidetza sustatzen da, eta mutualitate komun bat dago, zerbitzuak hobetzeko eta federazioei kostuak merkatzeko helburua duena. Erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetzaren alde egiten du lan, zerbitzu komunak lortzearen alde, bai eta federazioei baliabide ekonomiko eta materialak aurreztearen alde ere. Eta gero eta gehiago bultzatzen da kirol federatuan lana euskaraz egitea eta genero-berdintasuna, hainbat ekimenen bidez.
Dagoeneko lortu dugu pilota- eta surf-selekzioen ofizialtasuna. Helburuetako bat da Euskal Selekzio moduan parte hartu ahal izatea txapelketa eta lehiaketetan, eta dagoeneko ari gara horretan. Pilotaren eta surfaren ofizialtasunaz gain, beste zazpi euskal kirol-federaziok formalki eskatu dute euren nazioarteko federazioetan ofizialki integratzea. Zehazki, kirol hauetako federazioek: igeriketa, piraguismoa, squasha, esgrima, mahai-tenisa, xakea eta automobilismoa.

2023.urte hau ilusionagarria da. Euskal kirol-selekzioen aldeko apustua erabatekoa da. Aliantza bat dago Eusko Jaurlaritzaren, UFDV-EKFBren, tokiko erakundeen eta euskal federazio eta kluben artean. Hori funtsezkoa da euskal kirola ahalduntzeko eta sustatzeko, bai eta nazioarteko kirol-erreferentzia bilakatuko duten oraingo eta etorkizuneko proiektuak egiteko ere. Horrek guztiak eta Euskadi nazioartean bultzatu eta ordezkatu ahal izateak ilusio eta harrotasun handia sortzen ditu. Badira 2023rako aurreikusitako zenbait jarduera. Urte hau izango da, beharbada, euskal kirol-selekzioen historiako urterik aktiboena. Halaber, azpimarratzekoa da kirolean euskara erabiltzeari eta sustatzeari dagokionez sentsibilizatzeko kanpaina, Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailak bultzatua. Euskal Kirol Federazioen Batasunak, duela gutxi, Ofizialtasunaren Euskadi saria jaso zuen Deia egunkariaren eskutik.

Lotutako berriak