logo-ekfb
Itzuli

Euskal kirol-selekzioak aurrera egiten ari dira nazioarteko panoraman

Aurten euskal taldeek izan duten jardueraren berri ematera gatoz oraingoan Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik.

300 kirolari baino gehiago, kontinente guztietako 25 herrialde, hogei bat euskal kirol-federazio, lehiaketa ofizialak, lagunarteko topaketak eta 20 kirolen erakustaldiak. Horiek dira euskal kirol-selekzioen nazioarteko jarduera laburbiltzen duten zifrak, 2022an, Itsasmuseumeko auditorioan izandako ekitaldian aurkeztu zirenak, euskal gizartea osatzen duten esparru guztietako ordezkarien aurrean.

Euskal Selekzioen jarduera sustatzen eta bultzatzen duen Euskal Kirol Federazioen Batasuna (EKFB) erakundeak antolatutako ekitaldi horretan, buru izan ziren Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Gorka Urtaran, Eudelen presidente eta Gasteizko alkatea, Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia, eta Angel Gurrutxaga eta Leire Gerenabarrena, EKFBko presidente eta kudeatzailea, hurrenez hurren.

Ekitaldiak balio izan zuen agerian uzteko erakundeen artean lankidetza bikaina dagoela, Euskadik modu aktiboan parte har dezan nazioarteko kirol-panoraman. Hala, munduari erakutsi zitzaizkion kirolarien bikaintasuna, lehen mailako ekitaldiak antolatzeko gaitasuna, lehiakortasun-maila handia eta federazioaren ospea, euskal kirol-selekzioen bitartez. Bloke instituzionalerako sortutako mahai-inguruan nabarmendu zen euskal kirol-selekzioen aldeko apustua erabatekoa dela, eta aipatu zen Eusko Jaurlaritzaren, EKFBren eta tokiko erakundeen, eta euskal federazio eta kirol-kluben arteko aliantza ezinbestekoa dela euskal kirola ahalduntzeko eta sustatzeko, Estatuan erdiguneko posizio bat okupatuko badu, nazioarteko kirol-erreferentzia bihurtuko duen orainerako eta etorkizunerako proiektuekin. Aipatutako erakunde guztiez gainera, zeinek sintonia handiz lan egiteko gaitasuna egiaztatu baitute, ekitaldian euskal kirol-federazioak berak izan ziren protagonista. Federazioek, ordezkari exekutiboen eta kirolarien bidez, mahai-inguruetan azaldu zuten 2022an selekzioekin izandako kirol-jarduera bizia, bai eta Euskadi nazioartean bultzatu eta ordezkatzeak eragiten dizkien ilusio eta harrotasun handiak ere. Halaber, 2023 honetan izango duten jardueraren berri eman zuten laburki, eta badirudi datorren urtea izango dela euskal kirol-selekzioen historiako urte aktiboena. Baina zer gertatuko litzateke euskal selekzioekin, euskal gizarte osoa gabe? Hain zuzen ere, euskal gizartea ordezkatuta egon da “Herritarrok” izeneko mahaian; bertan parte hartu zuten Iñigo Vicens aurkezleak, Ane Muruamendiaraz kirol-kazetariak, María Iraragorrik (Gerra Zibilak iraun zuen urteetan mundua liluratu zuen Euskadiko selekzioko kide eta Athleticen lehen aurrealde mitikoko kide izandako Jose Iraragorriren alaba), eta Beñat Zarrabeitiak. Euskal selekzioekin loturiko esperientziak partekatzean, agerian utzi zuten gure nazioarteko kirol-ordezkaritzaren garra bizirik mantentzeak indartsuago egiten gaituela gizarte gisa. Ekitaldian, mahai-inguruen dinamismoaz gainera, honako hauek guztiak izan ziren: karate, gimnasia eta sokatirako euskal selekzioen erakustaldiak; “Euskal Selekzioa” izeneko mendiko lasterketetako automobil-taldeko Joseba Iraolaren barketaren erakusketa; kayak-surfeko euskal selekzioaren piraguaren erakusketa; motonautikako euskal selekzioko motorren erakusketa; eta euskal selekzio guztiak janzten dituen Umbro markako jantzi ofizialen erakusketa. Azken hori EKFB euskal selekzioei dagokienez egiten ari den marka-kudeaketa bateratuaren adibide argia da.

Lotutako berriak