logo-ekfb
Itzuli

Euskal kirola digitalizatzen ari da

UFDV-EKFB erakundearen atal honetan, hilero, euskal kirolean eragina duten albisterik nabarmenenen berri ematen dugu; oraingo honetan, erakunde honen pixkanakako modernizazioaz arituko gara. Duela bi hilabete, Unión de Federaciones Deportivas Vascas – Euskal Kirol Federazioen Batasunak aurrerapauso garrantzitsu bat eman zuen euskal kirola digitalizatzeko bidean, kirol-ekitaldiak transmititzeko sistemetan espezializatutako ATM Media enpresarekin akordio bat sinatu zuenean. Transmisio horiek egiteko, enpresak adimen artifiziala erabiltzen du, merkatuan aitzindaria den Pixellot teknologiaren bidez. UFDV-EKFB erakundeak helburu argi bat zuen: Euskadiko oinarriko kirol eta kirol egokitu federatu amateurraren ikus-entzunezko edukia eraldatzen hastea.

Duela gutxi, UFDV-EKFB erakundeak eta Zumarragako Udalak sinatutako akordioari esker, Argixao futbol-zelaia lehena izan zen halako kamera digitalak izaten. Gipuzkoako udalerri horretako Udalak une oro lagundu zuen proiektu berritzaile horretan, eta, aldi berean, mota guztietako erraztasunak eman zituen Euskadin aitzindaria den instalazio hori martxan jartzeko.

Sistema iraultzaile horrekin emititzeko lehenengo probak ekainaren 18an (larunbata) egin ziren. Hala, adimen artifizialaren aroari hasiera eman zitzaion Euskadiko kirol emankizunetan.

Emititzeko proba pilotu hori egiteko, Urola KEaren 50. urteurrenaren ospakizunak aprobetxatu ziren. Hala, zuzenean eman ziren ospakizun horren barruan izandako partidak. Lehenik, Urolako eta Ilintxako beteranoen arteko norgehiagoka. Gero, emakumezkoen triangeluarra izan zen, zeinetan Gipuzkoako eta Bizkaiko kadete selekzioak aritu ziren Urola KEko kadete-taldearen aurka.
UFDV-EKFB erakundearen emankizun horiek guztiak zuzenean ikus daitezke Euskal Kirola Telebistan: www.euskalkirolatb.eus


Unión de Federaciones Deportivas Vascas – Euskal Kirol Federazioen Batasuna (UFDV-EKFB) euskal kirolaren proiektu bat da, 2003an sortua. Gure herrialdeko kirol-federazio guztiak ordezkatzen dituen erakundea da, eta, sortu zenetik, erakunde juridiko bakar batean euskal kiroleko federazio guztiak biltzea du helburu. Ekimenaren arrakastak agerian jartzen du euskal kirolean horren beharraz kontzientziatuta zeudela: Euskadiko kirol federazio guztiak Unión de Federaciones Deportivas Vascas – Euskal Kirol Federazioen Batasuneko kide dira, hau da, 200.000 kirolari baino gehiago daude federatuta (Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren ia %10).


Gure kirolarien arrakasten artean, besteak beste, aipagarria da Pragan kadeteek, juniorrek eta 21 urtetik beherakoek jokatutako Europako txapelketan euskal karateak emaitza historikoak izan zituela. Mireia Vizuetek urrea lortu zuen 48 kilotik beherako emakumezkoen kumite junior kategorian –Lucia Mrazova eslovakiarra garaitu zuen finalean–; eta Naia Bilbaok brontzea lortu zuen emakumezkoen taldekako kata kategorian. «Euskadik ez zituen inoiz bi domina lortu Europako txapelketa batean, eta, gainera, bi emakume izan dira. Mireia oso seguru aritu zen eta finala 4-1 irabazi zuen», azpimarratu zuen Karateko Euskal Federazioko presidente Manu Colásek. Bestalde, waterpoloko emakumezkoen Euskal Selekzioak benetan merezitako brontzezko domina lortu zuen Brno hirian (Txekiar Errepublika) egindako EU Nations 2022 nazioarteko txapelketan.

Euskal taldeak bi garaipen lortu zituen taldekako fasean Galesen eta etxeko selekzioaren aurka, eta Ingalaterra Red taldearen aurka galdu zuen. Finalaurrekoan, Euskal Selekzioak Hungariaren aurka galdu zuen, eta huraxe izan zen txapelketaren garaile berria. Azkenean, emakumezkoen euskal taldeak 11-10 irabazi zuen Ingalaterra White taldearen aurka, eta hirugarren postua lortu zuen.

Lotutako berriak