logo-ekfb
Itzuli

Euskal selekzioek ekitaldi ugari egin dituzte EKFBrekin

Euskal Kirol Federazioen Batasunari (EKFB) buruzko atal honetan, euskal kirolaren inguruko albiste esanguratsuenen berri ematen dugu hilero. Aurtengo udan, euskal selekzioek jokatzen dituzten lehiaketetan jarriko dugu arreta.

Esate baterako, hockeyko Euskal Selekzioak lehiaketa-asteburu eder bat izan zuen uztailean, garaipena lortu baitzuen Basque International Country Cup kopan, Portugali irabazita (hiru garaipen eta berdinketa bat izan ziren guztira). Larunbatean, hilak 8, Bera Beraren instalazioetan (Donostia) jokatu zen partidan, emakumezkoen Euskal Selekzioak 3-0 irabazi zion Portugali. Gizonezkoen kategorian, berdinketarekin amaitu zen partida. Igandeko partidan, hilak 9, Euskal Selekzioak garaipen bikoitza lortu zuen Jolasetan (Getxo). Neskek garaipen irmoa lortu zuten portugaldarren aurka (6-0). Gizonezkoen selekzioen arteko lehia askoz orekatuagoa izan zen, bana berdindu baitzuten. Berdinketa hausteko shoot outean, Euskadik hiru tanto egin zituen, eta Portugalek bi. Beraz, Euskal Selekzioa izan zen garaile. Hockeyko Euskal Federazioaren eta Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzarekin antolatu ziren partida horiek.

Bestalde, eskubaloiko gizonezkoen Euskal Selekzioa, senior kategorian, Basque Country International Cup txapelketara itzuli zen. Taldeak lagunarteko hiru partida jokatu zituen Finlandiaren aurka: bi irabazi zituen, eta bat galdu. Lehenengoa Gasteizen jokatu zuten, Corazonistasen pistan (garaipena lortu zuten: 33-29); bigarrena, Zumarragako Ispilla kiroldegian (beste garaipen bat: 38-30); eta hirugarrena ,Elgoibarren, Olaizaga kiroldegian (finlandiarrek irabazi zuten: 33-37). Gainera, waterpoloko Euskal Selekzioak, emakumezkoen haur-kategorian, Habawaba Nazioarteko Torneoa irabazi zuen, Atenasen (Grezia). 50 taldek hartu zuten parte tradizio handiko txapelketa horretan: Greziakoak, Bulgariakoak, Ziprekoak, Italiakoak, etab. Euskal Selekzioak, bere kategorian, garaipena lortu zuen finalean, NC Chania (Grezia) taldearen aurka. Lehen fasea biribila izan zen Euskal Selekzioarentzat —4 partidak irabazi zituen—; finalaurrekoa oso gogorra izan zen, baina aurrera egitea lortu zuen. Finala zirraragarria izan zen: zortzina berdindu ondoren, penaltietan lortu zuen garaipena.

Eta patin-hockeyko Euskal Selekzioa berriro izan da Macauen (Asia), non titulua eskuratu baitzuen duela urte batzuk. Talde hauek parte hartzen dute nazioarteko txapelketa horretan: Macau, India, Txina Taipei, Zeelanda Berria eta Euskal Selekzioa (Basque Country izenarekin jokatzen du). Macauko Patinaje Federazioaren 40. Urteurreneko ospakizunetan parte hartzera joan da Euskal Selekzioa; Txinako hegoaldeko kostan dago Macau eskualdea.

Bestalde, Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Euskadiko Automobilismo Federazioak, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin, Euskal Selekzioa automobilismo-eskuderiaren bigarren denboraldia aurkeztu zuten: Joseba Iraola pilotua da burua, eta bigarren urtez ordezkatuko du Euskadi. Arrakasta handia izan du mendiko lasterketen Europako Txapelketako nazioarteko proba batzuetan.

Aurkezpen-ekitaldia Bilboko Itsasmuseumeko zelaigunean egin zen, eta han izan ziren Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako kirol-zuzendaria eta Ángel Gurrutxaga EKFBko presidentea, pilotuarekin berarekin batera. Iraolak adierazi zuenez, pozik dago ekimenarekin: “Ohore handia da proiektu eder honekin jarraitzea eta, gainera, emaitza bikainak lortzea Europako zenbait tokitan. Sei podiumetan izan gara, onenekin batera, eta erakutsi dugu egon gaitezkeela goiko postuetan. Egia bilakatu den amets bat da”. Jende asko izan zen aurkezpenean.

Bestalde, EuskalkirolaKlubak eskaintzen dizkizun abantaila guztiez goza dezakezu aurtengo udan. Egin zaitez kide, eta era guztietako kategorietako milaka produktu eta esperientziatan deskontuak izango dituzu: bidaiak, saltokiak, jatetxeak, aisialdia, prestakuntza, teknologia, elikadura, osasuna… Erosketak egitean, itzulketak lortuko dituzu, eta zure itsulapiko birtualean metatzen joango zara… Gehiago jakin nahi duzu? Sartu www.euskalkirolakluba.contigomas.com estekan.

Lotutako berriak