Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da
Euskarak hainbat erronka gainditu ditu azken hamarkadetan, baina oraindik asko dago egiteko: “euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko presentzia indartzea”, “euskararen ezagutza areagotzea eta, batez ere, euskararen erabileran eragitea arlo sozial eta kulturalean, ekonomikoan, digitalean eta sektore publiko eta pribatuan”, edo “hizkuntza-eskubideak erabat errespetatzeko eta hizkuntza-bizikidetza normalizaturako bidean aurrera egitea”, besteak beste.
Mutualia, Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldi instituzionalean izan da, Donostian, Tabakaleran, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Ekitaldian euskarak munduan eta, bereziki, mundu digitalean dituen erronkei buruzko hausnarketa egin da. Eta hala islatzen du Eusko Jaurlaritzak argitaratutako adierazpen instituzionalak, non ingurune digitalean euskara gehitzeko beharra nabarmentzen den.
“Euskara zabaltzeko aro digital berri bat hasi da, inplikazio pertsonalaren eta komunitarioaren bidez jarduteko unea iritsi da. Geure gain har dezagun adimen artifizialaren bidetik datozen tresnak euskaraz funtziona dezaten egokitzeko ardura, irakats diezaiogun gure eguneroko jardueraren ezinbesteko mundu digitalari euskaraz lan egiten”.
Mutualiak hamarkada luzea darama hizkuntza-berdintasunaren alde lanean, batetik, interes-taldeei zerbitzuak euskaraz ere eskaini ahal izateko, eta, bestetik, langileek nahi duten hizkuntzan lan egin ahal izateko.
