
DEKRETUAren garapenak honako eginbehar hauek ezartzen ditu: segurtasun-plan bat abiaraztea, jakinarazpen-sistemak ezartzea, pazientearen segurtasun-batzorde bat sortzea eta segurtasuneko erreferentearen figura ezartzea. Mutualian guztiz bat egiten dugu Osasun sailaren proposamenarekin.
Testuinguru honetan, Mutualiak aurrea hartu zion oraingo proposamen honi 2008an, bere lehen Pazienteen Segurtasun Plana abiaraziz, 2009an Arriskuak Kudeatzeko Unitatea eta Infekzioen Batzordea eratuz, eta urte horretan bertan AHQRren metodologiaren bitartez Pazienteen Segurtasun Kulturari buruzko lehen inkesta eginez eta kirurgia-checklista ezartzen lehenetariko erakundeetako bat izanik.
2010ean, Mutualia Osasunaren Mundu Erakundearen Kirurgia Segururako Estrategiari atxiki zitzaion, eta Farmazia eta Terapia Batzordea eratu zuen. 2011n, gure zentroetan ospitaleratutako pazienteak Zalantzarik gabe Identifikatzeko Sistema sustatu genuen, eta 2012an Pazienteen Segurtasunerako Arriskuen Lehen Mapa osatu genuen, Erorikoen Prebentziorako Gida ezarriz.
2013 oso urte positiboa izan zen segurtasun klinikoari dagokionez Mutualian. Urte hartan, Gorabeheren Berri Emateko Sistema jarri genuen abian, eta Pazienteen Segurtasunerako Arriskuen Kudeaketa Politika onartu zen. Horren ondorioz, UNE 179003:2013 ziurtapena lortu genuen segurtasun klinikoaren arloan.
2014an eta 2015ean, Presio Ultzeren Baloraziorako eta Tratamendurako Gida Klinikoa eta Arrisku Handiko Sendagaien Kudeaketarako Gida Klinikoa prestatu genituen, Arriskuen Maparen bigarren berrikuspena egin genuen eta Zerbitzuagatiko Arriskuen Tratamendurako Planak eguneratu genituen.
Azkenik, aurten, gure kliniketako osasun-laguntzari lotutako Infekzioen Zaintza, Prebentzio eta Kontrolerako Politika onartu dugu, eta ospitaleetako osasun-laguntzari lotutako infekzioen zaintza, prebentzio eta kontrolaren arloko UNE 179006:2013 ziurtapena lortzeko dagokion ikuskaritza pasatu dugu; une honetan, erakunde ziurtatzailearen ebazpenaren zain gaude.
Mutualian berretsi egin nahi dugu pazienteen segurtasunean erreferentziazko erakundea izateko gure konpromiso estrategikoa, baita Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Osakidetza-Osasun Zerbitzu Publikoarekin lankidetza estua mantentzeko gure gizarte-erantzukizuna ere. Horretarako, abangoardiako osasun-laguntza eskaintzen diegu gure bazkide diren enpresei, gure babespeko langileei eta atxikitako langile autonomoei, osasun-langileen talde hurbileko, garden eta eraginkor baten laguntzaz, osasun-laguntza eskaintzeko orduan segurtasun klinikoaren ahalik eta mailarik altuena sustatuz eta bermatuz.
