Zer exoeskeleto behar dute nire langileek? InteX zerbitzua TECNALIAren ekimen berritzaile bat da, exoeskeletoak modu egokian eskuratzeko sortua.
“Exoeskeletoen teknologia lagungarri izan daitekeen lanpostuetan nahasmendu muskuloeskeletikoengatiko bajak izaten dituzten enpresa eta langileei lagundu nahi diegu”, azaldu du Leire Martínez TECNALIAko ikertzaileak. Hori da zerbitzu berriaren helburua. Zerbitzuari esker, lanpostua azter daiteke, eta lanpostu horretan funtziona dezaketen exoeskeletoak identifika eta ebalua daitezke, bai lantegian, bai laborategian, ingurune erreala zehaztasunez simulatzen duten lan-mahai sentsorizatuen bidez.
“Emaitza gisa lortuko dugun azterketak aukera emango digu exoeskeletoak lanpostuan duen eragina neurtzeko, muskuluei, efizientziari, mugimendu-tarteari eta beste faktore batzuei dagokienez. Lanpostuan exoeskeleto bat erabiltzeak duen inpaktuaren ebaluazio oso bat” izango dela adierazi du adituak.
Nola jakin dezakezu zerbitzua zure enpresarako baliagarria den?
Funtsezko hiru alderdi daude. Baldin eta gaur egun:
- Nahasmendu muskuloeskeletikoak eta haiei lotutako bajak kezka-iturri badira zuen enpresan.
- Berritzaile izan nahi baduzue laneko arriskuen prebentzioan.
- Zuen langileen bizi-kalitatea hobetu nahi baduzue.
Enpresa asko daude egoera horretan, eta beren ekoizpen-prozesuan exoeskeletoak txertatzea planteatu dute; batzuek dagoeneko probatu dituzte. Hala ere, batzuetan ez da izaten lanpostuetan duten efikaziaren berri izateko edo hura konparatzeko aukera ematen duen datu objektiborik.
Enpresei lanpostuak aztertzen laguntzen die TECNALIAren ekimenak. Langilearen datuak jasotzen dira, exoeskeletoarekin eta hura gabe aritzen den artean. Hala, exoeskeletoak lanean duen edo izan dezakeen eraginari buruzko datu objektiboak lortzen dira, muskulu-inpaktuari, funtzionaltasunari eta efizientziari dagokienez.
Onurak eta zailtasunak kuantifikatzen dira azterketa horretan; zerbitzu osatu bat da, eta gainera barne hartuko da hurrengo BDIH Konexio laguntzetan (2022an, zerbitzuaren % 80 ordaindu zuen finantziazio-programa horrek).
Zalantzarik gabe, exoeskeletoak gero eta gehiago erabiltzen dira industriaren munduan, eta eskaintzak gora egin du azken urteetan. Horregatik, gero eta zailagoa da langileen beharretara ondoen egokitzen dena hautatzea. Behin edo behin zure buruari galdetu badiozu zure enpresak zer exoeskeleto behar duen eta zer onura eta eragozpen edo zailtasun izan ditzakeen, ekimen berri hau baliagarria izan dakizuke.
Informazio gehiago nahi baduzu, jarri harremanetan Leire Martinezekin