Epai judizialen kongruentzia eskatutakoaren eta ebatzitakoaren arteko funtsezko bat-etortze moduan definitzen da, eta, horrenbestez, ez da beharrezkoa epaiak adostasun literal eta zurrunik izatea alderdien eskakizunekin, baizik eta adostasun arrazionala eta malgua. Kongruentzia, beraz, alderdien jarduera prozesal jakin baten eta epaileak epaian emandako erabaki- edo ebazpenaren arteko korrelazio-behar gisa planteatzen da.
Prozedura Zibilaren Legearen (PZL) 218.1 artikuluan zehazten da epaiek argiak, zehatzak eta kongruenteak izan behar dutela, alderdiek garaiz egindako demandei eta gainerako uziei dagokienez. Halaber, argitzen du ezen auzitegiak, alderdiek egitezko zein zuzenbideko oinarrietan bermatuz epaiketan zerbait eskatzeko duten arrazoitik desbideratu gabe, kasuari aplikagarri zaizkion arauen arabera emango duela ebazpena, auzilariek arauok behar bezala aipatu edo alegatu ez badituzte ere.
Epaile eta auzitegien babes eraginkorrak (Espainiako Konstituzioaren —EK— 24.1 artikulua) ez du barne hartzen legezko xedapenak hautatzeari, interpretatzeari eta aplikatzeari dagokien trebetasun judizialerako eskubiderik, baina barne hartzen du, beste alderdi batzuen artean, ebazpen judizial arrazoitu bat lortzeko eskubidea; lehenik eta behin, ebazpenak behar den mailan arrazoitua izan behar duela jotzen da; hau da, erabakia zer irizpide juridikotan oinarritu den jakiteko judizio-elementu eta -arrazoiak jaso behar ditu. Arrazoitzeak zuzenbideko oinarri bat izan behar du, horrek bermatzen baitu erabakia ez izatea legearen aplikazio arbitrario baten ondorio, eta ez izatea nabarmenki zentzugabea, ageriko akats batean edo oinarri juridikoen arteko edo oinarri juridikoen eta epaiaren arteko kontraesan nabarmen batean oinarritua. Izan ere, kasu horretan, legezkotasuna itxurazkoa baino ez litzateke izango.
“Behar bezain arrazoitua” izateko, ez da nahikoa ondorio faktiko edo juridiko bat azaltze hutsa; beharrezkoa da arrazoiketa edo inferentzia. Azalpen formal hutsak, inolako argudiorik gabe eta kasuari eta eztabaidagai den instituzio juridikoari erreferentzia egiten dion arrazoiketarik gabe, erakusten du erabakia ez dela arrazoitu arauaren ratioarekin alderatuta, eta, halaber, erakusten du irtenbide hermeneutikoa ez datorrela bat instituzioak bilatzen dituen helburuekin eta haren aurresuposamenduekin, kasuaren egoerak kontuan hartuta.
Ez-egitezko inkongruentziaren akatsa egiten da organo judizialak alderdiek planteatutako gairen bati erantzuten ez dionean, betiere isiltasun judiziala ezin bada ulertu ebazpenaren edukien arrazoiketetatik eratortzen den isilbidezko ezespentzat, babes judizial eraginkorrerako eskubideak ez baitakar berekin uziaren oinarritzat ematen diren alegazio guztien erantzun esplizitu eta xehatu bat. Funtsezko eskubide horren ondorioetarako, kasuaren egoera partikularrak kontuan hartuta, nahikoa izan daiteke alderdiek egindako alegazioei uziaren erantzuna azaltzen duen erantzun orokor bat ematea, alegazio zehatz ez-substantzial bakoitzari erantzun espezifiko bat eman gabe. Doktrina ezagun hori azaltzeko garaian, berriro adierazi behar da kongruentziak erantzuna eskatzen duela: uzien beren erantzunez gainera, funtsezko alegazioen erantzuna ere bai. Izan ere, babes judizial eraginkorraren funtsezko eskubidea urratzen da uziari ez zaionean erantzunik ematen eta, halaber, organo judizialak alde batera uzten duenean alderdietako batek modu egokian planteatutako funtsezko alegazio bati buruzko ohar oro.
Kongruentziaren betebeharra benetako uziei dagokienez baino ez da ezartzen, haietako bakoitza erantzun zehatza behar duen causa petendi bilakatzen baita.
Erantzun falta beti ez da ez-egitezko inkongruentzia; izaera hori edukitzeko, funtsezko ezaugarri hauek izan behar ditu: alde batetik, auzitegiak uziaren elementu baten berri izatea eta haren inguruan erabakia hartzea esanguratsuak izatea epaia zehazteko garaian; beste alde batetik, organo judizialak epaian hari ez ematea erantzun berariazko edo inpliziturik. Alderdi bati buruzko erabaki falta baldintza horiek betetzen direnean bakarrik izango da justiziaren uko tazitua, eta, beraz, EKren 24.1 artikuluan zehazten denaren aurkakoa izango da.
Ez-egitezko inkongruentziaren akatsa epai judizialaren eta alderdien uzien azalpenen arteko desadostasun bat da, gehiago edo gutxiago eman delako, edo eskatzen zenaz bestelako zerbait eman delako. Babes judizial eraginkorrerako eskubidea urratzea dakar horrek, betiere desbideratze horren “izaera dela-eta” gatazka prozesalaren zehaztapenak modu esanguratsuan aldatzen badira.
Ez-egitezko inkongruentziaren pean erori den auzitegiaren edo epaitegiaren jarduketen atzeraeragina eta beste epai bat eman behar izatea dira inkongruentzia-mota horren ondorioak; epai berri horretan, baloratu ez diren alderdi guztiak hartu beharko dira kontuan, auzitegi edo epaitegiaren irizpidean, jakintzan eta prozeduran oinarrituta.
David Erauskin Perez
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua
