fisioteraia-mutualia
Itzuli

Fisioterapia eta jarduera fisikoa zahartze osasungarrirako

Irailaren 8a Fisioterapiaren Mundu Eguna da, eta aurtengo goiburua hauxe dugu: «Fisioterapia eta jarduera fisikoa zahartze osasungarrirako: hauskortasuna eta erorikoak prebenitzea». Mutualiak, egun hori baliatuz, azpimarratu nahi du zeinen garrantzitsua den egunerokoan aktibo mantentzea, baita lan-ingurunean ere. 

Biztanleriaren zahartzea errealitate bat da: 2030ean, 60 urtetik gorako pertsonak 1.400 milioi izango dira eta, 2050ean, 2.100 milioi. OMEk adierazi du zahartzeak gaitasun fisikoak eta mentalak pixkanaka jaistea dakarrela, eta horrek lanpostuaren eskaerei ere eragin diezaiekeela. 

Gaur, Gorka Gangoiti Iturri dugu, Mutualiako fisioterapia-koordinatzailea. Fisioterapiak eta jarduera fisikoak zahartze osasungarrian duten funtsezko zeregina azalduko digu. 

 

Zahartze aktibo eta osasungarria. Zergatik da hain garrantzitsua zahartze osasungarria sustatzea? 

Adinean aurrera egin ahala, muskuluek indarra, elastikotasuna eta arintasuna galtzen dute pixkanaka; ondorioz, hauskortasuna eta erorikoak izateko arrisku handiagoa dugu. Baina, modu osasungarrian zahartu gaitezke baldin eta jarduera fisikoa eta beste ohitura batzuk sustatzen baditugu.  

«Ariketa erregularrak eta fisioterapiak autonomo izaten jarraitzen eta bizi-kalitate ona izaten laguntzen digu. Fisikoki aktibo egotea funtsezkoa da osasunerako eta ongizaterako, eta gaixotasun kronikoak prebenitzen eta gaitasun funtzionala mantentzen laguntzen du». 

 

Nola lagun diezaguke jarduera fisikoak? 

«Urteei bizitzari eta bizitzari urteak gehitzen» laguntzen digu.  

«Hari esker, indarra eta oreka mantenduko ditugu, mugikortasuna eta malgutasuna hobetuko ditugu, muskulu-lesioak prebenituko ditugu, eta, oro har, energia gehiago izango dugu. Indar-, erresistentzia- eta oreka-ariketek, gure egoera fisikoa hobetzeaz gain, erorikoak eta lesioak izateko arriskua nabarmen murrizten dute». 

Ariketa osasuna da, eta urrats guztiak dira garrantzitsuak, baita txikiena ere.  

 

Nola aldatzen zaigu gorputza adinarekin? 

«Zahartzeak eragin negatiboa du gaitasun fisikoan: muskulu-indarra galtzen dugu, artikulazioen mugikortasuna gutxitzen zaigu eta gaitasun aerobikoa txikitzen zaigu. Horrek guztiak, ikusmen- edo oreka-arazo posibleez gain, erorikoak eta lan-istripuak izateko arriskua areagotzen du». 

Fisioterapeutok ez ditugu lesioak bakarrik tratatzen, horiek prebenitzen ere laguntzen dugu. Eguneroko ohitura txikiekin eta laguntza profesionalarekin aktibo izan gaitezke, eta zahartze aktibo eta osasungarria izan. 

 

Zein izango litzateke gomendatutako jarduera fisikoa? 

Oro har, luzatzeko eta indartzeko ariketak egin beharko genituzke egunero. Hona hemen jarraibidea: 

  • Jarduera aerobiko moderatua, 150-300 minutu astean; eta jarduera aerobiko bizia, 75-150 minutu astean. Oinez ibiltzea, bizikleta estatikoa, bizikleta eliptikoa, igeri egitea, dantza egitea, etab. 
  • Astean bitan. Muskulu-talde guztiak lantzeko indar-ariketak. Norberaren gorputz-pisuarekin, gomekin, pisuekin, makinekin edo TRXrekin egin daitezke, besteak beste. 
  • Oreka- eta malgutasun-jarduerak, astean hirutan. 
  • Saihestu luzaroko sedentarismoa. 

 

 

Zer neurri har daitezke lan-eremuan? 

Helburua da lan-ingurune seguruagoak eta ergonomikoagoak sortzea, batez ere pertsona adinduenentzat. Prebentzio-neurriak, hala nola oztoporik gabeko lan-espazioak izatea, lan errepikakorrak saihestea, jarrerak zaintzea, gehiegizko kargak saihestea, ergonomiari arreta berezia jartzea eta, jakina, lanean mugikortasuna sustatzea etenaldi aktiboekin. 

Bestalde, ezinbestekoa da indar-ariketen bidez esfortzu gehien hartzen duten muskulu-taldeak indartzea, egunero jasaten dituzten kargak jasateko gai izan daitezen eta ez daitezen lesionatu. 

 

Zer dira etenaldi aktiboak eta nola sustatu ditzakegu lan-ingurunean? 

«Etenaldi aktiboa da ariketa oso labur eta errazak egitea (5-10 minutu, egunean pare bat aldiz). Ariketa horiek artikulazioak babesteko eta indartzeko, muskulu-tentsioak murrizteko eta, horrela, lesioak prebenitzeko dira». 

Onuragarriak dira bai lan sedentarioetarako, bai ahalegin fisikoa eskatzen dutenetarako, eta lanpostuko edo lanetik kanpoko bizitzako zeregin zorrotzenetan inplikatuta dauden muskulu-taldeak indartzeko lan gogorragoaren osagarri izan daitezke. 

 

 

Azkenik, zer mezu helarazi nahiko zenuke Fisioterapiaren Mundu Egunean? 

Funtsezko mezua litzateke mugimendua osasuna dela, eta inoiz ez dela beranduegi mugitzen hasteko eta gure muskulu-indarra hobetzeko, hartara gure gaitasun funtzionala mantendu eta/edo hobetzeko. Eguneroko errutinan ohitura txikiak txertatuz eta, fisioterapeuten laguntza eta aholku profesionalarekin, muskuluak indartzeko lana eginez, aktibo mantenduko gara eta zahartze aktibo eta osasungarria izango dugu.  

Lotutako berriak