Heraclio Fournier La Previsora –gaur egun, Mutualia– sortu zuen enpresetako bat da, eta, aurten, 150. urteurrena ospatzen du; guk ere bat egin dugu ospakizunarekin, eta beste hainbat urtez gurekin egon dadin desio diogu.
1870ean, Heraclio Fournierrek inprimaketa-tailer txiki bat sortu zuen Gasteizko Plaza Berriko etxabeetan.Bere espiritu berritzailea dela-eta, inprimaketa-teknika berrienak gehitu zituen, eta, horrez gainera, negozioa handitu zuen Manuel Iradier kaleko toki garrantzitsu batean.Etorkizuneko ikuspegia izanik, eta inprimaketa-metodo berritzaileak erabiliz hasiera oparoa izan ostean, karta-sorta bat diseinatzeko eskatu zien Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan irakasle ziharduen Emilio Soubrier jaunari eta Díaz de Olano margolariari. Une hori mugarri izan zen erakundearen historian. Izan ere, karta-sorta hori Espainiako gaur egungo karten preludioa da.
Gaur egun ere, karta-sorta hori arrakastaz fabrikatzen da, eta garai guztietako Espainiako eta Euskadiko diseinuaren ikono izendatu dute; karten munduko erreferentziatzat jotzen da. Fournier da oraindik ere etxean duzun eta Legutiotik mundu osoko 70 herrialde baino gehiagotara ailegatzen den karta-sorta horren fabrikatzailea. Karta-sortaren xehetasun guztiak zenbait artisau maisuk eta inprimaketa-tekniketan adituak ziren zenbait artistak sortu zituzten. Gaur egun, hala da oraindik ere. Zerbaitegatik dago etxe gehienetan karta-sorta bat; horietatik, % 95 Fournierrenak dira.
Urtero, bederatzi milioi karta-sorta sortzen dira Goiaingo (Araba) fabrikan, eta hainbat tokitan saltzen dira. Gainera, xehetasun osoz kontrolatzen da karta ororen kalitatea.”Edozein akatsek karta markatu dezake, eta arriskuan jarriko luke joko garbiaren printzipioa“, dio Naipes Fournierreko marketin-zuzendari Diego Ruiz de Gaunak. Lehengaia bi geruza dituen papera da, kartak egiteko soilik erabiltzen dena. Kola beltz eta opakua du, kartak gardendu ez daitezen, eta tenperatura- eta hezetasun-baldintza kontrolatuetan kontserbatzen da. Garbiketari, koloreei eta tintei dagokienez, inprimaketak bikaina izan behar du, bernizatzeari ekin aurretik. “Horrexegatik dira kartak labainak eta iraunkorrak“. Ebaketa egiteko, ikusmen artifizialeko sistema bat erabiltzen da, karta berdin-berdinak lortzeko. Gainera, karta-sorta bakoitza zigilatu egiten da, kasinora eraman aurretik ez dela manipulatu erakusteko. Kalitatearen, zerbitzuaren, segurtasunaren eta iraunkortasunaren sinonimo da Fournier, eta, parametro horiek aintzat hartuta, jendearen bilkurei ilusioa emateko, umeei ikasketa-metodoak irakasteko, kasinoei segurtasuna emateko eta enpresei proiekzioa emateko lan egiten dute, “150 urte elkarrekin jokoan” lelopean.
