Konstituzio Auzitegiaren 61/2021 epaia, martxoaren 15ekoa.
Enpresa batek diziplinazko kaleratze bat planteatzen duenean, lehenik eta behin kaleratze hori eragin duten jarduerak frogatu behar ditu. Hala, jatorrian dauden egitateak zerrendatu behar dira kaleratze-gutunean. Kasu zehatz honetan, argudiatu ziren kontratuaren fede onaren hainbat ez-betetze, lan-errendimendu falta, nagusi hierarkikoen jarraibideei ez obeditzea eta haienganako irainak.
Enpresak, langileak ezagutzen dituen informazio-, Internet- eta posta elektronikoko sistemen erabilera onargarrirako arauak aplikatuz, haren ekipamendu informatikoa monitorizatu zuen, errealitatean lanbidea nola betetzen zuzen zehazteko, eta ondorioztatu zuen lanaldiaren % 30 baino ez zuela ematen lan profesionaletan; horrek hura kaleratzea eragin zuen.
Kaleratzeari buruzko epaiketan, epaitegiak langilearen uzia aintzat hartu eta kaleratzea deuseztzat jo zuen oinarrizko eskubideak urratzeagatik (zehazki, komunikazioen intimitatea eta sekretua), froga lortzeko urraketa horretaz baliatu baitzen enpresa; hala, froga hori neurriz kanpoko eta ez-beharrezkotzat jo zuen, existitzen baitira beste frogabide batzuk (norberaren kontuak ematea, emaitzen kontrola…).
Aretoak ezeztatu egin zuen epai hori. Izan ere, froga lortzeko bidea zilegi ez den arren, kaleratzeari dagokionez dituen ondorio juridikoek ez dute deuseztasuna eragiten, ez baita frogatu kontratua azkentzeko erabakiaren helburua oinarrizko eskubideak urratzea zenik, ez eta enpresaburuaren arrazoiak oinarrizko eskubideak urratzen dituen kausa bati erantzuten zionik ere –deuseztasuna ekarriko luke horrek–; aitzitik, haren asmoa langilearen jokabideak egiaztatzea eta kaleratzea justifikatzeko frogak lortzea izan da. Ezin dira nahastu oinarrizko eskubideak urratuta egindako kaleratzea eta oinarrizko eskubideak urratzea, zehapena ezartzeko behar diren egitateen froga lortzeko. Azken hori da kasu honetan gertatzen dena. Ordenagailua monitorizatzeari esker egiaztatutako egitateak epaiketatik kendu ondoren, beste egitate batzuen froga bazegoela ulertu zen, baina ez zirela behar adinako larritasunera iristen. Beraz, kaleratzeko arrazoirik ez zegoenez, epaiak bidegabetzat jo zuen, eta, gainera, ez zuen onartu horren ondoriozko kalte-ordainik.
Auzitegi Gorenak ez zuen kasazio-errekurtsoa onartu, kontraesan faltagatik, baina langileak Konstituzio Auzitegian babes-errekurtsoa jarri zuen babes judizial eraginkorra urratzeagatik, komunikazioen intimitaterako eta sekreturako eskubideari zegokionez. Auzitegi Gorena ez zetorren bat oinarrizko eskubide-urraketaren bidez lortutako frogaren deuseztasunaren ondorio juridikoekin, kaleratzearen kalifikazioari dagokionez. Adierazi zuen froga deuseza bada, horren ondorio diren egintzak eta neurriak ere deusezak direla; eta froga ez balioesteari dagokionez aplikatutakoaren aurkakoa da hori.
Epai horrek garrantzi konstituzional berezia du, ez baitago horri buruzko doktrinarik. Izan ere, zigor-prozesuetara mugatzen da doktrina, eta horietan oinarrizko eskubide bat urratuz lortutako frogak ezin dira kontuan hartu: existituko ez balira bezala da, eta egitateak ez frogatutzat jotzen dira.
Konstituzio Auzitegiaren epaiaren amaieran, zehazten da aurkaratutako epaiaren arrazoibidean ez dela inolako konstituzio-bermerik urratu, eta kaleratzearen kalifikazioaren eta oinarrizko eskubideak urratuz lortutako frogaren deuseztasunaren arteko lotura ezin dela arbitrariotzat edo ez-arrazoizkotzat jo. Epaiaren arabera, ordea, aurkaratutako epaiak kalte-ordaina zenbatetsi beharko zukeen; izan ere, kasu honetan, oinarrizko eskubideen urraketa kaleratzearen egintzak berak eragin ez bazuen ere, egia esan, epaian bertan aitortu zen ordenagailuaren monitorizaziotik eratorritako froga lortzean oinarrizko eskubideak urratu zirela.
Konstituzio Auzitegiaren epaiak honako honetan oinarritzen du bere ondorioa: Lan-arloko Jurisdikzioaren Legearen 183.1 artikuluak xedatzen duenez, oinarrizko eskubide baten urraketa deklaratzen duen epaiak kalte-ordainaren zenbatekoari buruzko iritzia eman behar du, eta ez da kaleratzearen kalifikazioaren araberakoa kalte-ordain hori aitortzea, baizik eta langileak diskriminazioa edo bere oinarrizko eskubideetan eta askatasun publikoetan edozein kalte jasan duela aitortzearen araberakoa –kasu honetan deklaratu zen bezala–, eta hori kaleratzearen kalifikazioa alde batera utzita.
Maria Urizar
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
