Gabonek eragin ekologiko handia sortzen dute, epe laburreko bizitza duten material ugarien kontsumoa eta ekoizpena izugarri igotzen delako. Mutualian aurtengo Gabonak modu jasangarriagoan ospatzeko pistak eskaini nahi dizkizugu, izan ere, ohitura berri erraz eta eraginkorrei heltzen badiegu, gure ingurugiroa zaindu baitezakegu.
GABONETAKO ZUHAITZ EKOALTERNATIBOAK AUKERATU: Gabonetako zuhaitz artifizialek plastikoa dute material nagusitzat; horretaz gain ez dira biodegradagarriak (100 urtetik gora behar dute desagertzeko eta gainera, degradazio prozesu horretan material toxikoak isurtzen dituzte). Horregatik alternatiba hauek dauzkagu:
- ZUK ZEUK EGIN: Saia zaitez zure zuhaitza berrerabilitako materialekin egiten, adibidez kartoia, paletak edota adarrak erabiliz; horrela, ekologikoa izateaz gain, momentu dibertigarriak pasa ditzakezu etxeko txikiekin.
- ZUHAITZ NATURALA: Baso kontrolatuetan hazitako zuhaitza etxean jartzea alternatiba garestiagoa izan arren, onura asko dakartza. Gure osasuna hobetzen dute (karbono dioxidoa xurgatzen dutelako), %100 biodegradagarriak dira eta ez dute hondakin toxikorik sortzen beren degradazio prozesuan.
OPARIAK BILTZEKO EGUNKARI EDO ALDIZKARIEN PAPERA ERABILI: Badakigu askoz politagoak direla elur oreinak eta “brillibrillizko” paperak; hala ere “edertasuna barruan dagoenez”, berrerabilpenari garrantzia eman behar diogu, horrela hondakin bihurtu baino lehen, egunkariek beste erabilera bat izango baitute.
JANARIRIK EZ BOTA!: AECOSAN erakundeak esan bezala, Espainiako biztanle bakoitzak astero kilo erdi bat janari botatzen du zakarrontzira. Ohitura hau ez da jasangarria. Horregatik, egin ezazu otorduen plangintza janaririk ez bota behar izateko.
DENBORALDIKO PRODUKTUAK ETA KM 0 EROSI: Badakigu Errusiako kabiarra jaten ari garela esatea oso dotorea dela, baina ekologikoagoa (eta merkeagoa) da km 0 produktuak eta urte sasoiarekin bat datozen produktuak erostea. Horrekin, elikagaien garraioak sortzen duen karbono aztarna eta janaria kontserbatzeko behar diren material toxikoak murriztuko ditugu.
HONDAKIN BAKOITZA, DAGOKION EDUKIONTZIRA BOTA: Ondo birziklatu behar dugu, birziklapenaren katea ez apurtzeko.

