Ospakizun-egunak datoz, lagunekin eta familiarekin elkartzeko egunak, mahaiaren bueltan bildu eta jaiak ospatzekoak. Baina egun hauetan oso garrantzitsua da gure osasunari ere kasu egitea, neurrian jatea eta edatea, sedentarismoa alde batera uztea eta gure osasun emozionala zaintzea.
Horixe adierazi digu Carlos Sarabiak, Mutualia Osasuntsua taldeko kide eta medikuak, zeinak aholku batzuk eman baitizkigu Gabonetan ere bizimodu osasungarria egiteko.
Nutrizioa: neurrian jatea eta edatea
- Planifikatu menu orekatu eta askotariko bat, produktu freskoak, sasoikoak eta bertakoak barne hartzen dituena, betiere barazkiak, fruta eta fruitu lehorrak oinarria direla.
- Jakiak plantxan, lurrunetan edo labean egitea oso aukera osasungarria da; saltsak eta gisatuak dituzten platerak ez bezala, erraz digeritzen dira.
- Hartu neurria azukreari eta Gabonetako gozokiei. Aukera ona izan daiteke sasoiko fruta pixka batekin konbinatzea: laranja, anana, mazedonia, konpota eta abar.
- Hidratatu, eta ez edan alkoholik. Edatekotan, neurrian egin, eta jatorduetan; kaloriak baino ez ditu ematen alkoholak, eta digestio-sistemari eta nerbio-sistemari kalte egin diezaieke epe laburrean. Hidratatzea funtsezkoa da. Edan ura; heste-igarotzea errazten du, eta janariarekiko antsietatea gutxitzen. Beste likido batzuk ere har ditzakegu, hala nola zuku naturalak, infusioak edo zopak.
Jarduera fisikoa: baztertu sedentarismoa, eta egin bizimodu aktiboa
Oso litekeena da ospakizun-garai hauetan eguneroko jarduera fisikoaren errutina aldatzea, baina komeni da alde batera uztea sedentarismoa.
- Ibili oinez, igo eta jaitsi eskailerak —ariketa aerobiko bikaina da—.
- Oinez nahiz bizikletaz ibili hirian opariak erosteko, Gabonetako azokak ikustera joateko…
- Egin dantza ospakizunetan; gure ongizate fisiko eta emozionala orekatzen laguntzen du.
- Aire zabaleko jarduerak egitea izan daiteke aktibo egoteko beste modu bat; hartu parte San Silbestreko lasterketa batean edo joan mendira Urteberri eguna ospatzera.
Ongizate emozionala: Gabonetako estresaren kudeaketa
Gure alderdi emozionala zaintzea ere garrantzitsua da. Festa-egunek, erosketek, otorduek, opariek eta abarrek estresa eragiten digute.
- Hori saihesteko, funtsezkoa da aldez aurretik planifikatzea.
- Banatu lanak denen artean.
- Lagundu gehien behar dutenei. Aldendu perfekzionismotik eta hartu denbora babesgabeekin egoteko.
- Elkartu maite dituzunekin eta bizi une goxoak haiekin.
- Egin erlaxatzen laguntzen duten jarduerak, hala nola ariketa fisikoa, meditazioa, musika entzutea…
- Lo-ohiturak. Ezohiko ordutegietan ibiltzen gara askotan Gabonetan, eta garrantzitsua da atsedena lehenestea. Saiatu lotarako ordua gehiegi ez atzeratzen eta ordutegia orekatzen.
Gogoan hartu Sarabia doktoreak elkarrizketa-podcast honetan esandakoa: “Oreka aurkitu behar da ohitura osasungarrien hiru ardatz nagusien artean: nutrizioa, jarduera fisikoa eta ongizate emozionala. Egin daiteke, eta gomendagarria da”.
