Gabonak gertu daude. Aurten desberdinak izango dira, pandemiaren ondorioz ezarri behar ditugun murrizketak direla-eta, baina saiatuko gara egun horietako ilusioari eusten eta, ahal den neurrian, Gabon bereziez gozatzen.
Carlos Sarabia mediku eta Mutualia Osasuntsua taldeko kideak gogora ekarri digu osasunerako funtsezko hiru zutabeen arteko oreka aurkitzearen garrantzia: elikadura, jarduera fisikoa eta ongizate pertsonala. Hona hemen aholku nagusietako batzuk:
– Egin berrikuntzak sukaldean. Inplikatu zure familia, jarri mantala etxeko txikienekin, diseinatu haiekin batera egun hauetarako menu osasungarriak eta ekin lanari. Gauza dibertigarri eta osasuntsuagorik ez da.
– Zaindu zure elikadura. Prestatu menu orekatuak eta askotarikoak, sasoiko produktu freskoekin. Frutak, barazkiak eta fruitu lehorrak, ahal dela plantxan, lurrunetan edo labean prestatuak, eta saihestu saltsak eta gisatuak. Horrek guztiak hain digestio astuna ez egiten laguntzen du, eta gure organismoaren defentsak areagotzen ditu.
– Saihestu azukre gehiegi kontsumitzea. Ohiko Gabonetako postreak ez dira gehiegitan jan behar, eta oso gomendagarria da sasoiko frutarekin konbinatzea.
– Ez edan alkohol gehiegi. Alkohola neurriz kontsumitu, ahal dela, otorduetan; kaloria hutsak baino ez ditu ematen, eta epe laburrean digestio-sistema eta nerbio-sistema kaltetu ditzake.
– Hidratatzeko, edan ura. Hesteetako zirkulazioa errazten du, eta janariarekiko antsietatea gutxitzen. Komeni da egunean 6-8 edalontzi hartzea, edo, nahiago izanez gero, zukuak, infusioak edo zopa naturalak ere hartzea.
– Aktiba eta mugi zaitez. Egizu jarduera fisikoren bat. Saihestu sedentarismoa, praktikatu gustuko duzun jarduera fisikoren bat, ibili hirian erritmo bizian, igo eta jaitsi eskailerak…
– Atseden hartu. Zaindu loaren higienea. Garrantzitsua da atseden hartzeko ohitura onak izatea. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egunean gutxienez 6 orduz lo egitea gomendatzen du, eta egokiena 8 orduz lo egitea da. Loa hartzea kostatzen bazaigu, ariketak, meditazioa, arnasketa-teknikak edo bainu lasaigarria har ditzakegu.
– Maitatu zure burua. Zaindu zure ongizate emozionala. Data hauek emozio bizien iturri bihur daitezke. Elikaduraz eta jarduera fisikoaz gain, ez dugu gure ongizate pertsonala alde batera utzi behar. Izan kontaktua gehien maite dituzun pertsonekin, baina saihestu bizikideekin ez diren familia-bilerak, funtsezkoa baita kutsatzea saihesteko. Pentsatu maite dituzun pertsonak oso gertu daudela oraindik, eta teknologia berriek konektatuta mantentzen laguntzen digutela.
Izan dezagun itxaropena txertoak pandemia gainditzen lagunduko digula, 2021 osasuntsuago batean pentsatu ahal izango dugula, eta gure ongizate biopsikosoziala berreskuratuz joango garela.
Aurten, inoiz baino gehiago, sentiaraz dezagun Gabonetako magia.


