trabajador con dispositivo digital
Itzuli

Gailu digitalak erabiltzeko politikari eta langileen ordezkarien parte-hartzeari buruzkoak

Auzitegi Gorenak, 2024ko otsailaren 6ko epaian, 263/2022 errekurtsoan emandakoan, analizatzen du enpresaren jabetzakoak izanik langileen eskura jarritako ekipamendu informatikoak erabiltzeko politikaren edozein alderdi aldatzeko, eguneratzeko edo zehazteko prozedura, baita horien bidezko Interneterako sarbidea ere.

Prozeduraren jatorria gatazka kolektiboko demanda bat da, sindikatu batek aurkeztua, informatikako ekipamenduen erabilerari buruz enpresak egindako jakinarazpen baten ondorioz. Auzitegi Nazionaleko Lan Arloko Salak bazuen jakinarazpen horren berri, eta baliogabetu egin zuen; izan ere, langileen ordezkarien parte-hartzerik gabe egina zen, Datuak Babesteko Lege Organikoaren (DBLO) 87.3 artikuluan ezarritakoaren aurka.

Enpresak kasazio-errekurtsoan zioenez, lan-kontratuan bazeuden protokolo batzuk baliabide informatikoen erabilera pertsonala debekatzen zutenak, eta, beraz, jakinarazpena gogorarazpen hutsa zen; hau da, ez zen baliabideak erabiltzeko politika berri bat.

Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluan xedatutakoan oinarritzen zuen enpresak jokabide hori. Artikulu horrek aitortu egiten du enpresaburuak lan-harremanen eremuan duen zuzendaritza-ahalmena langileek berei dagozkien betebeharrak konplitzen dituztela egiaztatzeko, eta ahalmena ematen dio zaintza- eta kontrol-neurri egokienak hartzeko. Xedapen orokorra da, jarduera-mota guztiei aplika dakiekeena, lanean erabiltzen diren baliabide materialak edozein direla ere: beraz, ez da beharrezkoa langileen ordezkariek parte hartzea horri buruzko arauak ezartzeko.

Baina DBLOren 87.3 artikuluak espezifikoki aipatzen ditu enpresaburuak enplegatuen eskura lanerako jartzen dituen gailu orokorrak erabiltzeko irizpideak, eta haiek erabiltzeko arauak eta irizpideak ezartzeko ahalmena ematen dio enpresaburuari; baina, aldi berean, mugak ezartzen dizkio enpresaren zehaztapen-botere horri, langileen intimitate-eskubidea aintzat hartuta.

Auzitegi Gorenak adierazten du DBLOren 87.3 artikulu hori aginduzkoa dela lana gailu digitalen bidez egiten den kasuetan. Horrelakoetan, langileen ordezkariek parte hartuta ezarri behar dira irizpideak, eta, aginduak atzeraeraginik ez duen arren, DBLO indarrean sartu aurretik ezarritako irizpideen edozein aldaketak, edozein zehaztapenek, zabaltzek edo murrizketak indarrean dagoen legean ezarritako arauei jarraitu behar die.

Auzitegi Gorenaren Laugarren Salaren iritziz, gainera, enpresaren zirkularra ez zen gogorarazpen hutsa; aldaketa bat zekarren instrukzio horrek, eta, edozelan ere, irizpideen eguneratzea; ondorioz, indarreko araudia betez egin behar ziren irizpideok. Hortaz, langileen ordezkariek parte hartuta finkatu behar dira irizpideak.

Zalantzarik gabe, epai interesgarria da, eta kontuan hartu beharreko irizpidea, ugari erabiltzen baitira baliabide teknologikoak lanpostu askotan.

Lotutako berriak