Itzuli

GAITUZSPORT: kirola eta inklusioa

Kirola eta jarduera fisikoa interes handiko praktikak dira, baita oinarrizko eskubidea ere. Hala ere, pertsona guztiek ez dute berdintasunezko baldintzetan praktikatzeko aukerarik, beren ingurune sozialagatik edo desgaitasunagatik.

Oraingo honetan, Xabier Leizea eta Juan Jauregizar GaituzSporteko presidentea eta idazkaria elkarrizketatzeko aukera izan dugu. Ariketa egiteak osasun fisiko eta emozionalerako dituen onurez arituko dira, eta azalduko dute nola garatzen dituzten metodologia berritzaileak desgaitasuna duten pertsonak kirolaren bidez gizarteratzeko.

Zer da GaituzSport, nola sortu zen eta nortzuek osatzen dute

Kirol Egokituaren Euskal Federazioan egindako hausnarketa baten ondoren sortu zen GaituzSport . Hausnarketa horretan, identifikatu egin ziren desgaitasuna duten pertsonek jarduera fisikoa egiteko dituzten beharrak, lehiaketako kirolaren ibilbidetik harago. Plataforma bat da GaituzSport, baliabideak eskaintzen dituena desgaitasuna duten pertsonei testuinguru komunitarioetan jarduera fisikoa modu normalizatuan egitea errazteko.

gaituzsport

Haren ildo estrategikoetako bat saretze-lana da, kirolaren eta jarduera fisikoaren bidez desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko baliabideak eratzeko sortua. Nola gauzatzen da hori?

GaituzSportek bi zutabe identifikatzen ditu inklusio-prozesurako: informazioaren kudeaketa eta eragileen arteko koordinazioa. Hala, saretze-lana entitatearen DNAn dago inplizituki, beharrezkoa baita edozein inklusio-prozesu ziurtatzeko. Zehazkiago, saretze-lana gauzatzeko, lehenik eta behin prozesuan eragina duten eragile guztiak identifikatu behar dira. Puntu horretan, eragile instituzionalek erantzukizun handia dute; horregatik, lotura bat ezarri nahi dugu, haiek beren betebehar publikoak bete ahal izateko eta herritarrek parte hartzeko aukera normalizatuak edukitzeko.

GaituzSportek kirola eta jarduera fisikoa sustatzen ditu, eta arreta jartzen du pertsonengan eta haien osasun globalean, osasun fisikoa ez ezik mentala eta soziala ere kontuan hartuta. Zein dira jarduera-eremu nagusiak?

Lau jarduera-eremu eta hiru zeharkako ardatz ezartzen ditugu. Horien bidez garatzen ditugu gure jarduera guztiak.

Eremu asoziatiboa: desgaitasunaren eta/edo osasunaren arloan lan egiten duten EAEko gobernuz kanpoko erakundeen ehunari proposamenak eta ekimenak eskaintzea, jarduera fisiko espezifikoaren eta/edo normalizatuaren praktika errazteko. Gure proposamena da beren eskaintzetan jarduera fisikoa eguneroko lan-tresna izatea.

Hezkuntza-eremua: Hezkuntza-komunitateari baliabideak eskaintzea, desgaitasuna duten ikasleek gorputz-hezkuntzako saioetan modu inklusiboan parte har dezaten. “Baliabide” horien artean daude sentsibilizazio-saioak, aholkularitza, prestakuntza espezializatua, material didaktikoak sortzea…

Udal-eremua: Udalerriei baliabideak eskaintzea, tokiko kirol-eskaintzei buruzko politika publikoak ikuspegi inklusibotik garatu ditzaten. “Baliabide” horien barruan daude honako hauek: udalerri bakoitzerako laguntza-programa espezifikoak diseinatzea, non biztanleria orokorraren ezaugarriak jasoko diren desgaitasunari, kirol-jarduerari eta -azpiegiturei dagokienez; sentsibilizazioa; aholkularitza; prestakuntza espezializatua; lagun egitea; aldageletako laguntza…

Osasun-eremua: Osasun-eragileei tresnak eskaintzea, ariketa fisikoa gehiago har dezaten kontuan herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeari dagokionez.

Zeharkako ardatzak:

Hedapena eta sentsibilizazioa: Inklusio-prozesuan emaitzarik onena lortzeko, ezinbestekoak dira bi premisa: desgaitasuna eta/edo osasun-asaldurak dituzten pertsonek beren aukeren artean izatea jarduera fisikoa, eta talde normalizatuak pertsona hori modu onean eta trabarik gabe hartzea. Horretarako, beharrezkoa da hedapeneko eta sentsibilizazio sozialeko lana egitea.

Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza: Jarduera fisikoari eta desgaitasunari dagokienez aipatzen diren onurak kontrastatu, neurtu eta kuantifikatu egin behar dira. Komunitate zientifikoa inplikatzeaz gain, konpromisoa hartzen dugu, ikerketa horien emaitza gisa, programa eta metodologia berritzaileak ezarri eta garatzeko.

Prestakuntza: Langile kualifikatuak behar ditugu, egiten ditugun eskaintza guztietan egongo direnak. Prestakuntza-ekintzen bidez, asmoa da langile kualifikatuak prestatzea, aniztasuna ezagutu eta hari erantzun diezaioten. Horretarako, inklusioko kirol-langileak trebatzeko ekintzen artean, ikusarazi egingo dira egokitzapena behar duten modalitateetan aritzen diren pertsonek dituzten oztopoak eta zailtasunak, eta ezagutzera emango egingo dira kirol espezifikoan integrazio eta inklusio kontzeptuen artean dauden desberdintasunak.

gaituzsport 2

Kirola egitearen onurak sustatzeko, GaituzSportek metodologia sortzaileak eta berritzaileak garatzen ditu, aniztasuna kontuan hartuz parte hartzeari laguntzen diotenak; Osakinbide programa, adibidez, Mutualiarekin elkarlanean. Zertan datza programa hori eta zein du helburu nagusia?

“Osakinbide osasun-, integrazio-, normalizazio- eta inklusio-programa bat da, oinarrizko Jarduera Fisiko Egokituaren bidezkoa, laneko istripuen edo gaixotasunen ondoriozko desgaitasuna duten pertsonei zuzendua.”

Osakinbide GaituzSportek diseinatua da, eta haren helburu nagusia da desgaitasuna duten pertsonen berregokitze funtzionalerako eta gizarteratzeko prozesua erraztea, lan fisikoaren eta ahaleginaren fisiologiaren bidez, osasun globalaren kontzeptutik abiatuta (fisikoa, errekuperazio psikikoa eta harreman sozialak).

gaitzsport 3

Nola gauzatzen da Osakinbide programa?

Mutualiak babestutako eta hari atxikitako pentsiodunei zuzendutako programa da, baldin eta laneko istripu bat edo gaixotasun profesional bat izateagatik ezintasun iraunkorra aitortuta badute. Mutualiak doan eskaintzen die OSAKINBIDE.

Helburua da berregokitze funtzionalerako eta gizarteratzeko prozesua sustatzea, jarduera fisikoen eta ulermenaren bidez, osasun integralaren ikuspegitik (barne hartzen dituena osasun fisikoa, errekuperazio psikologikoa eta harreman sozialak). Hori guztia diziplina anitzeko ikuspegiaren bidez egiten da.”

Zehazki, astean ordubeteko bi saio egiten dira; saio bat aretoan eta beste saio bat uretan. Kolektibo honen gaitasun funtzionalak lantzea da asmoa, pixkanaka autonomoak izateko eta, horrela, partekatutako instalazioetan jarduera fisikoa egiteko trantsizioa errazteko, kirol-eskaintza komunitarioetan parte har dezaten.

gaitzsport 4

Nola ebaluatuko zenukete horrelako programen eragina laneko istripu bat edo gaixotasun profesional bat izan duten pertsonen errehabilitazioan?

“Programa honen eragina oso positiboa da; hala jaso dugu gure langile-taldearen balorazioen bidez, eta baita parte-hartzaileen iritzien bidez ere. Azken horiek oso positibotzat jotzen dute ezintasuna garatu ostean programak euren hobekuntza funtzionalean izan duen eragina, batez ere ikuspegi psikologiko eta sozialetik, gizarte-harremanetarako iturri berriak aurkitu baitituzte.”

Kirola, Aniztasuna, Inklusioa, Berrikuntza. Hitz egin dezagun etorkizunaz. Zer erronka berri ditu GaituzSportek?

Benetako erronka da ekimen horiek indartzea garatzen diren tokietan, eta ezarriko dituzten eragile berriak aurkitzea, jarduera fisikoa tresna sozializatzaile gisa normalizatzeko. Osasunaren eremuari erreparatzen badiogu, uste dut erronka handiak ditugula. Adibidez, datozen urteetarako finkatu dugun erronka bat da patologia duten pertsonentzako ariketa fisiko gainbegiratua ezartzea, ospitale barruko programa espezifikoen bidez.

Lotutako berriak