Haurren minbizia gaixotasun ezohikoa da, eta proportzioa helduetan hautemandako kasuena baino 100 aldiz txikiagoa da. 2021ean, gaixotasun horren 967 kasu diagnostikatu ziren Espainian 14 urtetik beherako adingabeetan; 1.116 kasu, 19 urtera arteko nerabeak ere kontuan hartuz gero (Espainiako Hematologia eta Onkologia Pediatrikoko Elkartearen Haurren Tumoreen Espainiako Erregistroko datuak).
Minbiziaren diagnostikotik bost urterako biziraupen-indizeak nabarmen egin du hobera azken urteetan, eta % 90 ingurukoa da, baina gaixotasun horrek inpaktu handia du familietan. Gurasoak buru-belarri aritzen dira adingabe gaixoa zaintzen, eta, duela gutxira arte, lanaldi-murrizketak, ordaindu gabeko baimenak edo aldi baterako ezintasunagatiko baja eskatzen zuten, besteak beste, adingabea zaintzeko eta tratamenduan eta sendatze-aldian harekin egon ahal izateko. Horrek galera nabarmenak ekartzen zituen diru-sarreretan beharrezkoen ziren une batean, hots, gaixotasunari aurre egiteko unean, eta deskonexioa gertatzen zen lan-harremanean.
Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabe gaixoen arreta eta zaintza errazteko, diru-sarrerak galtzea saihesteko eta gurasoak lan-ingurunetik ez urruntzeko, Gizarte Segurantzako Sistemaren babes-ekintzak jasotzen du gurasoek eskubidea dutela lanaldia murrizteko eta prestazio ekonomikoa jasotzeko, minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen adingabea zaintzeko.
Langileen Estatutuko 37.6. artikuluak ezartzen duenez, guraso biologikoek, adoptatzaileek edo abegi-gurasoek eskubidea dute beren lanaldia gutxienez % 50 murrizteko, soldata ere proportzio berean murriztuz, minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen beren ardurapeko adingabea zaintzeko ospitaleratzean eta tratamendu jarraituan zehar, zuzeneko zaintza jarraitu eta iraunkorra eskatzen duen ospitaleratzea eragiten duenean. Osasun publikoko sistemak ziurtatu beharko du egoera hori eta, gehienez ere, adingabeak hogeita hiru urte bete arte iraungo du eskubideak.
Bestalde, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren X. kapituluak aukera ematen du aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera lanaldia murriztu duten guraso biologikoek, adoptatzaileek edo abegi-gurasoek prestazio ekonomikoa eska dezaten minbizia edo beste gaixotasun larriren bat (CUME) duen adingabe bat zaintzeko, lanaldi-murrizketaren ehunekoari, eta, beraz, lan egiten ez den denari, dagokion soldata jaso dezaten.
HAZA prestazioa jasotzeko baldintzak
Prestazio hori Gizarte Segurantzarekin lankidetzan diharduten mutuek kudeatzen dute, eta, eskuratzeko, honako betekizun hauek bete behar dira:
- Bi guraso biologikoek, adoptatzaileek edo abegi-gurasoek Gizarte Segurantzako Sistemaren erregimenen batean afiliatuta eta alta emanda egon behar dute, eta jardunean aritu behar dute aldi berean.
- Adingabeak gaixotasun larri bat izan behar du, iraupen luzeko ospitaleratzea eta/edo ospitaleratzearen ondorengo etxeko tratamendu medikoa eskatzen duena, zuzeneko zaintza jarraitu eta iraunkorrarekin. Hortaz, edozelan ere, beharrezkoa da ospitaleratzea gertatzea.
- Eskaeraren unean, adingabe gaixoak 18 urte baino gutxiago izan behar ditu, 18 urte betetzeagatik HAZA prestazioa iraungitzen denean izan ezik, kasu horretan eskuratzeko baldintza beteko baitu.
- Gaixotasun larriak otsailaren 6ko TMS/103/2019 Aginduan jasotzen diren gaixotasun larrien zerrendan agertu behar du.
- Eskatzaileak gutxienez % 50 murriztu behar du lanaldia adingabe gaixoa zaintzeko, % 100era iritsi gabe, murrizketa horrek enpresarekiko lan-harremana etetea ekarriko bailuke. Erregimen orokorreko langileen kasuan, enpresak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian erregistratu behar du adingabe gaixoa zaintzeko lanaldi-murrizketa hori, dagokion kodea eta murrizketaren ehunekoa adieraziz.
- Eskatzaileak gutxienez honako aldi hau eduki behar du kotizatuta:
- 90 egun aurreko 7 urteetan edo 180 egun lan-bizitza osoan, 21 eta 26 urte bitartean baditu.
- 180 egun aurreko 7 urteetan edo 360 egun lan-bizitza osoan, 26 urte baino gehiago baditu.
- Eskatzaileak lanaldi partzialeko kontratua badu, lanaldiaren % 25ekoa izan behar du gutxienez.
- Eskatzailea langile autonomoa bada, Gizarte Segurantzako kuotak ordainduta eduki behar ditu.
HAZA prestazioa eskatzeko beharrezko dokumentazioa
HAZA prestazio ekonomikoa eskatzeko, eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
- Prestazioaren eskaera, murrizketaren hasiera-data eta murriztutako lanaldiaren ehunekoa adierazita.
- Medikuaren adierazpena, honako hauek zehaztuko dituena: gaixotasunaren diagnostikoa, ospitaleratzeak, jaso beharreko tratamendu medikoa, prestazioa eskatzen duen pertsonak eman beharreko zuzeneko zaintza jarraitu eta iraunkorrak, lanaldi-murrizketa justifikatzen dutenak, eta zaintza hori beharrezkoa den aldia. Eskaera hori Osasun Zerbitzu Publikoko mediku arduradunak sinatu eta zigilatuko du, eta aldi baterako ezintasun-baja medikoaren partearekin parekatu ahal izango dugu.
Adingabearen mediku arduraduna mediku pribatua bada, adierazpena Osasun Sistema Publikoan adingabearen arduradun den medikuak sinatu behar du beti.
- Guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-guraso bien arteko akordioa, prestazioa nork jasoko duen adieraziz.
- Eskatzailearen enpresa-ziurtagiria, kotizazio-oinarria, murrizketaren hasiera-data eta lanaldi murriztuaren ehunekoa adieraziz.
- Eskatzailea langile autonomoa bada, murrizten duen lanaldi profesionalaren zatiari dagokion jardueraren egoeraren adierazpena.
- Familia-liburuaren kopia.
- Guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-guraso bien NAN/AIZ/pasaportearen kopia, eta adingabearena, 14 urtetik gorakoa bada.
Behin prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, mutuak zuzenean ordainduko dio eskatzaileari HAZA prestazioa. Haren hileko zenbatekoa lanaldi-murrizketa hasi aurreko hileko kotizazio-oinarria izango da, lanaldiaren murrizketaren proportzioan. Zenbateko hori eskatzaileak eskatuta aldatuko da, kotizazio-oinarriak eguneratzen direnean.
Prestazioa hilabeterako onartuko da hasieran, eta aldiko bi hilabete luzatu ahal izango da gehienez, zainketa zuzeneko, jarraitu eta iraunkorrekin jarraitu behar dela egiaztatzen duen beste mediku-adierazpen bat aurkeztuta.
HAZA prestazioa etetea eta amaitzea
HAZA prestazioa eten egingo da egoera hauetan:
- Eskatzailearen gaixotasun arruntagatiko edo lan-istripu edo gaixotasun profesionalagatiko, amatasunagatiko/aitatasunagatiko, haurdunaldi-arriskuagatiko edo edoskitzaro naturalagatiko aldi baterako ezintasuna.
- Eskatzailearen enplegu-erregulazioko espedientea.
Prestazioa amaitu egingo da egoera hauetan:
- Zainketa-beharrak amaitzea, adingabea hobetu edo sendatu delako.
- Eskatzaileak jarduerari erabat berrekitea.
- Eskatzaileak edo beste gurasoak bere lan-jarduera amaitzea.
- Adingabeak 23 urte betetzea.
- Adingabearen edo eskatzailearen heriotza.
HAZA prestazioaren alderdi garrantzitsuak
Adingabe gaixoaren zaintzagatik murriztutako lanaldiaren zatia ez dute kotizatzen ez enpresak eta ez mutuak, baina Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak egoera hori aurreikusten du. Hori dela eta, % 100era gehituta zenbatuko dira langileak adingabe gaixoa zaintzeko lanaldia murriztu izan ez balu egingo zituzkeen kotizazioak, etorkizuneko prestazioei begira, hala nola erretiroari, aldi baterako ezintasunari eta ezintasun iraunkorrari, amatasun-/aitatasun-baimenei eta haurdunaldiko arrisku eta edoskitze naturalagatiko baimenei dagokienez.
Eskatzaileak ez baditu betetzen HAZA prestazioa eskuratzeko betekizunak, adingabe gaixoa zaintzeko lanaldi-murrizketa mantendu ahal izango du, eta aurreko paragrafoan aurreikusitako kotizazioak jaso, baldin eta zuzeneko zaintza jarraitu eta iraunkorraren beharra baldin badago.
HAZA prestazio honen beste onura bat da familia-prestazioa dela eta ez duela PFEZik ordaintzen, errenta salbuetsia delako.
Mutualian jabetzen gara zer-nolako inpaktu eta aldaketa esanguratsuak eragiten dituen familietan seme-alabei minbizia edo beste gaixotasun larriren bat diagnostikatzeak, eta HAZA prestazioaren espediente bakoitzari izapidegile bat esleitzen diogu, eskaera kudeatzeko orduan eta ondoren arreta pertsonalizatua eskaintzeko eta prestazioa jasotzen den bitartean sor daitezkeen zalantza guztiak argitzeko.
Haurren minbizia ezin da prebenitu, diagnostiko bizkorra eta ondorengo tratamendua dira borrokaren gakoak, eta Mutualiaren helburua da HAZA prestazio ekonomikoa eskuratzeko bidea ahalik eta gehien erraztea, erreferentziako araudian ezarritako baldintzak betez, gurasoek beren seme-alabak zaindu ahal izan ditzaten hain une zailetan.
Diego Badosa Quintana
Mutualiako HAZA arduraduna
