Silizea silizioak eta oxigenoak osatutako konposatu bat da, SiO2 formakoa (silizio dioxidoa edo kristal-silizea). Naturan presente dago hondarrean, granitoan eta buztinetan, nagusiki, eta zenbait konposatu artifizialetan ere agertzen da, esaterako, kuartzozko konglomeratuak direlakoetan. Silize-hautsaren laneko esposizioa gertatzen da honako jarduera hauetan: lurpeko meatzaritza eta harrobiko meatzaritza; eraikuntza; galdaketa; zementugintza eta agregakinen ekoizpena; beira, zeramika, marmola eta konglomeratuak ekoitzi, manipulatu eta eraldatzeko lanak.
Aspalditik jakina da silize-hautsa arnasteak silikosi izena jasotzen duen pneumokoniosi bat eragin dezakeela gizakiengan. 1997an, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC), monografia espezifiko batean, 1. taldeko kartzinogeno gisa sailkatu zuen lan-eremuko kristal-silize arnasgarria, kuartzo edo kristobalita formakoa. Ordutik, ebatzi gabe jarraitzen du auziak. Silizeak zuzenean eta berez eragin dezake minbizia edo, kontrara, beharrezkoa da silikosia izatea gerora birikako minbizia garatzeko? Urteetan zehar, herrialde batzuek kristal-silizeak eragindako minbizia berariaz sailkatu dute gaixotasun profesionalen artean. Hori egin dute herrialde hauek;: Alemania, Brasil, Danimarka, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Kolonbia (modu generikoan, laneko minbiziekin) eta Monako.
Espainian, Batzordearen 2003ko irailaren 19ko Gomendioa (gaixotasun profesionalen Europako zerrendari buruzkoa) betez, azaroaren 10eko 1299/2006 Errege Dekretua onartu zen (Gizarte Segurantzaren sisteman gaixotasun profesionalen taula onartzen duena eta haiek jakinarazteko eta erregistratzeko irizpideak ezartzen dituena). Errege Dekretu horren 2. eranskinean sailkatu zen silizearen izaera kartzinogeno posiblea, laneko jatorria izan dezaketelako susmoa dagoen gaixotasunen zerrenda osagarri batean. Gaixotasun horiek 1. eranskinean sar zitezkeen (gaixotasun profesionalen taula) etorkizunean, garapen tekniko eta zientifikoaren arabera.
Iragan maiatzaren 5ean, 257/2018 Errege Dekretua onartu zen. Bertan, gaixotasun profesional gisa onartu da birikako minbizia langileak kristal-silizearen inhalazioaren esposiziopean egotea dakarten lanbideetan. 1. eranskinean, gaixotasun profesionalen taulan (kodifikazioa), 6. taldean, agente kartzinogenoek eragindako gaixotasun profesionalen taldean, alegia, zera txertatu da:
Errege Dekretu hau izapidetzeko prozesuan, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Batzorde Nazionalaren txostenak jaso dira. Gainera, entzunaldiaren jendaurreko informazioaren izapideak egin dira, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren webgunean argitaratuta, eta zuzeneko entzunaldia egin da eragile sozialekin.
