conducción nocturna
Itzuli

Gauez gidatzea: gauak ez gaitzala nahas

Neguko solstizioarekin, urteko egun laburrena bizi izan genuen; hortaz, baita gau luzeena ere.

Solstizioaren aurreko eta ondorengo hilabeteak dira argi-ordu gutxieneko urteko garaiak. Dakigunez, garai horiek udazkenaren amaierarekin eta neguaren hasierarekin bat egiten dute, eta eguraldi txarrena ere orduan izaten da.

Kontuan hartu behar dugu zirkulazioari buruzko informazioaren % 90 ikusmenaren bitartez jasotzen dugula: argi-sentsazioa, ikus-zolitasuna eta koloreak bereizteko gaitasuna. Hiru prozesu horiek nahasi egiten dira gauean. Ikusmenak eta garunak ahalegin handiagoa egin behar dute edozein egoeraren aurrean bizkor eta eraginkortasunez jarduteko.

RACEk argitaratutako Argiztapena eta bideko segurtasuna azterketak ondorioztatzen duenez, gidari batek behar dituen datuen % 90 ikusmenaren bitartez hautematen dira eta, gauez, begiek informazio-urritasun nabarmena jasaten dute. Egiaztatu zuten gidarien ikus-ahalmena % 20ra murrizten dela egunez gidatzearekin alderatuta, baita distantziak eta ikuseremuak hautemateko gaitasuna ere.

Azterketa horrek berak azpimarratzen duenez, zenbat eta adin handiagoa, orduan eta ezinbestekoagoa da ibilgailuan argiztapen-sistema ona izatea. Argiztapena segurtasun-sistema garrantzitsuenetako bat izanagatik ere, mantentze- eta kontrol-lanetan arreta gutxien jaso ohi duen multzoetako bat da beharbada.

Estatistikek agerian uzten dutenez, Espainian, biktimak eragiten dituzten istripu gehienak egunez gertatzen dira (% 70). Nabarmentzekoa da ilunabarra eta egunsentia bitartean izaten direla biktimak eragiten dituzten istripu gehienak, hildakoen % 40 eragiteraino. Nahiz eta zirkulazio-intentsitate txikieneko aldia izan.

Zein dira arrisku nagusiak?

Hauek dira gauez gidatzearen arrisku nagusietako batzuk: ikuspen falta, itsualdiak, nekea, logura eta beste inguruabar batzuk, hala nola aurreratzeak, hiri-bideetan gidatzea edo “errepideko hipnosi” deritzona. Juan Ignacio Serenak (DGT) azaltzen duen gisan, “arindu daitezke, praktikan erraz jartzeko moduko neurriak hartuz gero”.

IKUSPENA:

oso garrantzitsua da guk ikustea eta besteek gu ikustea. Ildo horretan, autoaren argi guztiek behar bezala funtzionatu behar dute, eta argietako eta haizetakoko kristalek garbi egon behar dute. Gainera, argien altuera berrikusi behar dugu, eta argiak lehenago piztu behar ditugu egunsentiko eta ilunabarreko orduetan.

Horren harira, gogoan izan behar da ibilgailuen fabrikatzaileak etengabe ari direla aurrerapen handiak egiten argiztapen-sistemetan. Ez soilik argi-motei dagokienez (xenon, LED edo laserra), zeinek ibilgailuaren aurretik argiztatutako metroak 600 metroraino luzatu baitituzte, baizik eta baita beste sistema batzuei dagokienez ere, hala nola hauek: pizte automatikoa, argi orientagarriak (argia bihurgunerantz orientatzen da), argi gehigarria biraketetan, argi luze automatikoa (aurreko ibilgailua detektatzen du eta helmen luzeko argiak kentzen ditu, ez itsutzeko), argi moldagarriak edo gaueko ikus-sistemak (infragorrien bidez, oztopoak, animaliak edo pertsonak detektatzen dituzte). Ikus dezakegunez, argiztapenaren eremuan oso aurrerapen handiak egin dira, bai kalitatean eta bai erosotasunean, marka guztiek ildo horretan egin duten ahalegin handiari esker.

Baina gauaren arazo espezifiko bat egotekotan, itsualdiak dira. Beste ibilgailu batzuekin gurutzatzean (batez ere, argiak ez badauzkate ondo erregulatuta edo ez badituzte helmen laburrera aldatzen), itsualdiak jasan ditzakegu, eta une batez ikusmena galdu.

La Salud Visual de los conductores españoles y su implicación en la seguridad vial (Espainiako gidarien ikusmen-osasuna eta haren eragina errepideko segurtasunean. 2019. Fesvial, Intras, Essilor eta Cepsa) azterlanaren arabera, “gidarien % 32,6k adierazten du oso edo nahiko maiz izaten duela beste ibilgailu baten argiek eragindako itsualdia”. Arazoa da itsualdia jasaten duen pertsonak 3 eta 5 segundo bitartean behar izaten dituela ikusmena berreskuratzeko, eta % 9k arazoak izaten dituztela guztiz berreskuratzeko, eta horrek istripu-arriskua eragiten duela. Izan ere, 50 km/h-ko abiaduran, 5 segundoan 70 metro egiten dira itsu-itsuan.

Kasu horretan, begirada eskuinera eta beherantz desbideratzea komeni da, seinaleztapen horizontala gidatzat erabiliz (bide-ertzeko lerroa, errepideak halakorik badu), baita abiadura murriztea ere. Ispiluen bidez itsutzen bagaituzte, buruaren posizioa alda dezakegu, edo ispiluaren behaketa-angelua aldatu, itsutzeen kontrako sistemaren bidez.

Horregatik, ezinbestekoa da argien altuera ondo erregulatua izatea eta argiak aldatzen adi ibiltzea (helmen luzetik laburrera) beste ibilgailu batzuekin gurutzatzen garenean, itsutzea saihesteko. Nabarmentzekoa da modelo modernoenek sistema automatikoak izaten dituztela jada, ez soilik argiak pizteko, baita argiak aldatzeko ere (ibilgailuen presentzia detektatzen dute distantzia jakin batera, eta argia helmen laburrera aldatzen dute, ez itsutzeko).

AURRERATZEA ETA IKUSPENA:

Gaueko beste maniobra konplexu bat aurreratzea da, argi gutxirekin zailagoa baita distantziak eta abiadurak hautematea. Horregatik, DGTk gomendatzen du aurreratutako ibilgailuak maniobra erraztu dezala, argi luzeak argi laburrekin aldatuz une egokian, eta aurreratzen ari den ibilgailuak, berriz, argi luzea konektatzea ikusten duenean ez duela aurreratua itsutuko.

Gainera, meteorologia-kondizio txarrak erantsiz gero, hala nola euria edo elurra, egoera zaildu egiten da, eta, horregatik, informatzea eta eguraldia aztertzea komeni da; ez soilik goazen tokikoa, baita bidaian pasako ditugun tokietakoa ere.

NEKEA ETA LOGURA:

Gidariak ahalik eta egoera onenean egon behar du gauez gidatu aurretik, atseden hartuta, unadura eta nekea saihesteko, halakoak maizago agertzen baitira. Bidaia hastean atseden hartuta egon arren, logura errazago agertzen da goizaldeko 3ak eta 5ak artean. Konponbide bakarra lo egitea eta atseden hartzea da. Gaua nekagarria da, ahalegin handiagoa eskatzen duelako. Horregatik, kilometro gutxiago egin ostean atseden hartzea komeni da (ordu eta erdiro; kondizio egokietan, berriz, bi orduan behin gelditzea gomendatzen da), eta nekea hautemanez gero, beti lehenago.

Kasu berezi bat “errepideko hipnosi” deritzona da. Ibilbideen monotoniaren (zuzengune luzeak eta oso trazadura leunak) eta gauez gertatzen den ikusmen-murrizketaren ondorioz gertatzen da. Horri aurre egiteko, begiak ikuseremuaren erdigunean jartzea saihestu behar dugu, eta aldian behin alboetara begiratu, baita bidaian behar adina atseden hartu ere.

Egin dezagun seguruago errepidea, egin dezagun seguruago gaua.

Lotutako berriak