Gidaria Larekin
Itzuli

Gazteak eta gidabaimena: zerbait aldatzen ari da

Egia al da gaur egungo gazteek ez dutela irrikarik 18 urterekin gidabaimena ateratzeko? Hala bada, noiz erabakitzen dute unea iritsi dela? Eta beste galdera bat: gauza bera gertatzen al da hirietan eta landa-eremuetan? Galdera horiei erantzunez egiaztatuko dugu belaunaldi berrietan zerbait aldatu dela. 

Pilar Funez Valentziako Trafikoko probintzia-buruaren iritziz, “gidabaimena ateratzen duten herritarren kopurua ez da nabarmen aldatu azken 10 urteetan eta, egia esan, ez dago gazte gutxiago ere. Gertatzen dena da ez direla hain gazteak gidabaimena ateratzen dutenean, premia gutxiago dutelako”. 

Ana Luz Jimenez Sevillako Trafikoko probintzia-buruaren esanetan, lehen oso ohikoa zen 18 urte bete baino lehen azterketa teorikora aurkezteko eskaerak jasotzea, baina “gaur egun, eskaera aurreratuen kopurua oso txikia da”.  

Esther Marti Bizkaiko Trafikoko probintzia-buruaren ustez, “argi dago gazteenen artean txikitu egin dela gidabaimenarekiko interesa“. Eta probintzia horretako zifrek hori adierazten dute: 2008an, 14.750 baimen eman zitzaizkien gidari berriei; 2020an, berriz, 8.352. 

Ikusi dugunez, eta Adrià Puigpelat Bartzelonako Trafikoko probintzia-buruak adierazi duenez, egitate objektiboa eta kuantifikagarria da egungo gazteek (hirietan bizi direnek behintzat) ez dutela lehen adinako interesa gidabaimenarekiko, lehentasuna izateari utzi diola, eta gehienek nahiago dutela azken belaunaldiko mugikor bat izan gidabaimenean inbertitu baino. 

INFLEXIO-PUNTUA. Rebeca Cordero Madrilgo Unibertsitate Europarreko Soziologiako irakasle titularraren arabera, gidabaimenarekiko inflexio-puntua gazteek lan-munduan sartzea eta independizatzea edo familia bat osatzea erabakitzen dutenean gertatzen da: “Une horretan erantzukizunak hartzen dituzte, bizimodua zaildu egiten zaie, familia-baliabiderik ez dute jada eskura, eta auto bat izateko premia ikusten dute, ematen duen autonomiagatik”. 

Enrique Lorca EJSNko presidentearen iritziz, “gidabaimenak ezinbestekoa izaten jarraitzen du lan eta oposizio askotarako; enplegua aurkitzeko aukerak eta aisialdirako aukerak zabaltzen ditu”. Burgosko Trafikoko arduradunak gaineratu duenez, “azterketa teorikorako geletan 18 urteko gero eta neska-mutil gutxiago daude, eta 22 edo 23 urteko gero eta gehiago. Unibertsitate-ikasketak amaitutakoan joaten dira gehienak azterketa teorikoa egitera, lana aurkitzeko, onartzen baitute komeni dela curriculumean ‘mugikortasun geografikoa’ dutela agertzea, eta hori gidabaimenak ematen duela”.  

Zeintzuk dira inflexio-puntu berri honen arrazoiak? 

Rebeca Cordero irakasleak azaldu duenez, lehen 18 urterekin gidabaimena izatea askatasunaren adierazle zen, helduen mundura irekitako ate bat. Gainera, gizarte-errekonozimendua ematen zuen. Orain, gizarte-errekonozimendu hori gehiago lortzen da sare sozialen bidez, eta askatasuna lehenago eskuratzen da. 

Baina ez da arrazoi bakarra: hirietara iristen ari diren garraiobide berriak izan daitezke beste arrazoietako bat. Horrela ulertzen du DGTk ere: gaur egun desplazatzeko modu gehiago dago, eta horrek lagundu du mugitu ahal izateko baimena ezinbestekoa ez izaten, bereziki hiri handietan. Gainera, aukera horiek balioetsi egin dira automobilaren aurrean. 

Landa-eremuetan ez da horrela: logikoa den bezala, ibilgailu partikularraren ordezko garraiobideak ez dira hain ohikoak, garraio publikoa ez da hain irisgarria eta, horregatik, gidabaimena beharrezkoagoa da hango gazteentzat. Eremu horietan, handiagoa da gidabaimenarekiko interesa, eta gazteagotatik gainera, ziklomotorrak gidatzeko eskaera erlatibo handiagoak erakusten duenez. 

Lotutako berriak