ekfb
Itzuli

Gimnasia

Dotoretasunaz, abileziaz eta emozioez

Duela gutxi egin da Euskalgym gimnasia gala sonatua. Europa mailan garrantzitsuenetako bat da, eta Euskal Federazioak ahalegin handia egiten du urterik urte gero eta zale gehiago –praktikatzeko zein hura jarraitzeko– dituen kirol diziplina hau erakutsi eta hedatzeko. Atal honetan, Euskal Kirol Federazioen Batasunetik indarra, malgutasuna, dotoretasuna eta zalutasuna eskatzen duten ariketa fisikoak dituen modalitate honen onurak azaldu nahi ditugu. Printzipioz, nabarmendu dezakegu gimnasiak erreakzionatzeko abiadura azkartzen duela, espazioko orientazioa hobetzen duela, malgutasuna handitzen duela, gihar multzoak indartzen dituela, gehiegizko pisuari aurre egiten laguntzen duela, odolaren zirkulazioa eta toxinen drainatzea hobetzen duela, jarrera txarrak zuzentzen laguntzen duela, musikarako belarria eta erritmorako, harmoniarako eta estetikarako sena garatzen duela, emozioak adierazten laguntzen duela eta memoria lantzeko/trebatzeko balio duela. Oro har, kirol honetan gazte hasten da, nahiz eta adin guztietan jasotzen diren kirol hau egitearen onurak; izan ere, lerro hauetan azpimarratzen dugun moduan, gihar guztien malgutasuna areagotzen du, eta lagundu egiten du egoera fisikoa nabarmen hobetzen. Gimnasia egiten dutenek gogorarazten dute zaluagoak direla, kiloak galtzen dituztela eta malguagoak direla. Hori bai, gimnasia erritmikoa eta artistikoa kirol gogorrak dira, eta dedikazio handia eskatzen dute. Baina ekinez gero, ezin utzi. Horrez gainera, gimnasia erritmikoak musikaren bidez erlaxatzen laguntzen du, eta, abesti bakoitzaren erritmoari jarraitu behar zaionez, koordinazioa ere areagotzen du.

Trebetasuna, dotorezia eta akrobazia, horra hor gimnasia erritmikoak lantzen dituen beste ezaugarri batzuk. Espezialitate hau lantzerakoan, kontuan izan behar da gero eta neska-mutil gehiago erakartzen dituen kirol honetan, garatzen laguntzen duten beste hainbat abilezia aipagarri daudela: malgutasuna, indarra, elastikotasuna eta koordinazioa. Trebetasun horiek garatzen joaten dira, era progresiboan, entrenatzen den heinean. Hori dela-eta, gimnasiaren onurak aztertzen hasitakoan, gaitasun horiek lagundu egiten dute trebetasunak egiaztatzen.

Gimnasia artistikoa, bestalde, kirol olinpikoa da, gizonezkoek eta emakumezkoek aparteko kategorietan egiten dutena. Hainbat aparatu eta modalitatetan jarduerak egitean datza. Lehiaketetan, epaileek kalifikatzen dituzte kirolari bakoitzaren jarduerak. Izan ere, makina bakoitzak eta ariketa bakoitzak, generoaren arabera, klasifikazio bat izaten du. Gimnasia artistikoan jarduteko ezinbestekoa da aparatu desberdinak kontrolatzea eta ezagutzea. Besteak beste, zorua, oreka barra, jauzi-zaldia eta barra asimetrikoak, barra finkoa, barra paraleloak, zaldi arkuduna eta eraztunak, eta orobat zoruko ariketak. Ez dira nahastu behar gimnasia artistikoa eta gimnasia erritmikoa. Azken hori gehiago da estetikari eta musikari lotutako diziplina bat, lehenxeago aipatu dugun moduan. Lerro hauen bitartez bai gimnasia erritmikoa bai artistikoa egitea gomendatzen dizuegu, beti era progresiboan, eta nork bere mugak eta helburuak gogoan dituela. Mantentze-ariketak egin daitezke; izan ere, elastikotasun eta malgutasun handiagoa eskatzen duten ariketak egiteko gai diziplina honetan denbora gehien daramatenak izango dira soilik. Euskal Federazioak antzeman du gero eta gazte gehiago aritzen direla diziplina honetan, eta guztiek erakuts ditzakete euren trebetasunak antolatutako lehiaketetan.

Lotutako berriak