Itzuli

Gimnastika Malgutasuna eta koordinazioa

Orain dela gutxi Euskal Kirol Federazioen Batasunetik ezagutzera eman bezala, euskal gimnasta gazteek emaitza oso onak lortu berri dituzte Eskola Adineko Espainiako Txapelketan. Horren erakusle, Euskal Federazioko taldeak hirugarren postua lortu du sailkapen nagusian. Hori horrela, gure kirolariek aurrez aurre etorkizun oparoa dutela esan daiteke. Gaurkoan, baina, gimnastikak dituen onurak azpimarratu nahi ditugu lerrootatik, kirol modalitate bakarrean tranpolina eta gimnastika akrobatikoa, aerobikoa eta erritmikoa bezalako modalitateak uztartzen baititu. Gimnastika indarra, malgutasuna, dotoretasuna eta arintasuna eskatzen duten ariketa fisiko sekuentzietan oinarritutako kirola da. Alde batetik, gimnastika akrobatikoa dago, hainbat modalitatetan egiten den diziplina: gizonezkoen bikoteak, emakumezkoen bikoteak, bikote mistoak, emakumezkoen hirukoteak eta gizonezkoen laukoteak. Gimnastika akrobatikoan, taldeko adierazpen gimnastikoak egiten dira gorputza eragile motor gisa erabiliz. Lehen kirol aerobika bezala ezagutzen zen gimnastika aerobikoa, berriz, 90 segundoko errutina baten errepikapenean oinarritutako diziplina da. Errutina horretan aerobik tradizionaletik eratorritako intentsitate altuko mugimenduak eta zailtasunezko hainbat elementu uztartzen dira. Mugimendu jarraituetan oinarritutako errutinotan, kirolariak indarra, malgutasuna eta zailtasuneko elementuak modu perfektuan egiteko gaitasuna izatea frogatu behar du. Gimnastika artistikoa eta erritmikoa aparatuekin zein gabe egiten dira, araututako neurriak dituen azalera baten gainean. Azkenik, tranpolina hainbat aparatu elastikotan ariketa serie bat egitean oinarritzen da, betiere akrobaziak izanik protagonista nagusi. Haurrak oso gaztetatik hasten dira gimnastika egiten, bereziki erritmikoa. Hori bai, onurak adin guztietan lortzen dira, kirol honek bai muskuluen elastikotasuna bai egoera fisikoa bera hobetzen baititu. Gorputzeko muskulu talde guztiak indartzeaz gain, arintasuna, malgutasuna eta elastikotasuna hobetzen ditu gimnastikak. Gainera, lateralitatea, oreka eta mugimenduen koordinazioa garatzen ditu, orientazio espaziala hobetuz. Erreakzio abiadura, odol-zirkulazioa eta likido eta toxinen drainatzea ere hobetzen ditu, gehiegizko pisua ez izaten laguntzeaz gain. Gorputz-jarrera desegokiak eta sortzetiko nahasmenduak zuzentzen ere laguntzen du gimnastikak, iraupen laburreko zein luzeko oroimena landuz eta harmoniaren eta estetikaren zentzua garatuz. Emozioak adierazten ere laguntzen du.

Atletismoarekin,borrokarekin eta pisuak altxatzearekin batera ( halterofilia), gimnastika artistikoa kirol modernoaren aitzindaria dela esan ohi da. Gainera, adin tarte oso zabaletan ikas eta egin daiteke. Gimnastika artistikoan, zoruko ariketak egiteaz gain, emakumezkoek oreka barra, jauzi-zaldia eta barra asimetrikoak erabiltzen dituzte. Gizonek, berriz, zoruko ariketak egiteaz gain, eraztunak, barra finkoa, jauzi-zaldia eta barra paraleloak erabiltzen dituzte. Zehaztasun eta kontzentrazio handia eskatzen duen kirola da, horregatik, orekarekin lotutako koordinazio gaitasuna oso garrantzitsua da. Gainera, gorputza beste diziplina batzuetan baino elastikotasun askoz gehiagorekin mugitzen da, malgutasuna eta koordinazioa sustatuz. Horrenbestez, gimnastika etxeko txikienak kirolean hasteko oso jarduera gomendagarria dela esan daiteke, dituzten gaitasunak hobetzeko oso lagungarria baita. Eta ez bakarrik haurrentzat!

EKFB

Lotutako berriak