Itzuli

Gizarte-laguntzako prestazio berri bat istripua izan duten langile autonomoentzat

Mutualiaren Prestazio Berezien Batzordeak zenbait laguntza ekonomiko eta/edo gizarte-zerbitzu eman diezazkieke Mutualiarekin lan-istripu edo laneko gaixotasuna estalita duten langile autonomoei.

Duela gutxi, kolektibo horrentzako laguntza espezifiko berri bat onartu da. Laguntza horren bitartez, kontingentzia profesionalengatik baja medikoan (lan-istripua edo lanbide-gaixotasuna) dauden langile autonomoen familia-unitatearen beharrizan ekonomiko bereziei erantzun nahi zaie, halako egoeretan denboraldi batez martxan egongo ez den negozio baten gastuei aurre egin behar izaten baitiete edo jarduerari eusteko handitu ere egin behar izaten baitituzte gastuok, eta bi egoera horiek arriskutsuak gerta daitezke negozioaren bideragarritasunari eta jarraitutasunari begira, diru-sarrera faltaren eta gastuak handitzearen ondorioz.

Zer baldintza bete behar dira prestazioa eskuratzeko??

  • Kontingentzia profesionalen estaldura Mutualiarekin kontratatua izatea.
  • Baja medikoan egotea, lan-istripuagatik edo lanbide-gaixotasunagatik, eta Mutualiak aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa aitortua izatea.

 

  • Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea, baja medikoak irauten duen denbora osoan.
  • Gizarte Segurantzako autonomoen kuotak ordainduta izatea.

 

Zer zenbateko onartu daiteke?:

Prestazio Berezien Batzordeak zehaztuko du, lan-istripuaren edo lanbide-gaixotasunaren ondoriozko baja medikoak berekin ekarri dituen diru-sarreren murrizketa edo gastuen handitze egiaztatuak aintzat hartuta.

Zer iraupen du laguntza honek?:

Prestazio Berezien Batzordeak, behin egoera eta eskuratutako dokumentazio ekonomikoa aztertuta, erabakiko du zer denboraldiz dagoen negozioari eusteko laguntzaren beharra. Onartutako zenbatekoa hilero ordainduko da.

Nola izapidetzen da?:

www.mutualia.eus webgunean eskura dagoen eskabidea aurkeztu behar da Prestazio Ekonomikoen Sailean, beharrizan-egoera egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazioarekin batera (adibidez, istripua edo gaixotasuna izan baino lehenagoko fakturazioa eta gaur egungo fakturazioa, ordezko langile bat kontratatzeagatiko gastuak, itxita dagoen negozioaren lokalaren gastuak, eta abar).

Prestazio Berezien Batzordeak aztertu eta ebatziko ditu kasuak, banan-banan, hiru hilean behin bilduta.

 

Gogoan hartu behar da, gainera, langile autonomo horiek badutela beste gizarte-prestazio batzuetarako eskubidea ere; baldintza ekonomiko batzuk betetzen badituzte, honelako beharrizanei, adibidez, erantzun ahal zaie:

  • Laguntzailearen gastuak, istripua izan duen langilearen osasun-laguntzagatik edo ospitaleratzeagatik.
  • Langile ezgaituaren prestakuntza edo lanbide-berregokitzapena.
  • Istripu edo gaixotasunagatik iraupen luzeko bajan (6 hilabetetik gora) dagoen pertsonaren edo ezintasun iraunkorra aitortua zaien pentsiodunen seme-alaben edo haren mendeko beste senideen ikasketak.
  • Etxeko laguntza, ospitalean alta hartutakoan.
  • Ibilgailu eta altzari bereziak (gurpildun aulki elektrikoa, norberaren automobilaren eta osagarrien egokitzapena, ohe artikulatua…).
  • Etxebizitza egokitzea (sukaldea, komuna, sarbideak, garajea, eskailerak igotzeko aulkia…).
  • Protesi bereziak (mikroelektrikoak, estetikoak, kirol-protesiak eta abar).
  • Heriotza kasuetarako laguntzak: heriotzagatiko laguntza, senideentzako tratamendu psikologikoa, eta abar.

Laguntza horiek guztiak gure gizarte-laguntzako prestazioen katalogoan jasorik daude; katalogoa, gainera, zabalduz doa gure mutuari atxikitako kolektiboak aurkezten dituen beharrizan berrien arabera.

Informazio hau kontsultatu eta zabaltzeko, www.mutualia.eus, gure web orriko Autonomoentzako Gizarte Laguntzako Estaldurak atalera jo dezakezu, baita zure kudeatzailearengana zuzenean edo prestazio ekonomikoen sailera ere.
Mutualiaren prestazio berri hau 2016 osorako atzerako eraginekin onartu da. Horrenbestez, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera kontingentzia profesionalengatik baja-prozesuak izan dituzten eta azaldutako baldintzak betetzen dituzten pertsonak izan daitezke onuradunak.

Hurrengo egunetan aholkularitza-enpresa kolaboratzaileekin harremanetan jarriko gara, 2016/01/01etik istripu bajak izan dituzten autonomoen eskaerak egiteko prozeduraz informatzeko.

Lotutako berriak