Bases y tipos de cotización en 2023 a la Seguridad Social
Itzuli

Gizarte Segurantzari buruzko berriak 2024rako

Kotizazio-oinarriak

Urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean 2/2023 Errege Lege Dekretuan jasotako beste neurrietako bat, araubide desberdinen kotizazio-oinarrien gehieneko mugaren urteko eguneratzea, dagokion Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen arabera (EAOL).

Pentsio kontributiboen balioa handitzeko ezarritako ehuneko berean egingo da, eta 1,2 ehuneko-puntuko urteko gehikuntza gehituko zaio, Gizarte Segurantzaren baliabideak areagotzeko.


Belaunaldiarteko Ekitaterako Mekanismoa (BEM)

2023an jarri zen martxan Belaunaldiarteko Ekitaterako Mekanismoa (BEM), Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsari baliabide gehiago emateko, baina 2024an areagotu egin da (EAOLrekin ere badu lotura); 0,70 ehuneko-puntu areagotuko da, zeinetatik 0,58 enpresari egokituko baitzaizkio eta 0,12 langileari.


Praktikaldiaren kotizazioa

Prestakuntza-programen barruan kanpoko prestakuntza-praktikak edo praktika akademikoak (ordainduak edo ordaindu gabeak) egiten dituzten unibertsitateko eta lanbide-heziketako ikasle guztiek Gizarte Segurantzan kotizatuko dute 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta babes handiagoa izango dute. Orain arte, praktika ordainduak egiten zituzten ikasleak altan emateko betebeharra bakarrik zegoen.


Genero-arrakala

Genero-arrakalagatiko osagarriaren zenbatekoak 2024-2025 biurtekorako aurreikusitako balio-handitzearen ehuneko 10eko gehikuntza gehigarri bat izango du; bi ekitaldien artean banatuko da, estatuko aurrekontu orokorren legeek zehazten dutenaren arabera.


Pentsioak

Pentsio kontributiboen zenbatekoa % 3,8 handituko da 2024an. 2024an egingo den % 3,8ko gehikuntza hori 2022ko abendua eta 2023ko azaroa bitarteko batez besteko kontsumoko prezioen indizearen (KPI) emaitza da, pentsioen erosahalmena bermatzeko 20/2021 Legean ezarritako eta hizketakide sozialekin adostutako formularen arabera.


Gutxieneko pentsioen kasuan, urtarrilaren 1etik aurrera, igoera mailakatua gutxieneko soldataren bilakaeran ezarriko da; konbergentzia-bide bat izango du, pentsio horiek (ezkontide bat kargura dutenen gutxieneko pentsioa hartuta erreferentzia gisa) KPIari lotutako urteko balio-igotzeari dagokion ehuneko gehigarri batekin igo daitezen, bi helduko etxebizitza bateko batez besteko errentaren % 60rekin parekatu arte.


Pentsio ez-kontributiboei dagokienez, antzeko prozesu bat ezarri da; gora egingo dute, aurten bertan pertsona bakarreko etxebizitza baterako kalkulatutako pobrezia-atalasearen % 75ekin berdindu arte. 2024ko urtarrilaren 1ean, erreferentziazko zenbatekoak gora egingo du dagoen arrakala ehuneko 20 murrizteko behar den zenbatekoan.


Erretiroa hartzeko adina

2024an, erretiroa hartzeko legezko adina 66 urte eta 6 hilabete izango da 38 urtetik beherako kotizazio-karreretarako, eta 65 urte izaten jarraituko du 38 urte edo gehiago kotizatu dituztenentzat, 27/2011 Legea betez.


Erretiro partziala

Erretiro partziala hartu ahal izateko adina ere aldatu da, kotizatutako urteen arabera. 2024an, 62 urte eta 6 hilabete izango da 36 urtez edo gehiagoz kotizatu duten pertsonentzat, eta 64 urte, erretiro partziala eragiten den unean 33 urtez kotizatu dutenentzat.

Lotutako berriak