Itzuli

Gorka Moreno, Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioa

Joan den martxoaren 17an, osteguna, Mutualiak «Droga-menpekotasunak lan-munduan» izeneko mintegi teknikoa aurkeztu zuen Pakea klinikan, eta Gorka Moreno Arnedillok «Adikzioak: zer dira, zergatik gertatzen dira, nola tratatu adikzioa duen pertsona bat» izeneko hitzaldia eman zuen.

Gorka Psikologian lizentziatua da, eta gaur egun Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioaren zuzendari alboko gisa dihardu lanean. Hain justu, 1997an hasi zen erakunde honetan, nerabeekin esku-hartze programa bat abian ipintzeko egitasmoarekin. Ondoren, gizarte-gatazkak bizi dituzten gazteekin hamar urte eman ostean, Nafarroako Gizakia Helburu erakundera bueltatu zen 2009an, erakundearekin eta zuzendaritzarekin lotutako lanetara.

 

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, laneko istripuen % 15 eta 33 artean daude lotuta droga-kontsumoarekin. Zer iruditzen zaizu?

Enpresak gizartearen isla dira. Kalean % 1 edo 2 inguruk baldin badituzte droga-arazoak, probabilitate kontuak direla eta, ez litzateke batere arraroa izango erakunderen batean tankera horretako arazoak dituzten langile kopuru jakin bat edukitzea. Hainbat ikerketak erakusten dutenez, arazo honek lan-absentismoa areagotu egiten du, baita bajak, kostuak eta tankerakoak ere.

Istripuak izateko arriskua ugaritzeaz gain, lan-giroa ere zapuztu egiten da; izan ere, hainbat langilek baliteke esfortzu handiagoa egin behar izatea edo arrisku handiagoa edukitzea lantokian, droga-mendetasuna duen pertsonak produktibitate txikiagoa duelako.

Nola egiten diote aurre enpresek kasu horiei?

Normalean ezkutatu egiten dira tankera honetako kasuak enpresetan. Akatsa da hori, egoerak okerrera egingo baitu. Oso erakunde gutxitako zuzendariek ekiten diote diziplina-prozedura bati tankera honetako kasuak agertzen direnean; oro har, mendetasuna duenari laguntzeko borondatea izaten dute. Arazoa zera izaten da, batzuetan sentimendu paternalista agertzen dela: lagundu nahi bai, baina nola jakin gabe eta kanpoko laguntza eskatu gabe. Eta horrek arazoa handitu egin dezake. Tankera honetako egoerak arinago konpontzeko helburuarekin, komeni da zuzendaritzak eta langileek elkarrekin adostutako ekintza-plan bat edukitzea, tratamendu-programak eskura ipinita.

Zer egin behar da prebenitzeko?

Kontua ez da droga-menpekotasunak saihestea, droga-kontsumoa saihestea baizik. Drogaren batekin arazoak izateak ez du zertan esan nahi droga-menpekotasuna daukagunik; droga-abusua hainbat testuingurutan oso arriskutsua izan liteke. Inguru horietako bat lan-mundua da; ez da gauza bera lanaren ostean garagardo bat hartzea, edota aldamio batera igo aurretik hartzea. Prebentzioak sentsibilizazio-lana egin behar du: laneko ordutegian arriskua sor dezaketen drogak behar ez bezala erabiltzea ekiditeko. Gaur egun, lantokian drogak eskura ez izateko ere lan egiten da; esate baterako, edari-makinetan alkoholdun edariak ez saltzea.

Nola egiten du lan Gizakia Helburuk kasu horietan?

Enpresak animatzen eta aholkatzen ditugu barne-hitzarmenak ezar ditzaten inplikatutako eragile guztiekin, hala nola zuzendaritzarekin edota giza baliabideetako, zerbitzu medikoetako, laneko arriskuen prebentzioko eta langileen ordezkaritzako kideekin. Beti hiru irizpide nagusi hartuko dira ardatz gisa: inplikatutako pertsonen konfidentzialtasuna, tratamendua nork bere borondatez hartzea eta lanpostua gordetzeko bermeak edukitzea. Finean, droga-menpekotasuna beste osasun-arazo bat izango balitz bezala hartu behar da kontuan. Hortik aurrera, enpresek laguntzak eman ditzakete tratamendua eskuratzeko eta harekin jarraitzeko, eta menpekotasuna duten pertsonek konpromisoa har dezakete tratamendu horiek modu egokian jarraitzeko. Emaitza onuragarria da alde guztientzat. Gure kasuan, gainera, lankidetza ezarrita daukagu enpresekin menpekotasuna daukaten langileok tratamenduari berehala eta modu intentsiboan heltzeko, bi modalitatetako edozeinetan: anbulatorioa eta egoiliarra.

Gizakia Helburuk erakunde bakar gisa funtzionatzen du Estatu osoan?

Probintzia gehienek beren zentroak dauzkate, erakunde independenteek sustatuta; haietatik gehienak Estatuko Proyecto Hombre Elkarteko kide dira.  Gipuzkoan, Izan Fundazioak sustatzen du Gizakia Helburu. Erakunde horrek errekonozimendu handia du, eta 30 urte baino gehiago daramatza Gipuzkoan droga-menpekotasuna daukaten pertsonen alde lanean.

Lotutako berriak