
Indar maximoaren garapena
Gaur, Euskal Kirol Federazioen Batasunari eskainitako atalean, minoritarioa baina beti erakargarria den kirol bati buruz jardungo gara: halterofiliari buruz. Gainera, euskal ordezkariek emaitza onak lortu ohi dituzte espezialitate horretan. Esaterako, orain dela gutxi, Kirol Kontseilu Gorenaren Madrilgo pabilioi nagusian. Hain zuzen, han egin zen 17 urtez azpiko Espainiako XVI. Halterofilia Txapelketa, eta Euskadik parte hartu zuen. Guztira, ia ehun parte-hartzaile izan ziren gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan. Euskal ordezkariek oso emaitza onak eskuratu zituzten; Urbi klubeko Bruno Sotok urrea erdietsi zuen 94 kiloko kategorian, 181 kiloko guztizko olinpikoarekin. Danok Danena klubeko Jon Kepa Kortajarenak brontzea eskuratu zuen 50 kiloko kategorian (122 kiloko guztizko olinpikoa); eta Indarra klubeko Álvaro Jiménezek ere brontzea erdietsi zuen 85 kiloko kategorian (188 kiloko guztizko olinpikoa).
Azpimarratzekoa da, halaber, halterofilia edozein adinetako pertsonek praktikatu dezaketela. Neska-mutikoak ez dira ibiltzen pisu handiekin; izan ere, altxatze-teknika ikasten ez ezik, jarrera-akatsak zuzentzen, mugimenduen koordinazioa hobetzen eta errendimendu kognitiboa lantzen jarduten dira adin horretan. Halterofilian unitate motorrak estimulatzen da, indar maximoa garatzeko. Beraz, zenbat eta unitate motor gehiago landu, orduan eta indar handiagoa garatzen da. Hainbat kiroletan erabiltzen da entrenamendu mota hori, ondoren, garatutako indar maximoa kirol modalitate bakoitzak berea duen indar esplosibora transferitzeko. Ariketa anaerobikoek sortzen duten estresak denbora-tarte bat irauten du organismoan, eta, horren ondorioz, aerobiari eragiten dioten aldaketak sorrarazten ditu, eta, halaber, onurak sortzen ditu sistema kardiobaskularrean. Halterofilia kirol poliartikular oso dinamikoa da; izan ere, muskulu batek edo gehiagok parte har dezakete ekintza bakoitzean, eta egindako lana modu integral batean banatzen da.
Ondo lan egiteko, zelulek energia kontsumitu behar dute, eta, hori egiten dutenean, organismoak erreserbako gantz-azidoetara jotzen du. Hori dela eta, entrenamendu gogorren ostean izaten den energia-gastua beste ariketa batzuekin izaten dena baino handiagoa da; egoera horrek gantza galtzen eta muskulu-masa handitzen laguntzen du, testosterona eta halako hormonak funtzionatzen hasten baitira. Kirol honek, era berean, muskulu-uzkurdura isotonikoa eta isometrikoa hobetzen laguntzen du. Indar-kirolek estresa sorrarazten dute hezurretan, eta, hori dela eta, hezurren dentsitatea handitzen da eta zenbait gaixotasun prebenitzen dira, hala nola osteoporosia. Hezurren birsorkuntzak erantzun bat sortzen du, non odol-hodiek eta zelulek parte hartzen duten. Halterofiliaren gakoetako bat pisua galtzearekin lotuta dago; izan ere, energia-gastua handitu egiten da entrenamenduetan. Gainera, geldirik egon arren, organismoak kaloriak erretzen jarraitzen du.
Zenbait pertsonak uste du halterofilia praktikatzeak kirol-lesio bat izateko arriskua handitzen duela. Hala ere, uste horri buruzko azterlanak eta ikerketak egiten dira, eta eskuratutako emaitzek kontrakoa diote: halterofilian egiten diren mugimenduak seguruak dira, eta kirol horretan gertatzen diren lesioak karga-lana erabiltzen den beste kirol batzuetakoak baino arinagoak izan ohi dira. «Halterak» jasotzeak, esan dugun bezala, muskulu asko lantzea dakar, eta, era berean, entrenamendu jarraitu bat egitea; eta, horren ondorioz, muskulu-masa handitu egiten da eta bihotz-maiztasuna gutxitzen da atsedenean gaudenean, bai eta tentsio arteriala ere. Kirol hau maiz praktikatzeak bihotzeko bentrikuluen paretak lodiarazten ditu, eta, ondorioz, gure gorputzeko muskulu garrantzitsu hori tonu eta osasun onean izatea lortzen da.

